partekatu
• #U23-ko Hauteskunde Orokorrak
Eneko Andueza: “U23-ak berretsi du PSE-EE dela aukerarik fidagarriena politika aurrerakoiak lideratzeko eta eskuina eta eskuin muturra gerarazteko”
PSE-EEko Batzorde Exekutiboak Pedro Sanchezi eman dio babesa Espainian aurrerabideko Gobernu bat eratzeko duen asmoan
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, esan du U23-ko hauteskundeetako garaipenak berretsi dutela sozialistak direla aukera fidagarriena Euskadik eta Espainia osoak horrenbeste behar dituzten “politika aurrerakoiak lideratzeko eta eskuina eta eskuin muturra gerarazteko”. Igandeko emaitzek espazio sendotu bat finkatzera etorri dira, baina oraindik hazten jarraitzeko ibilbidea nahiz potentzialitatea duena, Alderdi Sozialista erreferentziatzat hartuta. “Emaitza honek eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan lortu genituenak euskal gehiengo batek babesten dituen politika aurrerakoien alde egiten segitzeko kemena ematen digu, langileria klase zabal baten interesei erantzuten dielako, gizarte ezkutua sustatzen dutelako eta aberastasunaren banaketa hobe bat bilatzen dutelako”, adierazi du.
“Une honetara arte kontatu izan diren 289.826 botoek –orain dela lau urte baino 62.000 boto gehiago dira– garbi uzten digute PSE-EE erreferente bat dela, halaxe aitortu izan digute eremu guztietatik eta Espainia osotik”, adierazi du Anduezak antolakuntzak egin duen ahaleginari ere eskerrak emanez, “lehendik ere foru eta udal hauteskunde gogor batzuen zamarekin zirenean”. “Hiru hiriburuetan irabazi dugu, lehendik ere emaitza onak jasota genituen udalerri askotan irabazi dugu, baina baita olatu honetara gehitu diren beste batzuetan ere, eta etorkizunean ere horiekin kontatzea espero dugu, ikusten dugulako aintzat hartzen dela hor ere sozialisten lana”, adierazi du.
PSE-EEko Batzorde Exekutiboak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari eman dio babesa Espainian aurrerabideko Gobernu bat eratzeko duen asmoan. “Hauteskunde orokor hauetan Euskadin sozialistek lortu izan dugun garaipenak ematen digun autoritatearekin egiten dugu, baina herrialde osoko gehiengo sozial zabal baten nahia denaz jakitun”, esan du Eneko Anduezak.