Egilea: Oscar Rodríguez, Legebiltzarkidea eta Euskal Sozialistak legebiltzar taldearen idazkari nagusia
Jatorria: Berria
Euskadiko eztabaida politikoaren ardatzak aldatzea ez da batere erraza izan. Egia da gure meritua ez dela bakarrik izan, gure ahaleginari nazioarteko egoera gehitu behar zaiola. Edozein modutan, gure iraganari eta gure herriaren hilzoriko orainari egun osoan bueltak eman beharrean, jendeak etorkizunari begira dituen benetako kezketan arreta jartzen ari garela: krisi ekonomikoaren aurkako borroka, Ongizate Estatuaren erreforma eta ETA talde terroristaren zein ETAren aldekoen kontrako borroka.
Eztabaida politikoaren ardatz berri hauek agian ez dira izan batzuen gustukoak, baina hauxe izan da agenda politikoa. Agenda aldaketa honi esker -ETA talde terroristaren ekintza ezarekin batera, ez dut ahazten- euskal politika baretu da. Eta horixe behar dugu, hain zuzen ere, Euskadi batuagoa eta kohesionatuagoa lortzeko.
Gure aldetik, datorren kurtso politikorako agenda -Patxi Lopez lehendakariak politika orokorrari buruzko lehendabiziko eztabaidan hasiera emango diona, alegia- ez da aipatu hiru ardatzetatik gehiegi aldenduko.
Dudarik gabe, krisi ekonomikoaren aurkako borroka kurtso berri honetan suertatuko diren eztabaida gehienetan izango da hizpide. Kurtso berria, hain justu ere, Gorte Orokorren, Eusko Legebiltzarraren eta hiru lurraldeetako Batzar Nagusien aurrekontuak adosteko negoziazioekin hasiko da, Euskadin erakunde egonkortasunaren bermatzaileak direnak, bestalde. Euskadira etorriko diren lan politika aktiboen eskualdatzeak ere eztabaida ardatz honetan koka daitezke.
Agerikoa da Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituen erreformek agendaren zati bat hartuko dutela. Dudarik gabe, lehen aipatutako Ongizate Estatuaren egonkortasunari dagozkionek. Bereziki, atal bat hartuko dute kurtso honetan gure produkzio egituraren berrikuntzarekin, lehiakortasunarekin eta modernizazioarekin harremanetan daudenek. Zentzu honetan, kurtso honetan abian dagoen hezkuntza eredu hirueleduna (hezkuntzan Euskadiko bi hizkuntza ofizalak ingelesaren bultzadarekin bateratzeko apustuarekin) eta datorren urtarrilean gobernuak onartuko duen Zientzia, Teknologia, Berrikuntzarako Plana izango dira bi funtsezko mugarriak.
Jakina, iragartzen ari den bezala, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin sintonia ezin hobean eta Frantziako Gobernuaren parte-hartzearekin batera, ez du etsiko terrorismoaren kontrako borrokan, ezta ere oraindik biolentziaren alde agertzen direnekin bere «zero tolerantzia» politikan. Ibilbide orria ondo taxututa dago eta ez dago zertan aldaturik; batez ere, begi-bistakoak diren emaitzak ateratzen direnean, ETAk zabaldu duen adierazpena ez-nahikoa eta ezker abertzalearen erantzuna epela izan arren. Honen guztiaren ondorioz, hiritar askeen Euskadi lortzea egongo da agenda politikoaren podiumean.
Bukatzeko, kurtso berria markatuko duten beste bi elementu gaineratu ahal daitezke. Bata, 2011ko udal eta foru hausteskundeak, Euskadi eta lurraldeak gobernatzen dugunontzat oso hitzordu garrantzitsua direnak. Eta EAJko kide batzuekin loturiko ustezko ustelkeria eta espioitza kasuen inguruko ikerketa Legebiltzarrean. Nahitaezkoa da ikerketarekin aurrera egitea, polikariek hiritarrei gardetasun eta zintzotasun borondatea agertu behar dietelako. Espero dut ez batak ez besteak Euskadin, behingoz, dugun lasaitasun giroa gehiegi ez nahastea.

Socialistas Vascos / Euskal Socialistak