Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Maiatza 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Iñaki Arriola sailburu sozialistaren hitzaldia Forum Europa Tribuna Euskadi ekitaldian

ETXEBIZITZA-POLITIKA SOZIALA

Egun on denoi. Eskerrik asko hemen egoteagatik.

Eskerrik asko Nueva Economía Fórum erakundeari tribuna hau eskaini izanagatik eta baita nire idazkari nagusiari, Idoia Mendiari, ere egin duen aurkezpenagatik eta zuzendu dizkidan goraipamen eta iruzkinengatik.

Jakin badakizue Eusko Jaurlaritzan zuzentzen dudan Sailak konpetentzia zabalak dituela, bere izenak adierazten duen moduan: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza. Aurkakoa eman dezakeen arren, hiru alorrak estuki lotuta daude. Eskala eta aplikazio ezberdinetan, baina bizi garen inguruneari eta hartzen dugun espazioari buruzkoak dira.

Baina denbora eta espazio murriztuak ditugunez, gai bakar baten gainean arituko naiz gaur, etxebizitza-politikaren gainean hain zuzen ere. Arrazoiak argiak dira; gaia kalean, komunikabideetan, familia eta lagunen arteko elkarrizketetan dago.

Etxebizitza lehen mailako behar soziala dela ez da gauza berria.

Etxebizitza bat izatea duintasunez bizi ahal izateko baldintza da. Hezkuntza, osasuna, babes soziala, justizia, pentsioak, gure gizartearen modeloaren oinarriak dira eta gure bizitzen une eta etapa puntualetan behar izaten ditugu; etxebizitza, ordea, egunero behar izaten dugu.

Hala ere, beste oinarrizko eskubide horiek bezala, etxebizitzari bigarren mailako garrantzia eman izan zaio luzaroan. Nork bere kasa bilatu behar izan du irtenbide bat merkatuan, eta administrazio publikoak neurri batean baino ez du bere babesa eskaini.

Paragrafo bat irakurriko dizuet: “Etxebizitza izateko eskubidea nahitaezkoa da gizakiarentzat, funtsezko beste eskubide batzuk baldintzatzen baititu; adibidez, enplegua izatekoa, botoa ematekoa, prestazio eta zerbitzu publikoak jasotzekoa, seme-alabak eskolaratzekoa, kulturaz eta ingurumen egokiaz gozatzekoa, bizipenak senideekin eta lagunekin partekatzekoa, eta beste hainbat ere (…). Etxebizitza izateko eskubideak eta eskubide hori benetan gauzatzeak bizitza duin bat eramatea errazten eta ahalbidetzen diote gizakiari”.

Ondo dago, ezta? Ba paragrafo horrek ematen dio hasiera Etxebizitzaren Legearen Zioen Azalpenari, Eusko Legebiltzarrak bi mila eta hamabosteko ekainaren hemezortzian onartu zuena.

Lege hori lotuta dago mila bederatziehun eta berrogeita zortziko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eta bi milako Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren printzipioekin. Halaber, edukia ematen dio Espainiako Konstituzioaren berrogeita zazpigarren artikuluari. Artikulu horrek aitortzen du herritar guztiek dutela etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea, eta botere publikoei agintzen die hori gauza dadin beharrezko baldintzak susta ditzatela.

Euskadin etxebizitza eskuratzea legeak aitortzen duen eskubide bilakatu dugu. Estatu sozial bateko oinarrizko eskubideen maila berera ekarri dugu, hala nola, osasun unibertsalaren eta hezkuntzaren maila berera. Onartu beharra daukat harro sentiarazten nauela, sozialista eta Etxebizitza Sailburu izaki, niri egokitu izana bi mila eta hamabostean onartu zen Lege hori garatzea. Izan ere, Patxi López lehendakariaren Gobernuan nengoela, Etxebizitzari buruzko Lege-proiektu bat onartu eta Legebiltzarrera bidaltzea lortu nuen. Lege-proiektu hori, gerora, lege-proposamen gisa berreskuratu zuen legebiltzar-talde sozialistak.

