Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendiaren, PSE-EEren idazkari nagusiaren, hitzaldia Batzorde Nazionalean

Idoia Mendiaren, PSE-EEren idazkari nagusiaren, hitzaldia Batzorde Nazionalean


Bilbo, 2019ko martxoaren 10a

Egun on.

Ezohiko Batzorde Nazional honetan bildu gara gure elkarteek eta Probintzia Batzordeek jadanik babestu dituzten zerrendak onartzeko xedez, baina, gainera, bilera hau egokia dela uste dut sozialistok bizitzen ari garen une politikoa partekatzeko.

Eta, hasteko, beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiet militante sozialistei, hautagai onenak izendatzeko prozesu bikaina gauzatu dutelako herritarrei alkate, talde eta buruzagitza bikainak eskaintzeko gure lurralde historikoetarako; izan ere, hautatutako pertsonek ondo ezagutzen dituzte beren bizilagunen beharrak, eta, aldi berean, erantzunak ematen dizkiete aurretik ditugun erronkei, hain zuzen ere, Aldundietatik gure ekonomia eta elkarbizitza eraldatzeko politikak egiteari.

Gure alderdiak arreta berezia eman dio beti udal-hitzordu horri. Eta arreta hori antzeman daiteke hautagaitza horietan: beren herrietan eta hirietan ospea hartu duten buruzagiak, kudeatzaile adituak, gehikuntza berriak, esperientzia eta berrikuntza, jarduten dakitenak eta ekiteko gogoa dutenak. Eta batez ere konpromiso handia dutenak: berdintasunarekin, gazteentzako aukerak bilatzearekin, enplegu-nitxo berrietarako apustu ausartekin, mugikortasun jasangarriaren aldeko proposamenekin eta beren bizitza autonomoa garatzen jarraitzeko laguntza gehiago behar duten zaharrengan pentsatzearekin.

Herri eta hiri bakoitzerako proiektu bat, sozialismoan, gobernatzen dugun tokietan, partekatzen dugun proiektuarekin koherentea dena: dibertsitatea, aniztasuna, elkartasuna, berdintasuna, aurrerapena eta kohesioa. Horretarako guztirako gaude politikan. Eta harro gaude horretaz.
 
Beste batzuk politika arnegatzen duten bitartean, sozialistok harrotasunez erakutsi ahal dugu jendearen bizitza hobetzeko politika erabiltzeko modu hori.
Gure esperientzia frogatuta dagoelako eta udalen aldeko bokazioa dugulako. Hain zuzen ere, udaletan hasi baitzen eskubideak eta askatasunak denontzako konkistatzeko lana.
Eta lan hori egiten jarraitu behar dugu beti, bereziki, muturreko pentsamoldeek bat egiten duten garaietan, orain bezala, eraiki duguna hautsi nahian.

Aldundiak zuzentzeko gure hautagaiek gaitasun handia dute kudeaketa publikorako, frogatu denez, eta bide-orri argia finkatu dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba elkarbizitzarako, gizarte-kohesiorako eta ekonomia sendoko lurraldeak egiteko. Eta, batez ere, beren artean aliantzak egiteko nahiarekin, ez berriz, bata besteari aurka egiteko.

Izan ere, une zaila bizi dugu. Esaten ari nintzenez, udal- eta foru-hauteskundeak beti izan dira bereziki garrantzitsuak euskal sozialismoarentzat, baina oraingo honetan hauteskunde orokorren erronka gehigarria osatzen dute.

Eta, Batzorde Federalari Kongresurako eta Senaturako gure hautagaitzak onartzea ez badagokio ere, eskerrak eman nahi dizkiet militanteei, zuzen ibili direlako Patxi López, Isabel Celaá eta Odon Elorza proiektuen buru izendatzean. Hiru pertsona horiek konpromiso handia dute Euskadirekin eta proiektu sozialistarekin.

Sozialistok badakigu Euskadiko eta Espainiako une politiko honetan jokoan daudela gure eskubide eta askatasun denak, berdintasuna, aniztasuna eta elkarbizitza.

Eta guk, ulertzeko eta aniztasuna kudeatzeko gaitasuna agerian utzi dugunok, gai izan behar gara aurrerakoi guztiak mugiarazteko, gizarteak jokoan duena ikus dezaten.

Jokoan dago lau hamarkada atzera egitea emakumeen askatasunei dagokienez.

