Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzaldia Ohoragarrien Atean egindako ekitaldian, Ramón Rubilen jaiotza omentzeko

Egunon guztioi. Eta mila esker ekitaldi honetara etortzeagatik. Urtero legez, Sozialistok bildu egin gara Bilboko txoko honetan, Ramon Rubial omentzeko. Gure lehendakaria. Gure agintaririk oroituena. Sozialistarik preziatuena.

Baina gaur oroipen soil bat baino gehiago egiten dugu. Aldarrikapen politiko bat ere egiten dugu. Ramon Rubialek egindakoaren aldarrikapena. Iraganean lortutako akordioen defentsa. Eta etorkizunean ibili beharko dugun bidearen adierazpena.

Ramón Rubialen omenezko ekitaldi hau egiten ari gara efemeride garrantzitsuak gertatzen ari diren egun hauetan.

Aurreko larunbatean erakusketa bat inauguratu genuen Portugaleten, PSEren lehenengo Kongresuaren 40. urteurrena ospatzeko. Herenegun Estatutuaren 38. urteurrena oroitu genuen (hemendik oso gertu, gainera).

Eta hil batzuetan Euskadiko Ezkerrarekin elkartu ginenetik 25 urte igaroko dira: herrialde honetako ezkerren batasun handia, zalantzarik gabe, ospatzeko gertakizuna.

Antza denez, azken aldian atzera begira ari gara maiz.

Eta hori ona da. Gure historiako gertakizunik onenak aldarrikatzeko aukera dugu eta. Gure zaharrek iraganean egin zutena gogora ekartzeko, eta orainaldirako baliagarriak zaizkigun ikasbideak gure egiteko.

Eta gaur iraganeko hainbat gauza aplikatu behar ditugu.

Rubial eta bere belaunaldikoek herrialde honetan demokrazia eta askatasuna lortzeko egin zutenetik asko ikasi behar dugu.

Begira, imajinario kolektiboa eraikitzerako orduan, gizarte guztiek besteen gainetik dauden figurak nabarmendu ohi dituzte. Zenbait pertsona hautatzen dituzte, ez bakarrik egin dutenagatik, baizik eta gure egin nahi ditugun balioak eta printzipioak ordezkatzen dituztelako.

Ramón hemen zaudeten askorentzako aitita da, presidente zaharra, sozialista lasaia... Baina Euskadiko eta Espainiako gizarteentzako hori baino gehiago da. Gehiago izan behar da.

Francoren aurkako borroka da.

Demokraziaren defentsa.

Autogobernuaren aita.

Horrek berresten du herrialde honek lortu dituen gauzarik onenak lortu direla denok bat egin dugunean eta buruzagiek denon interesean jarri dutenean arreta.

Eta estatua eta ate honek esaten digute garai batean ezberdinak ziren euskaldunek eta espainiarrek bideari elkarrekin ekiten ikasi zutela. Eta pauso hori izan zen heriotzaz eta gatazkaz beteriko gure historia dramatikoaren inflexio-puntua.

Eta atea ireki zion Euskadik eta Espainiak inoiz izan ez zuten aurreratze-aro handienari.

Rubialek berak esan zuen, Estatutuaren negoziazioa amaitu bitartean: “Kontua ez da Estatutu nazionalista bat egitea, ez eta sozialista ere. Ez eskuinekoa, ez ezkerrekoa. Kontua da gure errealitate historikoa jasotzen duen eta gaur egungo errealitate soziologikora egokitzen den Estatutu bat egitea”.

Gaur garena abiapuntu hartu behar dugu, bihar izan nahi dugun gizartea eraikitzeko.

Hori da 1979an hasitako bidea. Hori da 2017an berritu nahi dugun akordioa.

Eta orduan legez egin nahi dugu: adostasunetik, elkar-ulermenetik. Euskaldun ezberdinak bildu eta herritarren beharrak alderdien gainetik jarri behar ditugu.

Hori izan zen duela 40 urteko arrakastaren gakoa. Hori da gaur aplikatu behar dugun ikasbidea.

Herritar erdiak ahaztuz proiektu politiko bat eraiki ez dela dioen ikasbidea. Elkarbizitza ezinezkoa dela gizarte erdia beste erdiaren kontra badago.

