Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendiaren hitzaldia La izquierda vasca liburuaren aurkezpenean

Idoia Mendiaren, PSE-EEren idazkari nagusiaren, hitzaldia La izquierda vasca (Euskal ezkerra) liburuaren aurkezpenean

Donostian, 2018ko martxoaren 12an

 

Egunon guztioi. Eta mila esker, Sara, Gaizka, aurkezpen honetara ni gonbidatzeagatik.

Aste honetan ezkerren batasuna ospatzen ari gara. Eta aste honetan gogoratu behar dugu inoiz baino indartsuagoak izan direla herritarren eskubideak ezkerrak bat egin duenean, bata besteari errezeloz begiratu beharrean. Eta liburu hau zehaztasun bereziko kontakizuna da, Euskadiko indar aurrerakoien bilakaera definitzen duena.

Kontakizun zintzoa da, iragazkirik gabekoa. Zalantzak, beldurrak edo errezeloak ezkutatzen ez dituen kontakizuna. Kontakizun horrek gogorarazten digu lorpen handiak egin daitezkeela konfiantzarik ezak gainditzen direnean eta ezker-pentsamenduen gida izan behar duten bandera nagusiak partekatzen direnean: berdintasuna, elkartasuna, askatasuna eta aniztasuna. Hain zuzen ere, duela mende bat baino gehiago bere burua antolatzen hasi zenetik, Alderdi Sozialistak Euskadin darabiltzan banderak, orduko gizartea eraldatzeko. Oraina aldatzeko balio dute ere bai, eta ezinbestekoak izango dira etorkizuneko erronkei heltzeko.

Eta berariaz aipatu nahi ditut identifikatzen gaituzten banderak, zehazki, batasun honen izaera ordezkatzen dituztenak; izan ere, banderak aitzakia izan dira urte gehiegiz pertsonak banantzeko. Oso datu adierazgarria dela uste dut, eta liburu honetan azaltzen da ere bai.

Garrantzitsua da nagusi zen nazionalismoa batasuna egin zenean geldiarazten hasi ziren beldur horien aipamena. Marioren aurka erabili zuten ahozko garraztasun hori, hain zuzen ere, euskal gazteriaren zati handi bat demokraziarantz bideratu zuen gizonaren aurka. Hala ere, lan hori aitortu beharrean, batzuek mespretxatu egin zuten.

Tonu sektarioa erabiltzen zuten, sentimenduaz baliatzen zena, eta espainiar terminoa iraingarritzat jotzen zuena. Bai, sentimendua irain gisa. Hori baitzen beren azken ekintza, etsitasunez beteta. Batzeko prozesu horrek agerian utzi zuelako, euskal petoa izateko aukera zegoela nazionalista izan gabe. Eta uste oso horretatik abiatuta, ezkerraren ideologiarekin beste aukera batzuk eraiki zitezkeen.

Mario Onaindiak argitasunez deskribatu zuen, betiko moduan: EAJri, barne-ezbeharrek eragindako zatiketarengatik bere boterea kolokan jarri zuenari, frustrazio handia eragiten zion alderdi nagusi eta hegemonikoa izateari uzteko ikuspegiak. Zenbait hauteskunde irabazi eta gero, Eusko Legebiltzarrean aulki-kopururik handiena lortu eta gero, sozialismoak ordura arte ezin izan zuen Euskadiko gobernua zuzendu. Baina ezkerraren indarren baturak nazionalismoaren erakunde-hegemonia kolokan jarri zuen.

Egia da denbora behar izan zuela iristeko. Baina Euskadiko Ezkerrak 1993an hartutako erabakiaren eta Euskadiko Alderdi Sozialista burutzen zutenen nahiaren ondorioz, egoera aldatu zen hautesleentzat.

Eskubidea zuten indar nazionalistei edo ezkerrekoei bozkatzeko. Baina hori jarriko zitzaien aurrean: aurkaritza-egoera bat. Edo bata edo bestea. Edo eskubide nazionalak edo eskubide sozialak. Edo aberriak edo herritarrak. Eta aukera biak ziren erabat euskaldunak.

Baina, gainera, batasun horrek txertatzen jakin izan zuen beste baldintza bat zegoen. Nazionalismoak nitxo tradizionaletan ainguratuta jarraitzen zuen bitartean, Euskadiko Alderdi Sozialista eta Euskadiko Ezkerra gai izan ziren abiapuntu zituzten bi ikuspegiak bateratzeko: langileria klasikoa eta sortzen ari ziren indar sozial berriak.

1990eko hamarkada hartan hedatzen ari zirelako euskal gizartearen esparru guztietan aurreko mendeko boom demografikoan jaiotako guztiak.

Unibertsitateetatik irteten ari ziren langileen lehen seme-alabak, gobernu sozialistek bultzatutako demokraziaren eta eskubideen eztandari esker hezkuntza-maila gorenera iristeko aukera izan zutenek.