Etxebizitza, bereziki alokairuzkoa, eskuratzea herritarren eskubidea bilakatu da arau horren bidez. Hala ere, ez dakit ondo geureganatu dugun horren esanahia. Esan nahi duena da administrazio publikoak ezin duela kontu hau gizarte laguntzari dagokion gaitzat hartu, baizik eta herritarren baldintza gisa. Baldintza horiei erantzun behar diegu, osasunari edo hezkuntzari erantzuten diegun bezala. Ondorioz, erabiltzaileen ikuspuntuak ere aldaketa behar du. Hau da, eskubideek betebeharrak eskatzen dituzte: funtsean, jasotako etxea baldintza onetan mantentzea, bizikidetza-arauak errespetatzea edo itundutako alokairu soziala ordaintzea.

Pixkanaka-pixkanaka ulertzen joan gara hain oinarrizkoa den behar hori ezin dela salgai hutsa izatera mugatu, hau da, merkatuaren arauak bete behar dituen ondasun batera; eskaintza eta eskariaren artekora, alegia. Aitzitik, etxebizitzak funtzio soziala duela geureganatzen goaz. Gainera, kasu batzuetan, jabetza-eskubidea funtzio horretara egokitu behar izaten da.

Hala berretsi du Konstituzio Auzitegiak Alderdi Popularraren Gobernuak aurkeztu dituen errekurtsoei heldu dienean. Izan ere, errekurtso horiek hainbat lege autonomikoren aurka egiten zuten. Espero dugu gure Etxebizitzaren Legearen hainbat artikuluren gaineko epaiak ere horrela jokatzea.

Egun, hirurogeita bi mila bostehun eta hamabost familia edo elkarbizitza-unitate daude Etxebideren erregistroan inskribatuta etxebizitza-demandatzaile gisa; iaz baino hamar mila berrehun eta hirurogeita hamasei gehiago. Gehienek, ehuneko laurogeita bat koma bik, hau da, berrogeita hamabi mila zortziehun eta hamar unitetek, nahiago dute alokatzea erostea baino. Atzeraldi ekonomiko handiaren aurretik, ordea, alderantziz gertatzen zen.

Horrenbeste pertsonek alokairua nahiago izatea ez da ustekabekoa ezta borondatezkoa ere. Izan ere, formula hori aukeratzen dutenen ehuneko laurogeita lauk hiru mila eta hogei mila euro artean irabazten dute urtean. Eta baliabide horiekin zaila da bizi ahal izatea eta, aldi berean, hipoteka bat ordaintzea. Horrek esan nahi du pertsona horiek ez dutela irtenbide bat lortuko etxebizitzaren merkatu librean.

Duela hogei egun, hemendik gertu, EHUko Abandoibarrako Aretoan, Euskadiko etxebizitza publikoari buruzko atzera begirako erakusketa zabaldu genuen. Erakusketan mila bederatziehun eta laurogeita batetik, hau da, konpetentzia lortu zenetik, gaur egunera arte egindakoa ikus daiteke, eta bisitatzera animatzen zaituztet, merezi du eta.

Hogeita hamazazpi urte hauetan, Euskadin babes publikoko ehun eta lau mila pisu baino gehiago eraiki dira. Horien heren bat, hogeita hamabost mila berrehun eta berrogeita zortzi, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak sustatu ditu, saltzeko zein alokatzeko.

Horretarako, esfortzu handia egin dugu. Agian ez du parekorik Espainia osoan. Baina ez da nahikoa izan gizarteak eskatzen digun tresna lortzeko: jendearen beharrak asetzen dituen alokairuzko etxebizitzen parke publiko bat, beste herrialde batzuek, hamarkadetan, sortu dutenaren antzekoa.

Izan ere, datuak ikusita ez dago zalantzarik. Azken hogeita hamazazpi urteetan Eusko Jaurlaritzak eraiki dituen hogeita hamabost mila etxebizitzek ere ez zuten egungo eskaria asetuko, hots, berrogeita hamabi mila zortziehun eta hamar elkarbizitza-unitate. Eusko Jaurlaritzak eraiki zituen etxebizitza gehienak saltzeko ziren, eta egun, ordea, demandatzaileek alokatu egin nahi dute.

Daukaguna, berriz, honako hau da: hamabi mila seiehun eta hirurogeita sei etxebizitzek osatzen duten alokairu-etxebizitzen parke publiko bat, Alokabidek kudeatua. Horietako lau mila ehun eta hirurogeita bederatzi Alokabiderenak dira, hiru mila hirurehun eta zazpi Etxebizitza Sailarenak eta lau mila zazpiehun eta laurogeita hiru jabe partikularrek Bizigune programari emandakoak.

