partekatu
Eneko Andueza: “Carmen Calvoren bezalako adibideek erakusten digute berdintasunaren aldeko borrokan izan diren aurrerapenen historia luzea”
PSE-EEko idazkari nagusiak “irmotasuna” eskatu du diskriminazioko, indarkeria matxistako edo jazarpeneko “jarrera onartezinen” aurrean Lentxu Rubial sariak ematean, eta “arrakalarik gabeko” konpromiso bat eskatu, “are hurbiltasunagatik bereziki min ematen digunean”
PSE-EEko idazkari nagusiak, Eneko Anduezak, Carmen Calvok Espainiako historia hurbilean emakumeen eskubideen aldeko bilakaeran eta defentsan izan duen ibilbidea azpimarratu du, eta esparru horretan urrats bakar bat ere atzera ez egiteko dei egin du genero-indarkeria, jazarpena eta eraso matxistak modu eraginkorragoan borrokatu ahal izateko. “Carmen Calvoren bezalako adibideek erakusten digute berdintasun aldeko borrokan izan diren aurrerapenen historia luzea”, esan du.
“Bataila horretan jarraitzen dugu. Benetako berdintasuna lortzetik oso urrun gaude oraindik, zoritxarrez. Eta ez dugu aurrera egingo arrakalez, kristalezko sabaiez, diskriminazioa, indarkeria matxistaz, jazarpenaz, jarrera onartezinez eta abarrez hitz egiten jarraitzera beharturik garen bitartean. Hurbil daukagu. Badakigu. Horregatik, gure konpromisoa, emakume zein gizonena, indartsua izan behar du, arrakalarik gabea, baita hurbiltasun horregatik modu berezian min ematen digunean ere. Eta irmoak izan beharra dugu”, adierazi du.
- Lentxu Rubial Berdintasuneko Sariak emateko Barakaldon izan den ekitaldian, Anduezak “etsenplu eta gida” gisara azaldu du Carmen Calvo, estatu mailako saria eman diotena, emakumeen eta gizonen arteko aldeak desagertzeko egindako bere lan guztiagatik. “Urrats bat ez, urrats asko ematea erabaki zuen, eta historikoki emakumeen kontra jazo izan den injustizia sozialari amaiera emateko erronka bere gain hartzen joan izan da erantzukizun politikoetako bakoitzean”, adierazi du.
Eneko Anduezak frankismoak emakumeen eskubideentzat ekarri zuen atzerapena gogoratu du, sozialistek hainbat urtetan berdintasunaren alorrean egin izan duten lanari balioa emateko. “Beren fabrika eta tailerretako lanari utzi eta etxe zulotan sartzea ekarri zien, euren senarren esanetara eta haurren eta adinekoen zaintzari osorik emanik egoteko. Horixe izan zen haien unibertsoa lau hamarkadetan”, deitoratu du.
“Halakoxe egoerari egin behar izan zioten aurre gure amek, gure amonek eta gure herrialdeak bizi izan dituen artetik garai beltzenean bizitzeko zoritxarra izan zuten emakume guztiek, hots, 36ko estatu-kolpetik hasi eta ondorengo lau hamarkadetan ezarri zen ondoriozko diktadura bitartean”, azaldu du.
Buruzagi sozialistak, bestetik, esan du “gizonezkoak oso garrantzitsuak” garela berdintasunaren aldeko borroka horretan. “Aldatu beharrean gara, hori garbi dago, aurrera egin nahi badugu eta konponbide bat benetan aurkitu nahi badugu”, adierazi du. Eta “Carmen bezalako emakume irmoak, ahaldunduak, erreferenteak, irudimendunak eta gauzak garbi dituztenak” egoteko dagoen premia azpimarratu du gizarte are berdinzaleago eta bidezkoago baten alde lanean jarraitzeko.
Eider Gardiazabalek, Barakaldoko 13 Arrosa Gorri Elkartearekin batera –Marisa Gonzalez da horren buru– sariak elkarlanean antolatzen dituen Ramon Rubial Fundazioaren presidente denak, esan du “aurrerapen bakar bat ere” ez dagoela ziurtatuta, “ezta berdintasunarekin lotutakoak ere, eta ezin diogula utzi “adi egoteari”. “Ezin diogu utzi adi egoteari. Lanean jarraitu beharra dugu egunero, atsedenik gabe. Berdintasunak ez duelako berak bakarrik aurrera egingo, gure laguntza behar du”, adierazi du. Eta Lagunak Elkarte Animalista eta Loli Garcia, 2017tik 2025era bitartean Euskadiko CCOO idazkari nagusi izandakoa, zoriondu ditu, Carmen Calvorekin partekatu baitituzte edizio honetako sariak.
Barakaldoko PSE-EEko idazkari nagusiak, Alba Delgadok, Barakaldoko sozialisten ibilbidea azpimarratu du. “Beti egon izan gara engaiatuta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunarekin, hauteskunde-zerrendetara parekidetasuna heldu baino askoz lehenagotik, demokraziaren hasieratik, zuen Alderdi Sozialistak bere zerrendetan, abiaburuko postuetan, emakumezko ehuneko handiena. Aintzatespen hori dagoeneko jasoa duten Lorenza San Martin, Blanca Pera eta Esther Urzaiz bezalako pertsonak ezinbesteko ardatzak izan ziren, eta jarraitzen dute oraindik ere izaten, Barakaldon berdintasuneko politikak garatzeko”, azaldu du.
Barakaldo “2000. urtetik gobernu sozialistak dituen udalerri bat” dela gogoratu du, eta berdintasun-planak sustatu izan dituela bata bestearen ondoren, emakumeei baliabideak ekarri dizkiena, “euren autonomia indartuz eta elkarteen sare sendo bat eraikiz, Hamahiru Arrosa Gorri, kasurako, gaur egun egiazko erreferente bat dena”, esan du.
Ekitaldian parte hartu izan dute, halaber, Maria Guijarro Estatuko Berdintasunerako eta Emakumeen kontrako Indarkeria Desagertzeko idazkariak eta Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko foru diputatuak. Mikel Torres lehendakariordea, Idoia Mendia eurodiputatua, Alfonso Gil senataria, Santi Martinez Euskadiko CCOOko idazkari nagusia eta Marijose Blanco Portugaleteko alkatea ere ekitaldian izan dira.