Autor: Oscar Rodríguez, Secretario General del Grupo PSE-EE en el Parlamento vasco
Fuente: Berria
Egungo gobernuaren ekintza publikoa ez da ari ezberdintzen gaituzten nortasunetan, biztanleok dauzkagun benetako arazoetan baizik, Euskadiren pluraltasuna eta aniztasuna errespetatuz. Elkartasuna agertzen duen Euskadi nahi dugu; gure ongizate estatuaren iraunkortasuna bermatzeko osasun zerbitzuen eta gizarte politiken erreformari aurre egingo diogu. Euskadi iraunkorra izan dadila nahi dugu; administrazioaren erreforma bultzatuko dugu, eraginkorragoa izan dadin; bestalde, ere garraiobide modernoago bat ari gara eratzen. Bukatzeko, Euskadi lehiakorrago baterantz jotzeko, ikerketaren, garapenaren, berrikuntzaren eta nazioarteko dimentsioa eskuratzearen aldeko apustu sendoa martxan dago.
XXI. mendeari aurre egiteko erreforma sakonen gai zerrendari esker, aldi berri bat hasi duen gobernu bat dugu. Horregatik lau urteetan bukatuko ez den proiektu baten aurrean gaude. Alderantziz, Euskadiren begirada hurrengo mende laurdenera zuzentzea da helburua.
Baina, hasieran esan dudan legez, sistema demokratiko batek kalitatea izan dezan, gobernatzen duen gobernu bat izatea bezain garrantzitsua da bere funtzioa betetzen duen oposizio bat edukitzea.
Oposizioaren lanak hiru baldintza bete behar ditu: funtsaz kritikatzea -noizean behin era onuragarrian baldin bada, hobe-, politika alternatiboak aurkeztea eta adostasunen esparruak definitzen jakitea. Hori da azken urteetan guk geuk egin genuen oposizioa, eta ezin daiteke esan gaizki egin genuenik. Baina benetan uste dut Euskadin egungo oposizioaren alderdi nagusiak aipatu hiru gauzetatik ez duela ezer egiten. Jarraian azalduko dut esan nahi dudana.
Kritikari dagokionez, egunero ohartzen ari naiz EAJk gobernuari kritika egiten diola, Patxi Lopez izeneko euskalduna Lehendakaritzan eta PSE-EE gobernuan izatea ez duelako onartzen. Lehendabiziko egunetik aurreikuspen apokaliptikoak egiten ari dira, eta horiek ez dira inoiz betetzen. Dudarik gabe, boterea galtzearen digestio txarrak -eta luzeegiak- deskalifikazioz beteriko mezu katastrofistak botatzera behartzen du oposizioa.
Alternatibei dagokienez, Eusko Legebiltzarrean astero egiazta daiteke ez dituztela aurkezten. Asko kritikatzen dute gobernuaren ekintza publikoa, baina egiten ez dutena da euren proiektu alternatiboak aurkeztu. EAJk alternatibak aurkeztea ekimenak aurkeztearekin nahastu du. Azken horietariko asko aurkezten dituzte, baina kalitatea ez zaie inporta, kopurua aukeratu baitute. Dirudienez, pisura aurkezten dituzte ekimenak!
Alternatibak ez aurkezteaz gain, horiek zuzendu ditzakeen inor ez dute. Edo, ba al daki inork gaur egun Euskadin EAJren proiektua nork lideratzen duen? Buru formalak agintzen du edota gainontzeko buru espiritualak? EAJk indar abertzale guztien katalizatzailea izan behar duela defenditzen dutenek agintzen dute edota fronte abertzalea zapuzten dutenek? Eta horri buruzko erabakia ez hartzearren, ihes egiten dute etengabe. Ezaguna da aberriaren esentzia arriskuan jartzen duenaren kontrako gehiegizko kritika, metodo eraginkor bat dela euren lerroak estu mantentzeko, baina ez bere lidergo arazoa konpontzeko. Lehendakariak luzatutako akordiorako eta elkar ulertzerako eskaintza errepikatuei erantzuna eman beharrean, barne-oreka ariketak ugari egin behar dituzte.
Adostasunerako esparruen definizioarekin bukatuko dut. Oposizioaren alderdi nagusiak ez du halakorik egiten ikasi oraingoz. Gogoratzea besterik ez dago Eusko Legebiltzarrean bertan bizitako ikuskizun lotsagarri hura: 2010. urtean Euskadin aurrekontuen oreka bermatzeko PSE-EEren eta EAJren artean lortutako akordioari «ez erasotzearen hitzarmen» deitu zion bozeramaile jeltzaleak. Ekonomia arloan akordioak soberan bagenitu ere!
EAJk jakin beharko luke ezin dela egun batean erakundeei zilegitasuna kendu eta hurrengo egunean euren egonkortasuna bermatzen duten akordioak eskaini. Argitasuna eta bide bakar bat behar da. Ordua da Euskadiri buruzko antzinako diskurtsoak bertan behera uzteko eta bertan bizi diren hiritarrengana gerturatzeko, krisiaren aurka borrokatzeko politika zehatzak adosteko eta geure erakundeei ospe ona emateko. Badakigu EAJ ez dela guztiaren erantzulea, baina zer edo zeri erantzuteko ordua iritsi zaio.

Socialistas Vascos / Euskal Socialistak