Berdintasun Legea eta Genero-Indarkeriaren aurkako Ituna ezerezten direlako, eta, ahal duten tokietan, adibidez, Andaluzian, horiek dira eskuinek aldatu nahi dituzten lehenengo gauzak.

Gure eskubideak bermatzen dituzten zerbitzu publikoei dagokienez atzera egitea jokoan dago:

Eskuinek gobernatu duten eta gobernatzen duten tokietan, Espainian eta autonomia-erkidego ezberdinetan, zerbitzu publikoak pribatizatu dira, hala nola osasuna eta hezkuntza, eta bereizketa handia egin da, aberatsentzat eta txiroentzat.

Espainian gobernatu duten garaietan, baliabiderik ezaren aitzakiarekin, pentsiodunak, gaur egungoak eta etorkizunekoak, txirotu dituzte. Laguntza-sistema edo karitatezko sistema bat sortu nahi dute hain zorionekoak ez direnentzat: lan kualifikaturik topatzen ez duten gazteentzat, sorospenen edo DSBEren mendeko diren eta kotizatu ez duten epe luzeko langabetuentzat, emakume prekarizatuentzat.

Autogobernua jokoan dago: legearen eta elkarrizketaren bidez deszentralizazioa eratzeko sozialisten gaitasun historikoaren aurrean, argi eta garbi antzeman daiteke birzentralizazioko proiektu inposatu bat, gatazka eragingo duena.

Jokoan daude balio demokratikoak eta horiek baliatu nahi dituztenen duintasuna. Horregatik arinkeriatzat jotzen dute hobi komunetako gorpuak jasotzea eta Francoren gorpuzkia hobitik ateratzea. Errepresioaren biktimentzako umiliagarria da hori. Eskuineko alderdiek gobernatzen dutenean oroimenaren politikak gelditzen dira.

Hurrengo hauteskundeetan, jokoan daude gure elkarbizitzarako hain garrantzitsuak diren balio demokratikoak. Jokoan dago emakume guztion askatasuna. Jokoan daude gure eskubideak bermatzen dituzten hainbat eta hainbat zerbitzu publiko. Jokoan dago (eta hau ondo dakigu hemen, Euskadin) gure autogobernua.

Inflexio-puntu baten aurrean gaude. Eskuineko alderdien batasunak arriskuan jartzen ditu eskubide berdintasuna eta gizarte pluraltasuna. Eta euskal herritarrek jakin behar dute funtsezkoa dela Sozialistak Gobernuan mantentzea, gaur dugun bizi-mailan atzerapausorik ez emateko.

Askotan entzun didazue, eta, zoritxarrez, berresten dugu: eskubideak eta askatasunak ez dira oinordetzan hartzen, eta demokrazia ez da itzulezina. Horregatik, euskal sozialistok datozen hauteskundeak espiritu berdinarekin hartuko ditugu: aro politiko berria finkatzea, ongizate, enplegu eta gizarte-kohesio handiagoa dakarrena, euskaldunentzat ere bai.

Aukera dugu espazio bat irekita mantentzeko herrialde honetako politika aurrerakoientzat. Esparru politiko guztietatik indarrak batzeko aukeraren aurrean gaudelako, udal txikienetik Europara, edo, bestela, berrogei urte atzera egiteko.
Eta hauteskunde orokorren aurretik beste hitzordu bat dugu kaos instituzional eta politikoa nahigo dutenek eragin dutelako, direla eskuinekoek edo independentismoak. Haiek bat egin dute Diputatuen Kongresuan, ekainaren 1ean ireki zen itxaropen-bidea galarazteko.

Batzuek blokeoa eta atzerapausoa nahi badute ere, akordioak egitea, lankidetza eta ezker erabilgarri gisa eragiteko aukera dago, egonkortasuneko eta aurrerapeneko giroa sortzeko, eta hori egunero frogatu dugu sozialistok.

Euskadin frogatzen ari gara, udal- zein foru-gobernuetan eta Eusko Jaurlaritzan ere bai. Frogatzen ari gara zerbitzu publikoen, aukera-berdintasunaren eta elkartasunaren aldeko akordioak egitea. Beraz, ideiak argi ditugu datozen hauteskundeetarako. Gure proiektu politikoak aukera ematen digu kultura demokratikoa aurrera eramateko, eta, horri esker, lurralde-aniztasuna, gure autogobernua eta ideia-aniztasuna errespetatzen dituen herrialdea eraiki ahal dugu. Proiektu garailea da, barneratzailea delako, inor baztertzen ez duelako eta banderarik edo sentimendurik botatzen ez dituelako.