Etxebizitza gabezia dugu alokairuzko etxebizitzen eskaria asetzeko. Eskari hori herritarren eskubidea da (dagoeneko zazpiehun eta hiru alokairuzko pisu publiko esleitu ditugu etxebizitzarako eskubide subjektiboa asetzeko), eta gabezia hori Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren (EPO) bidez ari gara orekatzen. Osagarri hori Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari dago lotuta eta hemendik aurrera Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoari (EPE) batuko zaio, bi mila eta hamabosteko Legeak ezarritakoari jarraiki.

Aurreko urtean, batezbesteko hogeita zortzi mila elkarbizitza-unitatek jaso zuten EPOa eta, horrez gain, batezbesteko mila eta ehun euroko zortzi mila hirurehun eta laurogeita hamazazpi gizarte-larrialdietarako laguntza eman ziren. Egun berrehun eta berrogeita zazpi etxebizitzari onartu zaie EPOa eta berrehun eta berrogeita hamar eurora arteko diru-laguntza jasotzen ari dira hilean alokairua ordaintzeko.

Guztira, alokairua ordaintzeko laguntzak laurogeita hamabost koma sei miloi eurokoak izan ziren bi mila eta hamazazpian Euskadin.

Abiapuntua da hori. Gainera, krisiaren ondorioek eta lan-prekarietateak eragin handia dute oraindik eta etxebizitzarako politika sozialaren kudeaketa baldintzatzen dute. Politika hori bi mila eta hamazortzi-bi mila eta hogei Etxebizitzaren Plan Zuzendarian zehazten da.

Alde batetik, Plan Zuzendaria eztabaida eta partehartze prozesu luze baten emaitza da, duela bi legealdi hartutako konpromiso bati jarraiki. Partehartze-prozesu zabal horretan, proposatutako neurrien orientazioa eta egokitasuna aztertzeaz gain, erakunde eta eragile interesatuek zein herritarrek beren ekarpenak eta proposamenak aurkezteko aukera izan dute. Izan ere, haietako asko Planera batu dira.

Halaber, Etxebizitzaren Plan Zuzendari berriaren beste berezitasun bat honako hau da: bi mila eta hamabosteko Etxebizitzaren Legearen eremuan egin den lehenengoa dela.

Horregatik, gehienbat etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa bermatzeko helburua du. Alokairuzko etxebizitza baten bidez ase daiteke hori, edo prestazio ekonomiko baten bidez, pisurik eskuragai ez dagoenean.

Beraz, Etxebizitzaren Plan Zuzendariaren eginkizuna honako hau da:

-Alokairuzko etxebizitzen parke publikoa sustatzea etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa bermatzeko eta zailtasun handienak dituzten gizarte-taldeen premiei erantzuteko.

-Gizarte-kohesioa bultzatzea, etxebizitza-eraikin bakoitza gure gizartearen aniztasunaren ispilu izan dadin eta getoak sortzea ekidin dezan.

-Eta, batez ere, gazteen emantzipazioa bermatzea eta pertsona nagusien bizitza-kalitatea hobetzea, irisgarritasuna eta eraikinen efizientzia energetikoa hobetuz.

-Hori erakunde eta eragile publiko eta pribatuen laguntzaz, batez ere udalen laguntzaz, egin behar da.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren xedea da hiru urtean bideratuta izatea bi mila eta hamabosteko Etxebizitzaren Legearen garapena.

Legea martxan jartzeko behar diren araudiak onartuz gero, kudeaketa-eredu eraginkor bat izanez gero eta behar diren baliabideak lortuz gero, epe luzeko etxebizitza-politika iraunkor baten oinarriak jartzeko gai izan behar gara.

