Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   JSE-Egazen X. Biltzarra

Idoia Mendia: “Gure nagusiak babestuko dituzten eta gazteei aukerak eskainiko dizkien Aurrekontu batzuk behar ditugu”

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak “batera lan egiteko" dei egin die eragile ekonomi eta sozialei JSE-Egazen X. Biltzarraren amaiera ekitaldian, krisitik “guztiok” irteteko

1. argazkia
Víctor Trimiño, Idoia Mendia, Azahara Domínguez y Omar Anguita en el X Congreso de JSE-Egaz | Foto: Socialistas Vascos

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakariordeak, Idoia Mendiak, Espainian ahulenak babestuko dituen Aurrekontu batzuk izateak duen garrantzia azpimarratu du, eta oposizioari eta eragile sozial eta ekonomikoei egin die dei krisi ekonomikotik batera irten eta Covid-19aren ondorioak gainditzeko. “Dena dugu jokoan. Bizi dugun errealitateari erantzungo dioten Aurrekontu batzuk behar ditugu. Ahulenak erreskatatuko dituztenak, gure nagusiak babestuko dituztenak eta gazteei aukerak eskainiko dizkienak. Europako proiektu eraldatzaile handian kabituko diren Aurrekontu batzuk behar ditugu Espainia osoan", azaldu du Idoia Mendiak.

@JSE_Egaz-en X. Biltzarraren amaiera. Ahulenak erreskatatuko dituzten, gure nagusiak babestuko dituzten, gazteei aukerak eta langileei eskubideak eskainiko dizkien Aurrekontu batzuk behar ditugu.
Guztiok aurrera egiteko elkarrekin lan egiteko garaia da. #NadieSeQuedaAtrás pic.twitter.com/GWuKgcDnYp

— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) September 20, 2020

Euskadiko Ezkerrako Gazteen (JSE-Egaz) X. Biltzarraren amaieran, buruzagi sozialistak uko egin dio kontu publikoen onarpena PSOEren edo Gobernuko presidentearen garaipentzat hartzeari. “Hau ez da Pedro Sánchezen edo Alderdi Sozialistaren arrakasta kontua. Gizarte osoaren arrakasta da. Beraz, guztien erantzukizun eta herrialde-senari egiten diot dei. Ez ditzagun jar etiketak, jar gaitezen lanera batera, elkarrekin herrialdea aurrera ateratzeko”, esan du gazte sozialisten aurrean.

Lehendakariordeak Euskadiko oposizioari eta gizarte osoari ere egin dio dei. “Batera egin nahi dugu lan, honetatik irten nahi dugulako, denok batera irten ere. Sozialistoi ez zaigu aski gehiengo absolutuaz gobernatzearekin. Euskadi berreraikitze kontuan ez da ideiarik soberan”, erantsi du. 

Idoia Mendia oso kritiko azaldu da "ezertaz enteratu ez" eta pandemiagatik bizi dugun egoera ulertu ez dutenekin, eta alderdi politiko jakin batzuei leporatu die “herrialdearen etorkizunarekin ausarkeriaz jokatzea”. "Ez dira jabetu guztiontzat ezohikoa den egoera batean gaudela. Edo guztiok salbatuko garela, edo guztiok hondoratuko garela. Bada uste duenik politika egitea etengabe hauteskunde kanpainak egiten aritzea dela, baina ez da horrela. Politika da herritarrek ematen dizkizun botoak erabiltzen jakitea erabaki publikoetan eragiteko. Jendeari eragingo dietenetan, alegia. Bizitzak eraldatzen eta hobeagoak, seguruagoak, egiten dituztenetan. Alderdi batzuk bere arduragabekeriarekin eta etengabeko taktizismoarekin erakusten ari direna da ez dakitela ez eragiten, ez eraldatzen ez ezer hobetzen”, nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritza berria eratu ondorengo bere lehen parte-hartze publikoan, Idoia Mendiak adierazi du harro egotekoa dela Lehendakariordetzaren erantzukizuna eta Lan eta Enplegu Sailaren lidergoa onartu izana, eta sentimendu hori Iñaki Arriola eta Javier Hurtado sailburu sozialistekin partekatzen duela. Eta azpimarratu du jada uztaileko hauteskundeetara aurkeztu zen PSE-EEren hauteskunde-programan jasotzen zela exekutibo "sendo eta plural baten bide-orri argia".

“Gogoratuko zarete nola esan nuen boto sozialista guztiak Euskadiren berreraikuntza sozialerako eta guztiekin akordioak bilatzeko izango zirela. Bakar bat ere ez konfrontazio estrategietarako. Eta horixe da Gobernu honekin egin izan duguna: banantzen gaituen guztia alde batera utzi eta berreraikuntzara bideratzea. Egun hartan esan nuen boto sozialista guztiak guztiok tokia izango dugun Euskadi baterako izango zirela, guztiok osasuna, zaintza, soldata duin bat eta berdintasuna bermaturik izango dugun baterako.

Eta horixe jasotzen du gobernu akordioak”, azaldu du. Berariazko aipamena egin dio, halaber, Gazteriaren Euskal Legeari, emantzipazioa eta etxebizitzarako aukera laguntzeko Gazte-lagun programa hedatzeari edo Gazteen Enplegu Planari.

Idoia Mendiak zorionak eman dizkio Víctor Trimiñori JSE-Egazen idazkari nagusi hautatu dutelako, eta eskerrak eman dizkio gazte antolakundearen estatuko arduradun nagusiari, Omar Anguita diputatuari. Halaber, gazte sozialistei eskatu die eutsi diezaiotela pandemia eta haren ondorioak gainditzea posible izango denaren fedeari, eta horren gaineko garaipena Euskadin askatasuna lortzearekin eta terrorismoari amaiera ematearekin alderatu du.