partekatu
Eneko Andueza: “Tresna berri batzuk martxan jartzera goaz, esaterako Gizarte Funtsa, Euskadin eskuragarri dagoen etxebizitza-eskaintza handitzeko”
PSE-EEko idazkari nagusiak Denis Itxasok zuzentzen duen sailaren gaitasunak handitzeko eta inflazioari eta ezegonkortasun ekonomiko globalari erantzun egoki bat ematea aurreikusteko legeetan aldaketak sartu beharra dagoela azaldu dio lehendakariari
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, euskal gizarte osoarentzat etxebizitzarako aukera hobeagoa bermatzeko gaitasun berriak ezartzeko den beharra azaldu dio lehendakariari. Denis Itxasok zuzentzen duen sailak bultzatutako hainbat proposamen jarri ditu mahai gainean Anduezak, herritarrentzat bereziki sentibera den kontu bati erantzun ukigarriak emate aldera. “Tresna berri batzuk martxan jartzera goaz, esaterako Gizarte Funtsa, Euskadin eskuragarri dagoen etxebizitza-eskaintza handitzeko”, esan du.
Imano Pradalesen aldetiko deialdi bidez Ajuria Enean egindako topaketaren ondoren, funts berri hori martxan jarrita “etxebizitza babestuaren sustapena azkartu eta alokairu eskuragarriaren eskaintza handitu” nahi dela azaldu du Anduezak. “Kontu horretan eginkizun nabarmena bete behar dute bai Kreditu Ofizialaren Institutuak, bai Inbertsioen Europako Bankuak. Dena espero dugun bezala badoa, Gizarte Funts hori eratuta egon daiteke urte hasierarako”, adierazi du.
Buruzagi sozialistak azpimarratu duenez, bizitoki-krisia arintzera zuzendutako tresna berri horiek “handitu egingo dute Eusko Jaurlaritzak arlo horretan finantzaketarako eta kudeaketarako duen gaitasuna”. “Asmoa da dagoen etxebizitza-parkea ere babestea edo babestutako etxebizitzaren salerosketan kontrol publikoa indartzea”, esan du. Baina proposamen horiek burutzeko 2027rako Aurrekontuen Legearen bidez legezko aldaketa batzuk txertatu beharraz ohartarazi du.
Nazioartean arazo ugari direla eman diogu hasiera urtealdi politikoari, batzuetan sor, beste batzuetan agerian (Ekialde Hurbilean) den gerra batekin, arlo ekonomikoan ondorio oso kaltegarriak dakartzala.
Nire kezka da egoera horren aurrean Eusko Jaurlaritza... pic.twitter.com/bjN0qB85xq
— Eneko Andueza (@enekoandueza) September 9, 2026
Horren haritik, euskal Etxebizitza Legea aldatzearen garrantzia defendatu du lehendakariaren aurrean buruzagi sozialistak, aldi baterako kalifikazioa izanik eremu tenkatuetan aurkitzen diren etxebizitza babestuek babes ofizialeko izaerarekin jarrai dezaten, merkatu askera atera gabe. “Etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiago dauden eremuetan babestutako parkea galtzea saihestu nahi dugu, babestutako etxebizitza-eskaintzaren edozein murrizketak inpaktu kaltegarriagoa izango lukeelako”, erantsi du.
PSE-EEko idazkari nagusiak balioa eman dio Denis Itxaso sailburuak zuzentzen duen Etxebizitza eta Hiri Agenda sailetik egiten ari diren lanari. “Halako egoera baten aurrean eska daitekeen lidergoa bete du”, esan du. Eta indarrean jarritako neurriak hartu ditu adibidetzat, joan deneko urtean onartutako Premiazko Neurrien Legea, kasu. Eta estatuko Etxebizitza Legearekin “eremu tenkatuak zabaltzen urratsak ematen” ari garela esan du, “euskal populazioaren %55a horietan bizi baita dagoeneko”.
Eneko Anduezak, bestalde, “bizi dugun egoerarekin eta aurrean ditugun erronkekin koherente” izango diren 2027rako aurrekontu batzuk izatearen garrantzia aipatu du. “Hazi egingo diren eta gure asmoei erantzuna emango dien Aurrekontu hedakorrak, akordioan eta Gobernu programan jasota direnak. Alderdi Sozialistaren ikuspegitik, funtsezkoena zerbitzu publikoak eta Ongizate Estatua atzerapauso bakar bat eman gabe indartzea izango da”, adierazi du.
PSE-EEko idazkari nagusiak, halaber, deitoratu eta salatu egin du nazioarte mailan ageri den koiuntura korapilatsua, Palestina, Ukraina, Libano edo Sudaneko gatazka kronifikatuak bezalakoengatik. Eta euskal erakundeak gerra horiek sortzen dituzten ondorioen aurrean “langile-klase ertaina eta enpresak babesteko neurriak martxan jartzeko adi” egotearen beharra nabarmendu du.