 

  1. PLANAREN ARDATZ ESTRATEGIKOAK

Zuetako batzuek jakingo duzuen moduan, Etxebizitzaren Planak sei ardatz estrategiko dauzka:

-Etxebizitzaren Legeak ezartzen du eskuragarri dauden baliabideak alokairuak bermatzeko erabili behar direla batik bat. Beraz, lehen ardatz estrategikoan etxebizitzen parke publikoa sustatuko dugu, dela berezko sustapenaren bidez, dela Visesa sozietate publikoaren jarduera alokairura berbideratuz, eta, horretarako, udalekin eta ekimen pribatuarekin lankidetzan jardungo dugu eta zuzkidura-bizitokien eraikuntza sustatuko dugu, nagusiki gazteentzat eta adinekoentzat, eta gizarte-alokairurako etxebizitza pribatu hutsak erakartzeko Bizigune programaren parkea areagotuko dugu. Bi mila eta hamazortzian etxebizitzen sustapen publikoaren ehuneko laurogei baino gehiago alokairu bidezkoa izango da, eta bi mila eta hogeian ehuneko ehuna.

-Bigarren ardatz estrategikoak etxebizitza babestuen parkearen kudeaketa eraginkorrean aurrera egitea du helburu, bai Sailari berari eta bere sozietateei dagokienez, bai beste eragile batzuei dagokienez, eta etxebizitzaren funtzio soziala ahalik eta gehien bermatzeko ahalegina egitea.

-Aurrekoarekin lotuta, hirugarren ardatzaren xedea da etxebizitza babestuetara jotzeko esleipen-prozedurak eta eskakizunen berrikuspena hobetzea, etxebizitzarako beharra duten pertsonen profilen eskariari, bereziki lehentasunezko kolektiboei eta kolektibo ahulenei, erantzun ahal izateko. Zentzu horretan, gazteei eta etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa duten pertsonei erreparatuko zaie bereziki.

-Laugarren ardatzaren bidez, eraikinen mantentzea eta birgaitzea sustatuko da eta, horretarako, arreta berezia jarriko da efizientzia energetikoan eta irisgarritasunean, baita birgaitze integratuan eta hiri-berroneratzean ere.

-Bosgarren ardatzak etxebizitzaren arloko berrikuntza sustatzea du helburu, eskaintza eskarira egokitzeko, eta, horrela, baliabide ekonomiko gutxiago duten edo egoitza-behar bereziak dituzten pertsonei horietara jotzeko aukera ematea.

 

GAZTELAGUN PROGRAMA

Helburu hori lortzeko, programa berri bat martxan jartzea erabaki dugu; Gaztelagun du izena. Horren bidez, gazteen emantzipazioa erraztu nahi da, alokairu bat ordaindu ahal izateko neurri zuzenak ezarrita.

Izan ere, bizitza autonomorako proiektuari ekiteko eta familia bat eratzeko, gazteek etxebizitza bat behar dute, baina hori lortzeko zailtasun handiak izaten dituzte. Lehenengo, baliabide nahikorik ez dutelako; izan ere, ez dute errenta metaturik, eta, lana dutenean, ezegonkorra izaten da edo ordainsaria ez da nahikoa izaten. Gainera, enplegua badaukaten kasuetan, gizarte-alokairua lortzeko aukera galtzen dezakete, diru-sarreren maila gainditzen dutelako edo familia-kargarik ez dutelako. Alderdi guztien programek izan ohi dituzte gazteriaren baldintzak eta haien etxebizitza-arazoak hobetzeko asmoa, eta Jaurlaritzaren programaren helburu bat ere bada. Baina orain arte ez dugu asmo horiek gauzatzeko tresna eraginkorrik izan.

 

Horregatik, Gaztelagun programa hogeita hiru urtetik gorako eta hogeita hamabost urtetik beherako gazteei dago zuzenduta (kasu berezi batzuetan hemezortzi urtetik gorakoei ere bai). Programan parte hartzeko, baldintza hauek bete behar dira:

1.- Errentan duten etxebizitza ohiko eta etengabeko bizitoki izatea, nahiz eta kontratuko titularra ez izan (pisua partekatu daiteke).

2.- Une bakoitzean DSBEa kobratzeko indarrean dauden mugak (zazpi mila zazpiehun eta hogeita hamalau euro urtean) gainditzea eta diru-sarrera erregularrak hamabi mila, hamabost mila eta hemezortzi milakoak edo gutxiagokoa izateak, bizilagun bat, bi edo hiru diren aintzat hartuta.