Jadanik inork ez du zalantzan jartzen Alderdi Sozialista lehenengoa izango dela, boto gehien jasoko dituena. Baina babes handia behar dugu. Inor ez da etxean geratu behar. Etxean geratuz gero, eskuinen aliantzari ateak irekiko dizkiogu, eta haiek blokeatzen dute gure herrialdeko aurrerapena. Andaluzian abian jarri dutena eta, agerian utzi dutenez, herrialde osoan hedatu nahi dutena.

Beraz, euskaldunok asko dugu jokoan datozen hauteskunde orokorretan. Ahalik eta babesik handiena eman behar diogu herrialdeko buruzagitza sozialistari. Eta lan egiten jarraitu behar dugu jarraitasuna izan dezan udaletan eta aldundietan.

Beste uste oso bat ere badugulako: euskaldunoi hoberen joan zaigu Espainian eta Euskadin gobernu sozialistak egon direnean, bai eta udal- eta foru-gobernu denetan ere.

Erraz esaten da, baina egia da hori. Sozialisten lerrokatze hori erakunde denetan, horixe bizitzen ari gara, eta lur honentzako erraztasuna eta itxaropena ekartzen ari da. Espainiako Gobernuaren erabakiak euskaldun gehienen bizitzan eragina izan dute, bistakoa denez.

Honako alderdi hauetan izan dute eragina:

Euskal langile prekarizatuenengan GLSren igoerarekin.
Milioi erdi euskal erretirodun baino gehiagorengan pentsiodunen igoerarekin.
Euskadiko milaka langile publikoengan, soldaten % 2,25eko igoerarekin.
Euskal herritarren erdiarengan, emakumeengan, Genero-Indarkeriaren aurkako Itunari edukia emanez eta soldata- zein lan-berdintasunaren aldeko legearekin.
Euskadiko eta Espainiako Gobernuen arteko harremanen normalizazioa, elkarrizketaren eta negozioaren bidez, egin beharreko transferentzien inguruko aldeak konpontzeko.

Eta, horri esker, euskal sozialistok indartsuago sentitzen gara. Uste dudanez, zuen inguruan antzemango duzue, eta gaur eskerrak eman behar dizkizuet egin duzuen ahalegin bizi horrengatik.

Duela lau urte baino apur bat gehiago zuen idazkari nagusi hautatu zenidatenean, gobernu guztietatik at geunden, eta konpromisoa hartu nuen nire ahalegin denak ardazteko sozialismoa zentralitatera itzultzeko, bere erabilgarritasun osoa itzultzeko. Konpromisoa hartu nuen erabaki ausartak hartzeko, jendearentzako erabilgarria izango bazen akordioak egiteko beldurrik ez izatera.

Horixe egin dugu, bakoitzak bere alorrean. Lehenik udaletan eta ondoren aldundietan egitera ausartu zineten. Gero, dena Eusko Jaurlaritzan egitera ausarta ginen. Pedro Sánchez ausartu zen, gure babesarekin, Espainiako Gobernuan.

Eta beste batzuk beren eserlekuan ezkutatu ziren bitartean, egiteke zegoena atzamarrarekin seinalatzen zuten bitartean, guk gauzatu genuen. Horrela lortu dugu gure Gobernuen agendaren erdian enplegua, zerbitzu publikoa, berdintasuna eta gizarte-kohesioa egotea.
 
Horrela lortu dugu gure Gobernuek erabaki bat ere ez hartzea eraginkortasunik eragiten ez duenik eta baztertzailea denik. Ez da eslogan bat. Egitateak dira. Datuek esaten dute:
Langabezia-tasa % 10 baino txikiagoa da.
10.000 euskal langilek beren kontratuak erregularizatu dituzte.
Soldata-desberdintasunari aurka egiteko plan bat abian da.
Eskualde txiroenentzako talka-plan bat dago.
Urdulizko eta Eibarko ospitaleak ireki ditugu, Biogurutzeta; Onkologikoa osasun-sistema publikoan txertatu dugu.
Hepatitis C gaixotasuneko gaixoek osasuna berreskuratzea lortu dugu.
Turismoaren industria modernizatu dugu.
Gazteen emantzipazioari lagundu diogu etxebizitza bat emanez.

Herritarrenganako konpromiso horiek denak aurrera eraman ditugu haientzako denentzako Gobernuetan parte hartzeagatik. Hartu dugun erabaki horrek baretasuna ekarri dio euskal politikari, eta onuragarria izan da herritarrentzat, ekonomiarentzat, zerbitzu publikoentzat, berdintasunarentzat eta aniztasuna bermatzearentzat gure bezain lur anitzean.

