partekatu
• Gernikaren 41. urteurrena
Idoia Mendiak Gernikako Estatutuaren “erreminta kutxa” defendatu du Euskadi aurrera ateratzeko
PSE-EEk 41. urteurrena ospatu du Batzarretxean Covid-19arengatik ekitaldi murriztu batekin, lehendakariordearen, sailburuen eta lurraldeetako buruen parte-hartze sinbolikoarekin
PSE-EEko idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, Gernikako Estatutua den “erreminta kutxa” defendatu du Covid-19aren pandemiak eragin duen osasun egoera, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, eta azpimarratu du sozialistek erantzuna emango dietela oraingoa bezalako egoera ez-ziur batean ziurtasunak nahi dituzten herritarrei. Eta esan du “lankidetzan arituz, erantzukizunak partekatuz, ahaleginak batuz” egin ahalko diogula aurre erronka honi. Eta "osasun larrialdiaren gobernantza partekatua ulertzeko dugun gaitasuna” herritarren zerbitzura jartzearen alde azaldu da.
#Estatutua da #Euskadi–ri #COVID19-ak sortu duen egoeratik irteten lagunduko dion erreminta kutxa.
Gaur, onartu zela 41 urte betetzen diren honetan, Euskal Sozialistek haren indarraldia aldarrikatu nahi izan dugu #Gernika-n. pic.twitter.com/OR16JVTYp1
— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) October 25, 2020
“Estatutuak erreminta kutxa bat eskaintzen digu, hortik irteten dira osasun eta hezkuntzako gure zerbitzu publikoak, gizarte-babeserako gure sarea, ekonomia eta enplegua sustatzeko gure ekimenak. Eta gure erronka da erreminta horiek erabiltzen jakitea, horiekin aterako dugulako Euskadi aurrera”, azaldu du PSE-EEk Estatutuaren 41. urteurrena gogoratzeko antolatu duen ekitaldian.
Koronabirusaren epidemiak ekitaldian gonbidatuak murrizteko erabakia hartzera bultzatu du Euskal Sozialistak. Gernikako Batzarretxeko atariko aforoa 50 pertsona ingururekin betetzea aurreikusita bazegoen ere, jada nahiko kopuru mugatua Covid-19arengatik, azkenean honako hauek baino ez dute parte hartu ekitaldian: Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu dena, bere kabineteko Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeek lagunduta; hiru lurraldeetako idazkariak, hots, Cristina González, Eneko Andueza eta Mikel Torres, eta PSE-EEko Antolamenduko idazkariak, Miguel Ángel Morales.
Sozialisten iritziz, Euskal Exekutiboaren eta PSE-EEko zuzendaritzako ordezkaritza murriztu eta sinboliko horrek hobeto erantzuten zion Euskadin beste gizarte-eremu batzuetan bizi den egoerari, ez zuelarik inondik inora murrizten urriaren 25eko data oroitarazteko eta duela 41 urte Estatutua onartu izanaren helburua. Alderdi Sozialistak ekintza zuzenean eskaini du sare sozialen bidez, eta irudiak satelite bidez ere zabaldu dira, interesa zuten pertsona guztiek Mikel Torres eta Idoia Mendiaren hitzei jarrai ziezaieten bermatzeko.
Buruzagi sozialistak Estatutua izan du hizpide, esanez “herritarrentzat segurtasun sarea eta sektarismo eta populismoetatik urruntzeko osasun lokarria” dela, eta ohartarazi du Estatutua beste akordio berri batekin ordezteko edozein ahalegin aniztasunean eta legaltasunean oinarritu beharko dela, eta esan du ezin direla arriskuan jarri osasuna babestea, hezkuntza, gizarte-kohesioa, aurrerapen ekonomikoa eta enplegua berreskuratzea.
Ezker abertzalearen eta PPren jarrerak ere gogorarazi ditu. “Badira egoera honen aurrean konponbidetzat euskal errepublika bat dutenak. Baina ez dago gaixoak sendatu eta kutsapenak geraraziko dituen mugarik. Badira, aitzitik, beste batzuk, Estatutuaren pina paparrean eramanagatik gero bertan jasota dagoena bete ez dadin ekimenak aurkezten dituztenak. Muturrak elkar elikatzen dira, beste behin. Batak zein besteak, ez dute sinesten Estatutu honetan, horietako inor ez zelako egon 79ko itunean, eta hori oraindik ez dute ulertu", adierazi du.
Horrez gainera, gogoratu du sozialisten Espainiako Gobernuaren lidergoa berme bat dela “autogobernua eduki sozialez betetzen joateko”, eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren gisako adibidea jarri du. “Pedro Sánchez presidenteak sinesten duelako Espainia plural eta lankidetzazko honetan, gobernuak elkar mokoka ibili ordez partekatzen duten honetan. Gobernantza partekatuak inoiz baino gehiago sinetsirik dagoen presidente bat. Zuhaitz honetxen azpian, orain dela lau urte, hitz eman zuen Pedro Sánchezek euskal autogobernua indartuko zuela. Eta presidentetzara heldu zenean, Euskadiko Gobernuarekin sinatu zuen konpromiso hori, egutegi tasatu baten bidez burutzeke zeuden transferentzia eta gaiak betetzeko”, esan du.
Idoia Mendiak autogobernuan sozialistek ordezkatzen duten aliantza eta konbikzio ehuna azpimarratu du, erakunde-maila guztietako gobernuetan baitira, eta harro azaldu da Alderdi Sozialista beti egon delako “Euskadiri gertatu zaion gauza garrantzitsu orotan”. Eta euskal herritar guztiei zuzendu da, itxaropen mezu bat helarazteko etorkizuneko Euskadi “moderno, kohesionatu, berdinzale eta biziki plural” baterako.