3.- Alokairu-kontratuaren helburu den etxebizitzaren errentak hilean seiehun euro ez gainditzea, oro har, eta, Euskadiko hiru hiriburuen eta beren arlo funtzionalen kasuan. zazpiehun eta berrogeita hamar euro (hogei mila biztanle inguruko herriei erdi-mailako tratamendua ematea aztertzen ari gara).

4.- Etxebizitzaren jabe edo gozamendun ez izatea, banantzea edo dibortzioa, ezgaitasuna edo bere borondatezkoa ez den beste arrazoi bat dela-eta, etxebizitza hori erabili ezin dela egiaztatzen dutenak salbu.

Eta, jakina, errentaria edo etxebizitzako beste egoiliarretako bat errentatzailearen senide zuzena, bikote edota kide ez izatea, ezta hirurogeita hamabost mila eurotik gorako balioa duten ondasun eta eskubiderik izatea ere, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren araudiaren arabera kalkulatuko direnak.

Laguntzaren zenbatekoa

Laguntza onuradunak bere ohiko eta etengabeko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindu beharreko hileko errentaren ehuneko berrogeita hamarrera artekoa izango da. Etxebizitza formalki eratutako bi bizikidetza-unitatek partekatzen dutenean, laguntza alokairuaren ehuneko hirurogeira artekoa izango da.

Emantzipaziorako, hau da, bizitza autonomorako proiektua hasteko, laguntza denez, gazteentzako alokairurako laguntza hiru urteko epez emango da gehienez.

Bi mila eta hemeretzi eta bi mila eta hogei artean, laguntza lau mila bostehun gaztek jasoko dutela estimatzen dugu. Programa datorren urtearen hasieran martxan jartzea espero dugu, dagokion agindua onartu bezain laster eta programa kudeatzeko behar ditugun giza baliabideak lortzen ditugunean.

Hala ere, bi mila eta hogeita batean Gaztelagunek sei mila gazte laguntzea aurreikusten dugu, printzipioz, hiru urte iraungo duelako programak.

-Azkenik, Plan Zuzendariaren seigarren ardatzaren xedea da etxebizitzaren eremuan diharduten eragileek sarean jardun ahal izateko lankidetza-sareak sortzea, bereziki udalak, eta, horrela, beste politika sektorial batzuekiko koordinazioa eta kudeaketa bultzatzea.

 

  1. HELBURU KUANTITATIBOAK

Baina Plana ez da hitzetan geratuko. Aitzitik, helburuak oso ondo daude zehaztuta. Hiru urteko indarraldian hau egiteko asmoa dugu:

-Babes publikoko sei mila hirurehun eta berrogeita hamar etxebizitza berriren eraikuntza sustatzea. Horien ehuneko berrogeita sei koma bost (hau da, bi mila bederatziehun eta berrogeita hamar etxebizitza) alokatzeko, eta ehuneko berrogeita hamahiru koma bost (hiru mila eta laurehun etxebizitza) saltzeko. Azken horietatik, hiru mila eta berrogeita hamar ekimen pribatuak garatuko ditu eta hirurehun eta berrogeita hamar VISESAk.

-Egoitza-lurzorua eskuratzeko helburua ere badu, babes publikoko bi mila etxebizitza berri eraikitzeko.

-Alokairu babestuko parkea handitzeko, zazpi mila eta berrehun etxebizitza eskuratuko dira alokairu-merkatuan bitartekaritza programak ezarriz. Zehazki, Bizigune programak sei mila eta laurehun etxebizitza lortu beharko ditu, eta ASAP programak (birformulatu ostean) zortziehun etxebizitza.

-Ekintza horien bidez, espero dugu Etxebizitza Sailak eta udal-etxebizitzen sozietateek eratutako alokairu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzen parkea hogeita bi mila unitatekoa izatea.

-Era berean, Planak aurreikusten du etxebizitzarako eskubide subjektiboaren aitorpena zazpi mila etxek jasotzea bi mila eta hogeian, bai eta Planak EPOtik EPEra igarotzeko erronka hartzea ere. Etxebizitzaren prestazio osagarriaren edo etxebizitzaren prestazio ekonomikoaren hartzaile izango diren etxeak, helburuen arabera, hogeita zortzi mila zazpiehun eta berrogeita hamar izango dira hilean batez beste, Plana indarrean dagoen hiru urtean.

