partekatu
Eneko Andueza: “Sailburu sozialistek badakite arduren buru izaten, oso argi dituzte beren helburuak, eta gure politikak erreferenteak dira”
PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan eta gainerako erakundeetan egindako lana eta foru aldundietako aurrekontuetan ezkerreranzko norabidea nola hartu den aintzatetsi du Batzorde Exekutiboaren urteko azken bileran
PSE-EEko idazkari nagusia kritiko agertu da EAJrekin: “Datozen hilabeteei komeni zaigu hauteskunde-sukarrik gabe eta horrek alderdi batzuetan eragin dituen nahi gabeko ondoriorik gabe heltzea”
“Ez dira nahastu behar Gobernua eta alderdia eta interes partikularra eta euskal herritarren interesak”, esan du Pradalesen eta Estebanen adierazpenen ondoren
“Pluraltasuna eta aniztasuna oso estimatuak dira Euskadin, eta bada ordua EH Bildutik ere hori onartzeko”, adierazi du azken asteotako gorabehera eta mehatxuen inguruan
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, esan du euskal politika bide onetik doala, Alderdi Sozialistak bultzatzen dituen politika aurrerakoietara zuzentzen delako, akordioetan oinarrituta eta eskuinak eta eskuin muturrak beste esparru batzuetan bultzatzen duten amorrutik urrun. Dena dela, buruzagi sozialistak “hauteskunde-sukarrak” Euskadin alderdi batzuetan izan dituen ondorioez ohartarazi du PSE-EEren Batzorde Exekutiboak gaur arratsaldean egin duen bileran.
“Logikoa da, eta zilegi, alderdi politiko guztiak datozen hauteskundeetarako prestatzea, batik bat, 2027ko udal eta foru hauteskundeetarako, baina komeni zaigu datozen hilabeteak hauteskunde-sukarrik gabe eta horrek eragin dituen nahigabeko ondoriorik gabe heltzea” azaldu du EAJri eta EH Bilduri erreferentzia eginez.
Eusko Jaurlaritzaren legegintzaldiko lehen urte osoaren balantzea egin du Anduezak zuzendaritza sozialistaren aurrean. “Ni oso gogobeterik nago, sailburuak ari direlako erakusten badakitela gidatzen, oso argi dituztela euren helburuak, hots, Gobernu Akordioan jasotzen direnak, eta Enplegu, Mugikortasun, Etxebizitza, Turismo eta Giza Eskubideetako politikak erreferenteak direlako”, azaldu du. Eta nazionalisten erantzukizunpeko beste arlo batzuek ere, Osasungintzak edo Industriak esaterako, hartu duten “bultzada” azpimarratu du.
Horrez gainera, toki eta foru esparruetan egin izan den lana goratu du, zeinetan Aurrekontuak adostuz helduko baitiote legegintzaldiaren azken txanpari hiru aldundietan eta udal ez oso gutxitan. “Zerga-erreformaren sinadurak ekarri zuen ezkerreranzko joera aldundietako kontuetan sendotu da, hori ere lortu dugu”, gogoratu du.
Esparru organikoari dagokionez, Anduezak esan du Donostian otsailean egin zen hamargarren kongresua batasun erakustaldi bat izan zela, baina, batez ere, PSE-EEren anbizioaren erakustaldi bat izan zela, eta Alderdiak presentzia, eragina eta lidergo instituzionala areagotzeko helburuarekin heldu diola egungo agintaldiari.
“Nahiko ondo bete dugu, nire ustetan, konplexurik gabe eta geure ahotsarekin aritzeko helburua, politika baliagarria aldarrikatuz beti, ameskerietatik urrun eta egonkortasunaren, interes orokorraren eta aurrerabiderako eta justizia sozialerako gure helburuen kontra baino ezin diren egon haustura-egitasmoetatik urrun dena”, adierazi du.
Eneko Andueza kritiko azaldu da buruzagi nazionalistek azken egunotan egin dituzten adierazpenen eta diskurtsoen harira, hauteskunde-interes bat nabari zaielako, haren esanetan. Eta lehendakariaren hitzak ekarri ditu gogora, hots, Pradalesek EAJk Espainiako Gobernuari ematen dion babesa transferentziekin lotu zuena, eta Aitor Estebanek EAJren Batzar Nagusian egin zuen diskurtsoa, auzitan jarri baitzuen Pedro Sanchezen Exekutiboaren jarraipena.
“Ez dira nahastu behar Gobernua eta alderdia, interes partikularra eta euskal herritarren interesak. Eta komeni da errepikatzea egonkortasuna zera estimatua dela erakunde guztietan. Espero dut lehen aipatzen nuen hauteskunde-sukar horrek ez digula eragotziko argi ikustea Gobernu sozialistak duela eraginik onena ongizateari buruz, egoera ekonomiko inbidiagarriari buruz, enpleguari buruz, pentsioei, gutxieneko soldatari eta euskaldunei eragiten dieten hainbat eta hainbat konturi buruz”, adierazi du.
EH Bilduri buruz, berriz, PSE-EEko idazkari nagusiak esan du nahitaezkoa dela inolako arrakalarik gabeko konpromiso demokratiko bat, Ernai edo GKS bezalako erakundeek eragindako azken gertaera biolentoak direla-eta. “Ez ditugu normalizatuko liskarrak, gazteak Ertzaintzari aurre egiten ibiltzea, pankartekin mehatxuka aritzea edo sare sozialetan pertsonak seinalatzea, alderdi politikoen egoitzak erasotzea edo aspaldiko erara banderen gerra bati ekiteko erakunde bati erasotzea. Pluraltasuna eta aniztasuna oso estimatuak dira Euskadin, eta bada ordua EH Bildutik ere hori onartzeko”, esan du.