Inori ez baitzaio ezkutatzen, gu egon ezean, gobernu nazionalistek nazionalistentzako erabakiak bakarrik hartuko zituztela. Eta horixe bera saihestu dugu. Sozialismoa bakarrik existitzen delako erakundeek denon alde lan egiteko, nortasunari eta sentimenduei heldu gabe.

Gure eginkizuna ez da nazionalismoa bideratzea. Gure konpromiso historikoa herritarren ongizatea eta aurrerapena dira, printzipioen irmotasunarekin eta akordioak egiteko prestutasunarekin. Hori da gure erantzukizuna, eta kontuak eman behar ditugu, egiten ari garenez. Eta gaur berretsi egin da gure rola, euskal ezker arduratsuarena, zeinaren elkarrizketarako eta akordiorako gaitasunari esker, gu parte garen gobernuen arteko bidea ireki den, etorkizunean hori baliatu nahi duguna.

Bide horretatik igarotzen dira aniztasuna, eskubide sozialak, ongizatea eta aurrerapen partekatua. Denontzako tokia dago espazio horretan. Atzoko, gaurko eta biharko apustua da.

Horrelakoa da datozen hauteskundeetarako plana:

Ahalik eta babes handiena izan nahi dugu, gobernu denek arreta eman diezaioten herritarren agendari, eta herritarren sentimenduei, nortasunei edo ideiei kalterik eragingo dien erabaki bat ere har ez dezaten.
Herritarrek eskatzen duten baretasuna eta egonkortasuna ekartzen jarraitu nahi dugu, ekonomiaren hazkundea eta gizarte anitz batean elkarrekin bizitzea eragiten duena.
Ezberdinen arteko topagunean burutzen jarraitu nahi dugu, giza eskubideak urratzen dituen edozein argudio baztertzeko diskurtso etikoa erabili, eta aurrerapenerako eta gizarte-kohesiorako inbertsiorik onena egin nahi dugu, alegia, gizarte anitz batean elkarrekin bizitzeko bermea.

Inork ez du zalantzan jartzen Sozialistak hauteskundeak irabaziko ditugula. Baina garaipena sendoa izan behar da, eskuina geldiarazteko.

Ezin da inor etxean geratu.  Eta euskaldunei dagokigu be bai arduraz jokatzea. Jakin badakigulako Espainian Sozialistak gobernatzen dugunean, Euskadi ondo doala. Orain bezala, gobernu guztiak lerrokatuta ditugunean, euskaldunak inoiz baino hobeto gaudela.

Sozialistak herritarren konfiantza merezi  dugula erakutsi dugu. Serioak, leialak garela. Ez dugula inor engainatzen eta egoerak agintzen duen bezala jardungo dugula. Horixe da gure aurkezpen-gutuna.

Gure alderdiak agerian utzi du konfiantza hori merezi dugula, eta agerian utzi dugu serioak eta leialak garela, ez ditugula herritarrak engainatzen eta ez dugula erabakirik hartzen inor bere sentimenduengatik baztertzen duenik.

Espainia edo Euskadi berdina proposatzen dute batzuek. Jarrera biak zilegi dira, baina gure proposamena Espainiarako eta Euskadirako oso ezberdina da, eta ez du herritarren kategoriarik ez etiketarik ere. Emakume eta gizon askeez osatzen da, eskubide eta betekizun berdinak dituztenez, eta berezitasunak aitortu eta barne hartzen ditu, eta, gainera, eraiki ditugun elkarbizitza-itunak errespetatzen ditu.
Batzuek zentralismoa proposatzen dute, eta beste batzuek independentismoarekin erantzun. Sozialistok ordezko aukera bat dugu: elkarrizketa, lankidetza eta elkartasuna, elkarbizitzako proiektu erkidea eraiki nahi dugulako.
Batzuek, eskuinekoek edo independentistek, beren bandera propioekin ezkutatzen dituzte pertsonen arazoak. Beren artean oihuka ari ziren bitartean, sozialistok haur-pobreziaren aurkako plan bat abian jarri genuen, osasun unibertsala berreskuratu genuen, baliabideak eman genituen genero-indarkeriaren aurkako borrokarako eta soldatak zein pentsioak igo genituen. Eta, Europar Batasunaren barruan, Espainiari dagokion tokian jarri genion berriz ere.