-Birgaitzeari dagokionez, egun dauden programak sendotzea da helburua (Birgaitzeko Renove Plana); horrela, guztira berrogeita hamabost mila bostehun eta hogeita hamar etxebizitza izango dira onuradun. Gainera, udal eta tokiko erakunde txikiei laurehun eta hogei plan edo obra egiteko laguntza ematea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsala bermatzeko asmoz.

Ildo beretik, bi mila eta hamazortzi-bi mila eta hogei aldian mila eta hirurehun igogailu instalatuko dira; horrek aukera emango du hamahiru mila etxeren irisgarritasun-baldintzak hobetzeko, igogailuak eta arrapalak jarriko direlako eta arkitektura-oztopoak kenduko direlako.

-Planaren xedea etxebizitza babestuen parkea ikuskatzen jarraitzea da, haren funtzio soziala bermatzeko, eta, horretarako, urtean bederatzi mila eta bostehun etxebizitza berrikusiko dira. Gainera, bi mila eta hogeian berrikuspena egin behar duten higiezinen hogeita hamabost mila EIT Euskoregiten erregistratuko direla espero dugu. Halaber, bi mila eta hogeirako, berrogeita hamar mila alokairu-kontratu erregistratuta izatea da helburua.

-Horrez gain, Planak beste jarduera batzuk ere aurreikusten ditu; horien helburu kuantitatiboak xumeagoak dira, baina, hala ere, garrantzitsuak. Besteak beste, nabarmentzekoak dira honako hauek: hirugarren sektoreko erakundeei ehun etxebizitza eta ehun eta berrogeita hamar lokal lagatzea, ehun etxebizitza 35 urtetik beherako gazteentzako pisu partekatuen programara zuzentzea, ehun etxebizitza etxegabetasunaren aurkako programara, hirurogei etxebizitza etxegabetzeen biktimei bizitegi-alternatiba eskaintzeko, eta beste hirurogei genero-indarkeriaren biktimei.

  1. AURREKONTUKO GASTUAK ETA FINANTZIAZIOA

Baina plan batek, intentzioen eta neurrien katalogo bat soilik ez izateko, babes finantzario sendo bat behar du. Eta bi mila eta hamazortzi-bi mila eta hogei Etxebizitzaren Plan Zuzendariak badauka: aldi horretarako aurrekontu gordina (Alokabide eta Visesa sozietate publikoak barne) mila bostehun eta hogeita bi milioi eurokoa da. Zenbakiak gehiago garbituz gero, eta Sailak bere sozietateekin dituen harremanak deskontatuz gero, etxebizitzan egingo den gastu publiko zuzena mila ehun eta hemeretzi milioi eurokoa izango da hiru urte horietan, EPO-EPEri dagozkion kontu-sailak barne.

Eta horiek ez dira baliabide bakarrak izango, Planak berrehun eta laurogeita hamar milioi euro mobilizatzea aurreikusten baitu, Euskadin jarduten duten kreditu-erakundeekin egingo ditugun urteko hitzarmen finantzarioen bidez.

Gure ustez, Plan Zuzendari hau ondo oinarritutako plana da, baita asmo handikoa ere. Horren bidez, bi mila eta hamabosteko Etxebizitzaren Legearen espiritua eta letra behar bezala garatuko dira eta, are gehiago, gure herrian etxebizitza duina izateko eskubidea nahi bat baino gehiago izateko oinarriak ezarriko dira.

Baina mundua ez da Euskadin amaitzen, eta gure eguneroko bizitzan eragina duten erabaki asko beste eremu batzuetan hartzen dira. Espainia, Europa eta mundu globalizatua ezin ditugu alde batera utzi.

Kezka handiz ikusten dugu alokairuen prezioen burbuila berriz ere ari dela handitzen, eta uste dugu etxebizitza-politika serioak ezarri eta koordinatu behar ditugula konpetentzia-maila ezberdinetan, berriki bizi izan ditugun akats handiak errepikatu ez baditugu nahi.

Jende askok gero eta zailtasun handiagoak ditu etxebizitza bat eskuratzeko edo daukana mantentzeko, eta erakundeok eta gizarteak ezin diogu errealitate horri ezikusiarena egin, gure aurrean eztanda egin dezake eta. Azken soziometroaren emaitzek ere, aurreko astean argitaratu zirenek, horixe ohartarazten dute.

