partekatu
Mikel Torres: “Geure amorrua eta geure mina gorde genuen, baina sekula ez ginen ezkutatu, ezinbestekoak izan ginen eta gara Euskadiren garapenerako”
“Ez gara alderdi haize-orratz bat, herritarrekin dugu guk erantzukizuna eta konpromisoa, hori da gure izateko arrazoia”, adierazi du Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak Portugalete Herriko Etxeko biktimen oroimenezko ekitaldian
“Beti egon izan gara engaiatuta euskararen defentsa eta sustapenarekin, ukaezina da hori, baina orain EAJk nahi duena onartezina da. EH Bilduren arrastoari jarraituz, euskararen ezagutza-mailak handitu nahi ditu”, adierazi du Lehendakariordeak
Mari Jose Blanco: “Oroitzapenak baino zerbait gehiago utzi beharra diegu atzetik datozenei. Balioak utzi behar dizkiegu. Indarkeria sekula ez dela bidea erakutsi behar diegu, desberdintasuna ez dela mehatxu bat, aberastasuna baizik”
Bizkaiko PSE-EE idazkari nagusi eta lehendakariordeak, Mikel Torresek, esan du sozialistek beren amorrua eta beren mina gorde behar izan zutela, baina ez zirela sekula ezkutatu eta ezinbestekoak izan zirela eta direla Euskadiren garapenerako. Mikel Torresek adierazpen horiek egin ditu Portugaleteko Herriko Etxearen kontra egindako atentatuan Maite Torrano eta Felix Peña hil zituzteneko 39. urteurrena oroitzeko egindako ekitaldian. Ekitaldia terrorismoaren biktimen monolitoaren aurrean izan da, eta bertan izan da Mari Jose Blanco herriko alkatea ere.
Torresek gogoratu duenez, “gaurkoa ez da ospakizun egun bat, oroitzapen tristeko egun bat da sozialisten familiarentzat”, eta “gizartearekin, herritarrekin, pertsonekin dugun konpromisoa” azpimarratu du berriro. “Sekula ez diogu huts egin euskal gizarteari, geure erantzukizunei erantzuten jarraitzen dugu, gure amorrua, gure inpotentzia eta gure mina gordez. Eta beldurrez, baina hori sekula ez zein izan oztopo. Ezta mehatxaturik eta bizkartzainekin bizi arren ere, gure erresistentzia eta gure familiena agerian jarri zituzten baldintza batzuetan. Lanean jarraitu izan dugu beti, ez ginelako ezkutatu, ezinbesteko figura izan garelarik Euskadiren eraketan eta garapenean”.
Horren haritik, hauxe esan du: “Herri honetako aurrerapen guztien protagonistak izan gara, hasi Gernikako Estatutuaren formulaziotik, euskal herritar guztien etxe komunetik, betidanik eta une oro defendatu izan dugun Estatututik, ETAren porrotaren garaiak igaroz, Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Patxi Lopezez eskutik, eta egungo uneraino, hots, herri honetan sekula izan den Ongizate Estatuaren eta eskubide eta askatasunen egungoraino. Hori da gure erresistentziaren, gure konpromiso irmoaren, gure erantzukizunaren emaitza ukigarria”.
Bizkaitar sozialisten arduradunak azpimarratu du PSE-EE dela “ezker baliagarria, eskuak zabalik dituena, elkarrizketarena, herritarren bizitza hobetzera zuzendurik diren akordioak lortzeko helburuarekin beti. Hori gure DNAn dago. Besteek mingainarekin hitz egiten dute; guk gauzatu egiten dugu”.
“Horrek esan nahi du zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatekoen alde egiten dugula; lan eta soldata duinen alde, pentsio orobat duinen alde, berdintasunaren aldeko borrokan lortutako aurrerapen guztietan sakontzen jarraitzearen alde, herritar guztiek etxebizitzarako eskubidea izatearen alde, mugikortasun jasangarriaren alde, garraio-sare bermedun eta irisgarri batzuen, aniztasunaren, pluraltasunaren, ingurumenarekiko begirunearen eta gure enpresak bultzatzearen alde”, erantsi du.
Era berean, esan du PSE-EEk ez diola traizio egingo botoa eman diotenen konfiantzari. “Horregatik, oso argi dugu gure jarrera, adibidez, Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeari buruz. Beti egon izan gara engaiatuta euskararen defentsa eta sustapenarekin, ukaezina da hori, orain EAJk nahi duena onartezina da, ordea. Haren asmoa da EH Bilduren arrastoari jarraituz euskararen ezagutza-eskakizunak handitzen joatea Administrazio Publikoko edozein lanpostu lortzeko edo aspalditik betetzen dauden lanpostu bat finkatzeko. Eta hori, diotena diotela eta ikusarazi nahi dutena dena delakoa dela, pertsona askoren eskubideen kontra doa”.
“Ez gara alderdi haize-orratz bat”, adierazi du. “Ez dugu egiten haizea nondik datorren arabera, koherenteak garelako gure politikarekin, gure konpromisoekin, gure erantzukizunekin”.
“Eta ez dezatela une batean ere pentsa ez denik egongo eskubide horien kontra kasu askotan gertatu izan diren abusuen kontrako salaketa eta epai judizial gehiagorik. Langileek eta beren ordezkari sindikalek helegiteak aurkezten dituzte uste dutelako euren eskubideak zapaltzen dituztela, eta epaileak errealitate hori onartzen besterik ez dira ari. Beti egongo gara herritarren ondoan, beren eskubideak urraturik ikusten dituzten langileen ondoan”, gaineratu du.
Alkateak, bere aldetik, gertatutakoari buruzko memoriak duen garrantzia azpimarratu du. “Gaur, atzera begiratzen dugunean, begirunez eta erantzukizunez begiratzen dugu. Biktimekiko eta haien senideekiko begirunez, terrorismoaren bidegabekeria zuzenean jasan izan zutenekiko. Eta urte haiek bizi izan ez zituzten baina gertatutako ulertzea komeni zaien belaunaldiei memoria hori transmititzeko erantzukizunez. Memoria demokratikoa ez delako bakarrik oroitze-ariketa bat, etorkizuneko tresna bat da, izan. Indarkeria sekula normalizatuko ez dugunaren bermea da”, adierazi du.
Mari Jose Blancoren hitzetan, Euskadik egun bizi duen bizikidetza “ez da kasualitatearen emaitza, ahaleginaren, kuraiaren eta unerik zailenetan ere bakearen aldeko apustu egin zenuten pertsona askoren fruitua da.” “Hori da gure ondarea. Eta baita gure erantzukizuna ere. Oroitzapenak baino zerbait gehiago utzi beharra diegu atzetik datozenei. Balioak utzi behar dizkiegu. Erakutsi behar diegu indarkeria ez dela sekula bidea, desberdintasuna ez dela mehatxu bat, aberastasun bat baizik, eta giza duintasuna beti edozer kausaren gainetik dagoela”, adierazi du.