Hori gertatzen ari da gaur egun Katalunian. Generalitat-a herritarrak aurka jartzen ari da. Herrialde bat bere buruaz beste egiten ari dela ikusten ari gara zuzenean.

Egun beldurgarriak bizitzen ari gara. Azken orduko albiste sortaren ondorioz, ezin dugu ohartu herritarren elkarbizitza hausten ari dela.

Baina haustura hor dago. Gizarte-haustura hor dago. Erakundeek zilegitasuna galdu dute. Eta horren errua dute buruzagi axolagabeek, aro honek eskatzen duenaren oso urrun daude eta.

Eta horregatik, sozialistok ez dugu etsiko elkarrizketa eskatzen. Horregatik ez dugu etenik egiten zentzutasunez jokatzeko eskatzen.

Horregatik jarraitzen dugu Konstituzioa zentzu federalean berritzeko eskatzen; izan ere, denok dakigu goizago edo beranduago horri ekin beharko diogula eta horrek aukera eman behar duela elkarbizitza komuneko itun berri bat egiteko.

Eta ez diogu ukorik egingo denok mahaian jesartzeari, konponbide bat aurkitzeko. Akordioak egiteko nahi zintzoa dugu, eta gauza bera eskatzen diegu gainerako indar politikoei.

Sozialistok esan dugu hauteskunde autonomikoek ez dutela balioko 155. artikulua ez aplikatzeko.

Hauteskunde autonomikoek kontagailua berriz zeron jartzeko balioko dute, herritar katalanek erabakia har dezaten tentsio eta zarata gehiegizko aste dramatiko hauen ostean.

Bide guztiak agortu ditugu akordio baten bila. Gure baliabideak agortu ditugu tentsioa murrizteko eta Kataluniako politika normaltasunera itzultzeko.

Eta atzo etsipen berri batekin topo egin genuen. Atzo atea itxi zitzaion elkarrizketari.

Baina sozialistok ez dugu etsiko. Sozialistok ez dugu porrota onartuko.

Lan egiten jarraituko dugu, ez baitiogu ukorik egiten Kataluniak irtenbide bat topatzeari, labirinto horretatik irten dadin. Eta konponbidea politikoa eta legearen barrukoa izan behar da.

Eta gu herritar katalanen ondoan izango gara beti.

Demokrazia defendatuko dugu beti. Azken minutura arte.

Eta lan egiten jarraituko dugu, indarrik ez dugunera arte, behingoaz, politika eta zentzu komuna gailendu daitezen, ez berriz, legezkotasunik eza.

Atzo etsipen handia jaso egin genuen. Atzo akordioren aldeko beste ate bat ixten ikusi genuen. Baina Sozialistok ez dugu etsiko.

Sozialistok ez dugu amore emango, Katalunian konponbide politiko bat lortu arte. Elkarrizketaren eta paktuaren alde lan egiten jarraituko dugu. Kataluniako herritarrak defendatuko ditugu. Eta normaltasuna politikara bueltatu dadin gauzatuko dugu.

Ez dago beste biderik. Akordioa eta legaltasuna dira demokrazia eta herritarren eskubideak babesteko bide bakarra. Eta indar guztiak erabiliko ditugu Kataluniako herritarren eta demokraziaren defentsan.

Eta segituan amaituko dut.

Garai zail batean bizi gara.

Baina gure arazoak ez dira duela 40 urtekoak baino konplexuagoak (seguru asko sinpleagoak izango dira).

Ezberdina dena da horiei aurre egiteko hartzen dugun jarrera. Ezberdina da arazoak konpontzeko buruzagien nahia. Garai hartan tentazio minimalistak egon ziren ere bai. Haustura egon zen ere bai.

Baina haustura saihesteko gai izan ziren. Gaur egunekoa baino askoz konplexuagoa zen une batean, herrialdea aurrera eramaten jakin zuten. Joka dezagun guk ere bai garai honek eskatzen duen moduan. Ikas dezagun gure aurrekoengandik.

Ikas dezagun Ramon eta bere kideengandik. Eta gai izan gaitezen hona urtero etortzeko, haren eta haren legatuaren ondorengo duin gisa.

Eskerrik asko.