Lehenago euskara ikasteko aukerarik izan ez zuten pertsonez betetzen ari ziren euskaltegiak, haietako asko Espainiako beste toki askotatik zetozen familiakoak zirenez. Asoziazionismoak, ekologismoak, feminismoak, antimilitarismoak eta abarrek Euskadi sozialagoa eraikitzeko nahia finkatu zuten.

Hezkuntza, osasun eta administrazio publikoak belaunaldi berri baten eskutan zeuden, beren aurrekoek konkistatutako autonomia garatzeko ardura zuena.

Eta liburuan azaltzen den hirugarren faktore bat egon zen ere bai. Faktore erabakigarria eta berria. 1980ko hamarkadaren hasieran protesta zibil isilak hasiera izan zuen terrorea saltzeko, haren jatorria edozein zela. Erresistentzia zibiko horrek aurre egingo zien gizarte anitz eta ezberdin batean indarkeriaren bitartez herrialde monokorde eta uniforme bat inposatu nahi zutenei. Alderdi politikoen zantzurik gabeko mugimendu horrek bat egin zuen ETAren aurkako erresistentziarekin eta salaketarekin, hain zuzen, sozialismoak eta haren kargu publikoek burutu zutenarekin. Horrek bat egin zuen Euskadiko Ezkerrak bakearen eta askatasunaren alde egin zuen apustuarekin.

Batasunak, beraz, erantzuna eman zien sentimenduen eta nortasunen bidez kutsatutako pentsamolde horri, eta, justizia sozialaren, elkartasunaren, berdintasunaren eta askatasunaren printzipioetan oinarrituta, Euskadi berri bat eraikitzeko nahia finkatu zuen. Apustu horrek hauteskundeetan izan zituen emaitzak desberdinak izan ziren, eta seguru asko batzuk datu horrekin geratuko dira. Baina, egia esateko, ikuspegi hori gailendu da herrialdean.

Euskadi berri bat eraikitzea. Horixe izan zen bateratzearen xedea.

Eta bi alderdiek defendatu zuten proiektua da gaur Euskadin ezarri dena.

Euskal gizarte libre bat. Zerbitzu publiko indartsuekin. Herritar guztien berdintasuna bermatzen duena.

Alderdi Sozialistak eta Euskadiko Ezkerrak bat egiteko zituzten arrazoiak dira nagusi gaur egungo gizartean.

Eta hortxe dugu irakaspen garrantzitsu bat.

Eskubide sozialak lortzea eta defendatzea ez dela erraza. Eta hobe dela elkartzea, bakoitzak bere bidetik joatea baino.

Orain dela hogeita bost urte ezkerrak batu ginenean, herri honek inoiz ez bezala aurrera egin zuen. Alderdi Sozialista izan da historikoki ezkertiar ororen etxea.

Eta gaur egun ere, Alderdi Sozialista da berdintasuna, askatasuna eta solidaritatea defendatzeko elkargunea.

Hogeita bost urte geroago, eszeptikoak, beldurtiak eta mesfidatiak gorabehera, Onaindiak, Bandrések, Jáureguik eta Txikik imajinatu zuten Euskadi aske horretan bizi gara. Duela bi legealdi zuzentzeko aukera izan genuena. Beste indar batzuekin lan eginez, zerbitzu publiko guztien bidez eraiki duguna. Historia osoan garapenik handieneko Euskadi, sentimenduengatiko mehatxurik gabekoa, nortasun guztiak txertatu dituena, eta herritarren kezkei begira dagoen erakunde-antolakundea duena.

Batasuna inspiratu zuten balioek gizarte osoa busti dute, eta aurrekari politikoei jarrerak aldatzeko eragin diete; eta, azken batean, lubakien Euskadi akordioen Euskadi bihurtu dute.

Gogoeta batekin amaituko dut prozesu honen eta liburu honen irakurketa. Konkista hori lortu dugun une honetan, gure protagonismoa aitortzen badute edo ez badute, ongizatearen arkitektura oso horren erasoak ikusten ari gara. Espazio aurrerakoian jaiotzen ari diren indar berri horiek iraganeko lezio hau ondo ikasteak eta aintzat hartzeak merezi du, etorkizunak dakarkigunaren aurrean.

Eskubideak konkistatzeko bidea ez zen erraza izan, baina horiek kontserbatzeko eta handitzeko denon batura behar da, ez berriz, zatiketa. Ezkerrak erabakien gaineko eragina izan duenean bezain indartsu ez dira inoiz izan euskaldunak. Ezkerrak herrialdea zuzendu zuenean bezain beste ez da inoiz aldatu euskal historia. Ezkerraren balioak hartu eta bultzatu dituen etxe erkide bat beti egon da, hain zuzen ere, Alderdi Sozialistarena, Euskadiko Ezkerraren siglekin bat egin duena.

Espazio horretan bat egin behar dutela aurrera egin nahi dutenek, elkartasuna, berdintasuna eta askatasuna lortzeko.

 

Eskerrik asko.