Horren ingurukoak dira datozen hauteskundeak. Kontua ez da irabaztea, denok egintzat ematen badute ere... Eta duela urtebete hiltzat ematen ziguten.
Baina 3 mende ezberdinetan egon da gure alderdia, askatasuna eta justizia soziala defendatuz. A zer ezjakintasuna beren funtzio historikoaren eta militanteen konpromisoaren gainean!
Duela gutxi hiltzat jo zigutenean, niri burura zetorkit, antzaz, dena ezinezkoa zen beste garai bat:

Esan zigutenez, ezinezkoa izango zen ETArekin amaitzea beren nahiei erantzuten ez bagenien. Eta lortu genuen.
Ezinezkoa zela esan ziguten, Euskadin gobernu sozialista egon baino lehenago txerriek hegan egingo zutela. Eta duela hamar urte lortu genuen. Herritarrek eskatu ziguten gure ausardi historikoa berriz agerian uzteko, eta ausartu ginen herrialde honi buelta ematen, plan baztertzailez, bandera erasotzaileez eta kontsulta independentistez beterik zegoelako, eta nazionalistak ez ginenak baztertzen gintuztelako. Lortu genuen eta gaur ezer ez da berdina, duela hamarkada batetik.
Esan zigutenez, PPren Gobernuak Espainian ekarritako etsipena eta txirotasunaren ordezko aukerarik ezinezkoa izango zen, eta Pedro Sánchez ausartu zen, eta gaur ezer ez da berdina.
Hala, beste batzuk gure alderdiarekiko izan duten haserrearen eta mespretxuaren aurrean, hauteskundeez haratago doan erantzukizuna gure gain hartzen dugu. Aurrerakoi denak mugiarazteko erantzukizuna dugu, eskubide sozialak berreskuratzeko aukera zian dezaten, guk parte hartu dugun gobernuetatik eratorri dena, eta eztabaidarako zein negoziaziorako aukera izan dezagun gatazkak konpontzeko eta herritarrentzako erabilgarriak diren konponbideak hartzeko. Eta, batez ere, herrialde honi bere bertsiorik onena ekartzeko erantzukizuna dugu, eta guk, sozialistok, bakarrik egin ahal dugu hori.

Eta, horregatik, eskatzen dizuet zaratatik ihes egin eta erantzunak aurkezteko herritarren eskakizun guztiei, banderak jaurti, lubakiak egin eta jendearen sentimenduak eta beharrak erabiltzen dituztenen aurrean. Argi eta garbi esan behar dugu zein den gure agenda:

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa.
Haur-pobreziaren aurkako borroka, kalitatezko enplegua, gazteentzako berdintasun-aukerak eta gure zaharren duintasuna.
Inor ez dadila atzean geratu erronka demografikoen, teknologikoen eta ingurumenekoen aurrean.
Aurrerapen-arorik handiena ahalbidetu duten balioak defendatzea: aniztasuna, askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna.

Sozialistentzako erraza izango da. Hizkuntza berdina erabiltzen dugulako gauden tokian gaudela. Kongresuan, Senatuan edo Eusko Jaurlaritzan. Udaletan eta Europan.
Beste batzuek beren diskurtsoak egokitu behar dituzte. Beste batzuek beren hitzak neurtu behar dituzte entzuleen arabera. Beste batzuek haiek edo beren kideek esandakoa zuzendu behar dute lurraldearen edo erakundeen arabera. Euskal Sozialismoak ez. Herri eta deialdi bakoitzean pertsona berdinak bilatzen ditugulako.

Eskubide eta betekizun berdinak dituzten emakume eta gizon berdinez osatutako aurrerapen-espazioak nahi dituztenek, elkarrekin bizitzeko, XXI. mendeari begiratzen diote, ez berriz, XIX. mendeari. Konbentzituta gaude gehiengoaren nahia dela, eta horregatik etorkizuna konfiantzaz zuzentzera goaz. Lehenik hauteskunde orokorretan. Eta, jarraian, herri eta hiri bakoitzean.

Ez da botorik soberan. Inor ezin da fidatu. Esku denak behar ditugu eskubideak eta askatasunak, hainbeste kostatu zaizkigunak, eror ez daitezen. Amorruzko eskuin mendekari hori, dena hautsi nahi duena, berriz itzul ez dadin. Boto denak borrokatzera animatzen zaituztet. Denak irabaztera. Asko dago jokoan. Etorkizuna dago jokoan. Ezin dugu kale egin.

Eskerrik asko.