partekatu
“Merezi zuen sozialista izatea, tiroka ere ezin izan zutelako gurekin”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Jesus Eguigurenen esaldia azpimarratu du PSE-EEk Euskadiren historiari egin dion ekarpenari buruz, azken horren Memorias Políticas. El infierno en la transición vasca. Reflexiones. El fin de ETA según ETA [Memoria politikoak. Infernua euskal trantsizioan. Gogoetak. ETAren amaiera ETAren arabera] izeneko liburuaren aurkezpenean.
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarentzat, bere garaiari aurreratutako pertsona izan da Jesus Eguiguren, eta askotan ez-ulertua izan zen arren denborak arrazoia eman izan dio, haren ekarpena funtsezkoa izan delako egungo Euskadiren eraikuntzarako. Anduezak hitz horiek zuzendu dizkio PSE-EEko presidente ohiari Memorias Políticas. El infierno en la transición vasca. Reflexiones. El fin de ETA según ETA [Memoria politikoak. Infernua euskal trantsizioan. Gogoetak. ETAren amaiera ETAren arabera] izenburua daraman haren liburuaren aurkezpenean.
Buruzagi sozialistak Donostiako Miramar jauregian esan duenez, liburua “eskuzabaltasun ariketa” eta “historia eskuliburu” bat da “frankismoari, trantsizioari, terrorismoari, minari eta, batez ere, bakeari eta askatasunari buruz eskaintzen duen 50 urte baino gehiagoko gainbegiradagatik”. Eta esan du Eguiguren beti “egia aurretik” ibili izan dela. “Lur honetan sustraiturik den sozialismo horren balio eta printzipio demokratikoak hezurmamitzen ditu, printzipio horien konbikzioa, hitzaren balioa eta etorkizun hobeago bat izatearen aukera”, adierazi du Anduezak, eta Eguigurenek bere liburuan jasotzen dituen esaldietako bat azpimarratu du: “Merezi zuen sozialista izatea, tiroka ere ezin izan zutelako gurekin”.
Jesus Eguigurenek, bere aldetik, ETAk bere azken urteetan izan zuen “akitze fasea” ekarri du gogora, eta jarduera terrorista bere azkenera heltzen ari zen “intuizioa” nola izan zuen kontatu du, klase politikoaren gaitzespen bat baino gehiago ekarri izan ziona. “Ni guztiz sinetsirik nengoen heldu zela hitz egin zitekeen unea”, esan du talde terroristarekin izandako elkarrizketei buruz. Eta ETAko buruzagi zen Francisco Javier Lopez Peña Thierryk sozialistei pribatuan aurpegiratzen ziena gogoratu du: “Zuen erruz ez dugu irabazi Euskadin”. Eta berak ere gauza bera pentsatzen zuela hain zuzen, baina kontrako norabidean. PSE-EEko buruzagi ohiarentzat, “Franco nola hil zen ohean, ETA ere ohean hil zen, haren jarraitzaileek garai berrira egokitzeko formula bilatu zutelako. Ondorioz, amaiera hark “sekuelak” utzi ditu Euskadin, gizarte zati baten “antiespañolismoa”, esaterako.
Rodriguez Zapateroren Gobernuak talde terroristarekin izan zituen elkarrizketen xehetasun batzuk aletu ditu Eguigurenek, eta Enrique Casas edo Fernando Buesa bezalako buruzagien garrantzi politikoa eta sozialistak protagonista izan diren Euskadiren historia politikoaren funtsezko uneak azpimarratu ditu, EAJ alderdian gertatu zen zatiketa handiaren osteko lehen Gobernu Akordioa, esaterako.