partekatu
Eneko Andueza: “Gaur sinatuko diren eskualdaketekin, PSE-EE inolako kalkulu politikorik gabe aritu da, interes orokorrari emanez lehentasuna”
Sozialisten parte-hartzerik gabe “bi gobernuen artean ez zela posible izango transferentziei buruzko akordiorik” esan du PSE-EEko idazkari nagusiak
Idoia Mendia Sozialisten eta Demokraten Aliantza Aurrerakoiaren (S&D) eurodiputatuarekin partekatu du “Europako zutabe sozialean aurrera eginez: kalitatezko enpleguak eta prestakuntzarako eskubidea Euskaditik” jardunaldiaren irekiera
Anduezaren esanetan, Euskadi adibide bilakatu da elkarrizketa sozialaren, prestakuntza eskubidetzat jotzen duen erregulazio baten, zailtasun handieneko sektoreen laneratzearen edo soldata-arrakalaren kontrako borrokaren aldeko apustuari esker
Idoia Mendia euskal europarlamentariak Euskadi-Europa ardatza aldarrikatu du kalitateko enpleguan eta autonomia estrategikoan aurrera egiteko
PSE-EEko idazkari nagusia, Eneko Andueza, gogobeterik azaldu da Eusko Jaurlaritzarako eskualdatzeke zeuden bost gaien inguruan lortutako akordioagatik. Akordio hori Transferentzien Batzorde Mistoak gaur arratsaldean Madrilen egingo duen bilera batean zehaztuko da. Anduezak esan duenez, Euskadiko Alderdi Sozialistak negoziazioei emandako bultzadagatik eta parte-hartzeagatik ez balitz, ituna ez zatekeen zehaztuko. Anduezak Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomiako sailburu denak prozesuan izandako esku-hartzea azpimarratu du, eta esan du PSE-EEk inolako kalkulu politikorik gabe aritu dela eta interes orokorra lehenetsi izan duela.
“Aitortza berezi bat egin nahi diot hemendik Mikel Torres lehendakariordeari. Haren parte-hartzerik gabe, haren ekarpenik gabe ez zen akordiorik egongo, hilabeteetan eta, nabarmen-nabarmen, azken orduetan hark eta bere taldeak egin izan duten lanik gabe. Oso pozik nago ikustean nola jokatu duen Euskadiko Alderdi Sozialistak azken aste hauetan, inolako kalkulurik gabe jokatu izan baitugu, interes orokorrari emanez lehentasuna”, adierazi du.
Adierazpen horiek egin ditu Anduezak Bilbon egin den “Europako zutabe sozialean aurrera eginez: kalitatezko enpleguak eta prestakuntzarako eskubidea Euskaditik” izeneko jardunaldiaren irekieran. Anduezak Idoia Mendia europarlamentari sozialistarekin partekatu du aipatu irekiera. Topaketa euskal diputatuak eta Sozialisten eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia (S&D) Taldeak antolatu dute. Talde horretako kide dira Europako Parlamentuan dauden ordezkari sozialistak.
Buruzagi sozialistak PSE-EEren jarrera eta EAJk, gobernuko bere bazkide denak, izandakoa kontrajarri ditu. Alderdi horri leporatu dio bi gobernuen artean tentsioa areagotzen saiatzea langabeziako prestazioen, kotizazio gabeko pentsioen, itsas salbamenduaren eta eskola-aseguruaren arloko eskumenak eskualdatzearen harira, Barakaldoko Makineria Egiaztatzeko Zentroaz gain.
“Pozik gaude, akordioa gauzatu izan delako zarata guztia gorabehera, nazionalismoak modu artifizialean sortu duen tentsio hori gorabehera, errealitatearen irudi desitxuratua eskaintzeko asmoz. Eskualdaketa horiek sozialistek beti erakutsi izan dugun borondatearen ondoriozko emaitza dira. Guk beti defendatu izan dugulako Gernikako Estatutua bete behar dela. Espainiako Gobernuan eta Euskadiko Gobernuan egon izan garen guztietan –frogatu daitekeen kontu bat da– aurrera egin izan dugulako haren garapenean. Eta aurrera egiten jarraituko dugu”, azaldu du.
Jardunaldi horretan zehar, lan-merkatuak Euskadin zein Espainian duen bilakaera ona azpimarratu du Anduezak, sozialistak “gauzak ondo ari garelako egiten, eskuinaren, euskal PPren eta Feijooren PPren izorramendurako”.
