Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Etxebizitza duina, mugikortasun jasangarria eta hiri-berroneratzea, politika sozialisten ardatzak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 506,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean

Garraio arloak trenbide-azpiegitura hobetzea, hiriko garraio eskaintza eta Euskal Y-a jarriko ditu erdigunean

Etxebizitzak alokairu sozialeko 1.250 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, 7.200eraino iritsiz Bizigune programan

Auzo zaurgarrienen hiri-berroneratze integralak beste udalerri bat gehiago izango du, eta 4,2 milioi euroko aurrekontua

1. argazkia
El Consejero Iñaki Arriola interviene en el Parlamento Vasco | Foto: Parlamento Vasco

Etxebizitza duinerako eskubidea bermatuko duen etxebizitza sozialerako politika, mugikortasun osasungarri eta segurua bultzatzea eta lurraldearen eraberritze eta berroneratze jasangarria dira Iñaki Arriola sozialistak zuzentzen duen sailak 2021erako dituen jardueren hiru ardatzak, zeinak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin baitu bere aurrekontuak azaltzeko. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 506,9 milioi euroko zuzkidura izango du, 2020. urtean baino %5,4 gehiago. Hor ez dira sartzen Euskal Y-ra eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidera zuzendutako partidak, horiek Estatuaren kudeaketa-gomendio baten bidez finantzatuko dira eta. 

Iñaki Arriolak euskal Ganberan azaldu duenez, Euskotren enpresa publikoak 87,6 milioi euro bideratuko ditu mugikortasun jasangarri eta osasungarria bultzatzera, pertsonen eta salgaien lekualdatzea bateragarri egitera, aireportu-eredu integraturanzko urratsak ematera, plataforma logistiko intermodalak garatzera eta Euskadi-Akitania komunikazioak sustatzera. 

Gasteizen trenbide-sistema berritu egingo da, 10,5 milioi euroko balioa duten hiru unitate erosita. Merkantzien trenbide-garraioa indartzea ere aurreikusten da, tren-makinak interes orokorreko sarean zirkulatzeko moldatuz. Eta Donostialdean Topoaren lur azpiko saihesbidea abian jartzeko prestatutako da. 4 tren-unitate berri eraikitzea eta egun zerbitzua ematen ari direnak berritu eta trazadura berrira eta eskaera handiagora moldatzea ere aurreikusten da.

Azpiegituren Zuzendaritzak 174,4 milioi euro izango ditu trenbide-azpiegitura hobetzeko. Horien artean daude Topoaren lurpeko pasanteari jarraipena ematea Donostian (29,7 milioi), Altza–Galtzaraborda tartea (3 milioi), Zarauzko geltoki berria (2 milioi), trenbide berritzeak (6,9 milioi), geltokiak, azpiegiturak eta segurtasuna oro har hobetzea (13,6 milioi), Eibar-Azitain trenbidearen integrazioa (1,06 milioi), eta transferitutako lineak hobetzea (1,3 milioi). 

Hiriko garraio publikoaren aldeko behin betiko apustua honako egitasmo hauetan zehaztuko da: Gasteizen tranbia Salburua auzoraino eramatea (8,9 milioi), Bilboko tranbia Atxuri-Bolueta tartean hedatzea (5,3 milioi), eta Donostian, Leioan eta Gasteizen autobus elektrikoa jartzeko milioi euro inguruko finantzazioa. Horiei guztiei, Bilboko Metroa kudeatzen duen Garraio Partzuergoarentzako ekarpena gehitu behar zaio (49 milioi).

Euskal trenbide sare berriaren bidez Europako trenbide sarera lotzeko, berriz, 63,94 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa zuzendu da. Kopuru horretatik, 58,6 milioi euro Estatuaren kudeaketa-gomendio bidezko kredituekin Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutakoak dira, eta 5,2 milioi finantzazio propiokoak. Proiektu nagusiak Hernani-Astigarraga tartea (22 milioi euro) eta Atotxako Tren Geltokia (19 milioi euro) dira.

Espainiako Ogasun Ministerioarekin eta Adif-ekin egindako lankidetza-hitzarmenaren bidez lizitaziora aterako dira Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen hainbat tarte, ezinbesteko azpiegitura dena Bilboko Portua bertako trenbide sarearekin lotzeko eta salgaiei Ezkerraldeko herritarrei ahalik eragozpen gutxien sortuz sarrera eta irteera emateko.

Etxebizitza arloan, bestalde, aurrekontua 161,4 milioi eurokoa da, eta horiei Visesa eta Alokabide sozietate publikoenak gehitu behar zaizkie. Hala, Visesak 99,8 milioi euro izango ditu 2021erako, eta Alokabidek beste 92,8 milioi. Era horretan, etxebizitzarako aurrekontu kontsolidatua 271,2 milioi euroraino heltzen da.

 

Eskubide subjektiboa gauzatze aldera –8.500 etxek aitortua izango dutena ekitaldia amaitzerakoan–, alokairuzko etxebizitzak esleituko dira Alokabidek kudeatutako parke publikoaren txandatze bidez, Bizigunek erakarriko dituenez, etxebizitza sozial berriak eta zuzkidura-bizitoki gehiago esleituz, eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoak (EPE) ordainduta. Horrez gain, alokairu eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko 1.250 etxebizitza, babes ofizialekoak zein alokairuzko zuzkidura-bizitokirakoak, eraikitzen hastea aurreikusten da.

 

Gazteen emantzipazioa bultzatzea lehentasun izaten jarraituko du, etxebizitzarako sarbidea eskainita. Helburu horren harira dator zuzkidura-bizitokiak sustatzearen aldeko apustua, gazteentzako %40rainoko kupoak ezartzea eta Gaztelagun programaren barruan alokairurako ematen diren laguntzak. Laguntza horiek 2.500 pertsonengana iritsiko dira ekitaldi amaieran.