Argi dago alokairuaren merkatuan eragina izateko Eusko Jaurlaritzan daukagun tresnarik onena dela alokairu-eskaintza publiko nahikoa eta prezio eskuragarrikoa bermatzea, eskariaren tentsioa baretzeko eta prezioak egonkortzeko.

Esan bezala, Plan Zuzendariaren bidez, helburu hori lortzeko oinarriak ezartzea da gure helburua.

Baina merkatuaren tentsioetan eragina izateko etxebizitza publikoaren masa kritikoa behar da, eta hori urrun daukagu. Aitzitik, lortzeak politiken jarraitutasuna eta pertseberantzia eskatuko du eta, gainera, politika horiei baliabide ekonomiko nahikoak zuzentzea. Eta, bitartean, higiezinen burbuilak, orain alokairuen merkatuan, mehatxu ezkutu gisa jarraitzen du, eta bere oinarrian dagoen prezioen espirala ez da gelditzen.

Nire ustez, epe motzean, estatuaren konpetentziei dagokie erantzuna. Hain zuzen ere, baina ez soilik, bi mila eta hamahiruan aldatu zen Hiri Errentamenduen Legearen berrikusteko beharra dago. Halaxe adierazi nien Sustapen ministroari eta autonomia erkidegoen ordezkariei Etxebizitza Sektoreko Konferentzian, aurreko martxoaren hamabostean Madrilen egin genuenean.

Beraz, kasu honetan Diputatuen Kongresuak bideratu behar du egoera arriskutsu hau. Mahai gainean badaude eztabaidatu beharko liratekeen proposamenak, badaude irtenbide bat behar duten premia sozialak. Txarrena da, inguruan horrenbeste zarata dagoenez, neurriak hartu beharko zituztenak ez direla momentuko premiei erreparatzen ari.

Beti defendatu dut hobe dela azkar erantzutea, batzuetan guztiz egokiak izan ez daitezkeen erabakiak hartzen badira ere, arazoak beren kabuz konpondu arte itxarotea baino. Nekez gertatzen da hori; aitzitik, ia beti larriagotzen dira denbora pasa ahala, eta orduan zailagoa da erantzun egokia ematea.

Horregatik uste dut neurri horien artean honako hiru hauek egon beharko liratekela, modu konbinatuan ezarrita:

  • Lehenengoa da alokairuko kontratuen epea bost urtera igotzea. Horrela, errentarien eta errentatzaileen arteko harremanari egonkortasun handiagoko etorkizuna eta ziurtasuna emango zaizkio.
  • Bigarrena da metro koadroko erreferentziazko prezioak ezartzea alokairuzko etxebizitzen kasuan, horien egoera eta ezaugarrien arabera eta, ahal izanez gero, udalen laguntzarekin.
  • Eta hirugarren neurria da, aurreko biak laguntzeko, zergak erabiltzea:
  • Udal-zergen kasuan, errentapeko etxebizitzen OHZn errekargu edo hobari bat ezartzea, erreferentziazko prezioak gainditzen dituzten ala ez kontuan hartuta.
  • PFEZri eta, kasua bada, sozietateen gaineko zergari dagokionez, etxebizitza alokatzearen ondoriozko etekinetan tasa mailakatu bat ezartzea. Tasa hori oinarrizko tasa batetik abiatuko da, errentaren prezioak erreferentziazko prezioa gainditzen ez badu, eta prezio handiagoen kasuan eskala bat garatuko da.

Ildo horretik, eta Plan Zuzendariak proposatzen dituen ekintzen betearazpenean, etxebizitzaren arloko proposamen fiskal batean egingo dugu lan, ondoren kontrastatuko dena eta, kasua bada, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organora bidaliko dena.

Gure ustez, etxebizitzaren eta alokairuaren tratamendu fiskala orain arte ibili den presioaren eta zerga-bilketaren eztabaidatik atera behar da, bete-betean etxebizitzaren politikaren eremuan sartzeko.

Foru honetan eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailean egiten ari garen gestioan adierazi dudan bezala, politika hori soziala izan behar da batik bat, eta bere lehentasuna herritarren premiei erantzutea izan behar da.

Besterik ez. Eskerrik asko, berriro, zuen arretagatik.

Edozein galdera erantzuteko prest nago.