PSE-EEko idazkari nagusiak deitoratu egin du Ppren aldetik lankidetzarik jaso ez izana gizarte osoaren ongizatearentzat horren garrantzitsua den gai batean. “Ez daude, eta ez gaude ere haien zain. Sekula ez daude egon behar duten tokian”, adierazi du. Eta hitz gogorrak izan ditu Feijoorentzat, “gauza bat ere asmatzen ez duen, zangotrabaka aritzen den eta guztiaren aurka dagoen lider bat delako”.
“Euskadin eta Espainian espainiar ekonomiak eta enpleguak bizi duen bilakaera ona Europak Pedro Sanchezen eta europar sozialdemokraziaren funtsezko bultzadari esker martxan jarritako estrategiari zor zaio”, azaldu du Anduezak. “Horregatik eskuinaren amorrua, ekonomian espero zuelako aurkitzea Alderdi Sozialista buru den Gobernuari erasotzeko aukera”, erantsi du.
Euskadira etorrita, buruzagi sozialistak balorazio positiboa egin du enplegu arloan den “aldeko agertokiagatik”, zeina, Anduezaren esanetan, gauzak ondo egiten ari direnaren seinale baita “euskal sozialdemokraziari eta gure lanari eta eraginari esker, elkarrizketa sozialaren, prestakuntza eskubidetzat jotzen duen erregulazio egoki baten alde egindako apustuari esker, zailtasun handieneko sektoreak laneratzeko egindako ahaleginengatik, soldata-arrakalari amaiera emateagatik, laneko segurtasuna eta osasuna hobetzeagatik”.
“Nik ez dut kasualitateetan sinesten, ziurtasunetan, errealitatean sinesten dut. Eta errealitateak dio sozialista bat, Mikel Torres, dagoela Ekonomia, Lan eta Enpleguko euskal sailaren buruan, talde handi batek inguratuta, lehen Idoia Mendia bezalako lehendakariorde bat, sailburu bat, egon izan zen bezala. Talde horien eta Sail horretatik prestatu eta aplikatutako politika aurrerakoien eskutik, Euskadik mugarri historiko bat ezarri zuen 2025ean Gizarte Segurantzako afiliazioan, 1.036.804 kotizatzailerekin. Egitate bat da: sozialisten politikek, eraginak eta lanak enplegua sortzen dute”, adierazi du.
Oso pozik nago Euskadiko Alderdi Sozialistak azken aste hauetan nola jokatu duen ikustean, inolako kalkulurik gabe jokatu izan baitugu, interes orokorrari emanez lehentasuna.
Eredu horrekin jarraituko dugu lanean. Erabakimenez egingo dugu, baina presarik gabe... pic.twitter.com/e0I56MnYQG
— Eneko Andueza (@enekoandueza) January 16, 2026
Azkenik, esan du une honetan ezin dugula albora utzi “Estatu Batuak suminduta diren nazioarteko agertoki konplexua”. Horren aurrean, “Europa Batasun bat dela erakusteko egiaren unea” heldu dela esan du. “Edo erakusten dugu denok bat eginik gaudela, edo Europa deritzan asmo zoragarri oso hau geure eskuetan leher dakiguke”, ohartarazi du.
Europa gehiago ikuspegi sozialdemokrata batetik
Idoia Mendia eurodiputatuak esan du Euskadi-Europa ardatza indartu beharra dagoela nazioarteko testuinguru “gero eta mehatxugarriago” batean, ezegonkortasun politikoak eta Europako bizikidetzaren, oparotasunaren eta eskubideen ereduari egindako erasoek markaturikoan.
“Euskaldunok sakonkiro europazaleak” garela esan du Mendiak, eta sozialdemokraziak europar proiektuaren eraikuntzan bete izan duen rol zentrala gogoratu du. “Euskal sozialistek beti begiratu izan dute Europara eta eskubide sozialen zutabe sozialari, enplegurako eta inklusiorako bere politikak prestatzerakoan. Horregatik gaude Europaren abangoardian”.
“Europa da, gaur egun, bizitzeko eta lan egiteko munduko tokirik onena. Zuzenbide Estatuan, multilateralismoan eta bakean oinarritutako eredu bat da”, adierazi du.
Espainia EBra atxiki zeneko 40 urte betetzen direla oroituz, EBko kide egitea “gure herrialdearen asmatze estrategiko handietako bat” izan zela esan du eurodiputatuak, eta “oparotasuneko eta bakezko eredu hori”, hain zuzen, auzitan jartzen ari direnez ohartarazi du. “Europari eraso ari dira egiten indarra besterik ez dutena ikusten harremanak izateko modutzat, baina ezin gara erori ez abailduran, ez gelditasunean”, azpimarratu du.
