partekatu
Idoia Mendia: “Emakumeek protagonistak eta liderrak izan behar dute ekonomian, lanean eta politikan”
Euskal Sozialisten idazkari nagusi Idoia Mendiak gaur aldarrikatu du desparekotasunari aurre egiteko, generoaren auziak gero eta leku handiagoa hartu behar duela agenda politikoan. "Izan ere, desparekotasuna egon badago. Esparru guztietan dago: lan-esparruan, hezkuntza-esparruan eta gizarte-esparruan” azaldu du 13 Rosas Rojas, Clara Campoamor eta Bidea Eginez elkarteek Barakaldoko talde sozialistaren laguntzarekin emakumeen eskubideen defendatzailea izan zen Clara Campoamorri eginiko omenaldian
Mendiak nabarmendu du premiazkoa dela genero-indarkeriaren aurka borrokatzea. Gainera, ezinbestekoa da “emakumeak gizarte-babesaren esparruan berariazko hartzaileak izateari utzi, eta ekonomia-, lan- edo politika-esparruetan protagonistak eta liderrak izatea”.
Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Saileko foru diputatu Teresa Laespadak parte hartu duen ekitaldi batean, PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu du Euskadin “emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino lau puntu gorago dagoela, emakumeek dutela lana aurkitzeko zailtasun gehien, eta, lana aurkitzen dutenean, baldintza okerragoak izaten dituztela”. Herri honetan, berdintasun-esparruko politika publikoak irauli behar ditugula esan du.
“EAJrekin gobernuko ituna sinatu genuenean hau esan genuen: gure helburu nagusietako bat emakumeen erabateko berdintasuna bermatzea zen. Eta lortzen ari gara. Atzo aurkeztu zen legegintzaldi honetarako gobernuko programa. Eta han zehaztu genuen, herriko helburu baten moduan, Euskadi genero-berdintasunaren arloan lehen 4 herrialdeen artean kokatzea. Gobernuko ekintza guztia eta gure ekimen politiko osoa gizon eta emakumeen artean berdintasuna bermatzera bideratu nahi dugu” adierazi du.