Ildo horretan, europar autonomia estrategiko handiago baterantz urratsak emateko beharra defendatu du Mendiak, begirada sozialdemokrata batetik kanpoko mendekotasunak murriztuz eta lehiakortasuna indartuz. “Pertsonek, talentuak eta gizarte inklusiboek sortzen dute benetako lehiakortasuna. Autonomia estrategikoa kalitateko enpleguarekin eta etengabeko prestakuntza eskubidetzat hartuta eraikitzen da”.
Euskadik azken urteotan egindako bidea goratu du eurodiputatuak, eta mugarri batzuk aipatu ditu: Enpleguaren Euskal Estrategia 2030, ISEAK Fundazioarekin elkarlanean egindako Enpleguaren Liburu Zuria, Enpleguaren lehen Euskal Legearen onarpena, etengabeko prestakuntzarako eskubide subjektiboa aitortzen duena, eta Enpleguaren Itun Soziala, orain dela bi urte ehun eragile instituzional, sozial eta ekonomiko baino gehiagok sinatu zutena.
Zainketen profesionalizazioa
Lehen mahai-ingurua Fernando Fantovak zuzendu du, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio Politiken Ebaluazio Erakundearen titular denak. Fantovaren arabera, europar politikak “tokikoa denera jaisten” dira zainketetan aritzen diren pertsonekin, “eredu patriarkal bidegabe baten piramideko iruzurrari” aurre egiteko. Hitzaldi horretan, Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko sailburuordeak zainketen munduak “duintasuna eta benetako enplegu izaera” izan dezan egindako lana azpimarratu du.
SSI (Gizarte Zerbitzu Integratuak) Taldearen CEOa den Karmele Acedok Zainlab-en funtzionamenduari erreparatu dio, gizarte- eta lan-arloko berrikuntzako proiektu traktore denari, Zainketen eta Bizitza-luzeraren Ekonomiak aurrean dituen erronkei erantzuna emateko. “Etengabeko prestakuntzaren kultura sortzen hasi beharra dago etxetan lan egiten duten pertsonen artean, autozainketaren kudeaketa profesionalizatuz”, esan du.
Jesica Ruizek, Durangoko Udaleko alkateorde denak, bere aldetik, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia eta esparru horretan guztian tokiko munduak duen garrantzia azpimarratu ditu, zainketetan aritzen diren pertsonek “profesionaltasun ziurtagiri” bat lor dezaten, euren lan-baldintzak hobetze aldera. “Prozesu horrek guztiak berdintasuna edo kulturartekotasuna bultzatzeko balio du, eta sareak eta komunitatea sortzen laguntzen du”, adierazi du.
Prestakuntza kualifikatua kalitateko enpleguaren berme gisara
Elena Perez Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuordeak koordinatu duen bigarren mahai-inguruan, esan du “hazkunde ekonomikoa sortzeko laneko baldintzak okertu egin behar direnaren mantra gezurra zela” erakutsi izan duela Espainiak. ISEAK Fundazioaren zuzendariak, Sara de la Ricak, bere aldetik, azpimarratu du etorkinak Euskadira etortzeak aberastasuna sortzeko dakarren aukera aprobetxatu behar dela, horiei kualifikazio baxuko eta kalitate txarreko lanpostuak baino harago eskainiz.
Mercedes Oleaga ORKESTRAren Antolaketa zuzendariak, bestalde, enpleguaren kalitatearen eta ongizatea bezalako beste dimentsio batzuen artean den loturari erreparatu dio. “Gizarte-kohesio handiagoa ematen da enpresa- eta lurralde-lehiakortasunak handiagoak direnean”, azaldu du. Euskadiko Laneko Harremanen Kontseiluko presidenteak, Emilia Malaga Perezek, langileak sistemak ez dituela babesten ikusirik “galtzen ari direnaren sentipena” sortzearen arriskuaz ohartarazi du.
Teresa Lespada Bizkaiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak laneko prestakuntzan estrategia eraginkor bat garatzeko orduan pertsonak erdigunean jartzeak duen garrantzia nabarmendu du. “Fokua aldatu egin dugu, pertsonek orain beregana ditzaten enpresek behar dituzten zeharkako gaitasunak”, esan du.