Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendiaren hitzaldia Grand Place aldizkariaren aurkezpenean

Egunon guztioi.

 

Emaidazue aukera hitzaldi hau hasteko atzo Bilbon gertatu ziren gertaera ikaragarriak aipatuz.

 

Uste dut denon ahotik hitz egiten ari naizela amorrua eta atsekabea aditzera ematen dudan honetan, ertzaina baten (langile baten) heriotza dela eta. Lanean ari zen hementxe bertan erradikalez osatutako taldeen artean istiluak etete aldera.

 

Eta, horregatik, maitasuna helarazi nahi diot agentearen familiari, lankideei eta Ertzaintza osoari, baldintza zailenetan lan egiten du eta.

 

Eta, bigarrenik, gertatutakoaren inguruko gogoeta bat: ezin ditugu onartu horrelako iskanbilak gure hirietan. Erradikalak bota behar ditugu futbolaren mundutik. Gureak eta kanpokoak.

 

Espero dut atzo geratutakoak futbolaren mundu agintarien gogoeta eragitea, bai eta denon artean jendaila hura gure kaleetatik baztertzea ere.

 

Eta gaurko deialdira dagokionez, mila esker, lehenengo eta behin, Mario Onaindia Fundazioari, gaurko ekitaldia antolatzeagatik eta, noski ere bai, ni gonbidatzeagatik. Ezkertiarrok denbora luzea eman dugu geure burua aztertzen. Sozialdemokraziaren arazoak eta akatsak behatzen.

 

Aurrera begiratzeko garaia da. Eta hauxe da, hain zuzen ere, Mario Onaindiak Fundazioak proposatzen duena. Etorkizuna aurreikusi. Hurrengo urteetako erronkak ondo definitu.

 

Gaur, zerbitzu publikoei buruz hitz egingo dugu, enpleguari buruz, emigrazioari buruz… Gure gizartea modernizatzeko eta herritarren beharrei erantzuteko landu behar ditugun gai horiexei buruz. Eta eskertzekoa da hausnarketa hori egiteko aukera hau izatea.

 

Gaur hona gatoz ezkerraren topaketa-espazio berri bat partekatzera, elkarrizketarako eta alderatzeko espazio bat, aurrerapena eta gizartearen kohesioa beste edozeren gainetik nahi dutenentzat.

 

Eta horregatik nago gaur hemen. Sozialismoaren izateko arrazoia izan da beti, eta izango da beti ahaleginak batzea, berdintasuna, justizia soziala, elkartasuna, aniztasuna eta askatasuna lortu nahi dutenen ahalegina.

 

Ez da adierazpen erretoriko bat. Historiak agerian utzi du Alderdi Sozialistak burutu dituela herritarren auziak egunero lan eginez eta erakundeen ekintzaren bidez. Egin izan dugu oposiziotik ahoa altxatu behar izan dugunean eta gobernuaren ardurak izan ditugunean.

 

Grand Place sortu zen ezkerraren ikuspegitik hainbat gogoeta egiaztatzeko xedez, gure gizartearen erronka berriei erantzun egokiak biltzearren. Eta jardunaldi honetan horietako zenbaiti helduko diegu.

 

Sozialdemokraziak urte gehiegi eman ditu azken krisian zer egin genuen txarto jakiteko saiakeretan. Zenbait unetan lotu gaituzten zalantzak argitu behar ditugu.

 

Izan ere, populismoa makurtuta zegoen esklusioko eta kode binarioetako diskurtsoekin eraso egiteko, zuriari edo beltzari buruzko eztabaidan. Populismoa prest zegoen Europako proiektuaren euskarriak zalantzan jartzeko, bai eta demokraziaren eta elkartasuneko bizikidetza baketsuaren arauen gakoak ere.

 

Bakarrik sozialdemokraziaren printzipioei helduta, justizia sozialarekin eta desberdintasunaren aurka eta elkartasunaren alde borrokatuz aukera egongo da gizarte osoa kolonizatu nahi duen gaitzari aurre egiteko. Pobrezia eta desberdintasuna demokraziaren disolbatzaileak direla abiapuntu hartuta, kontrako norabidean aurrera egiteko bidea markatuta dugu.

 

Ez gara iraganean geratu behar. Probetxu handiagokoa da nire ustez Mario Onaindia Fundazioak egiten duena, etorkizunari begira. Grina horrekin bat egiten dugu sozialistok.

 

Patxi López lehendakariak emango dio amaiera jardunaldi honi. Bere gobernuak krisiaren unerik txarrena kudeatu behar izan zuen, eta ni haren parte izan nintzen. Gero eta urriagoak ziren gure baliabideak, eta oposizio bortitza genuen, diru-kutxa publikoen aldetik eraso handiak egin zizkigunak.

 

Baina gobernu horrek jakin izan zuen zerbitzu publikoen zaharkitzea eteten, eta etorkizunerako estrategiak diseinatu genituen.

 

Aitzindaria izan zen osasun publikoaren plangintza egiteko, zaharkitzearen erronkari aurre egiteko eta kalitatea eta iraunkortasuna mantentzeko.

 

Politika sozialak eta elkartasunekoak iraungarri egin eta indartu genituen, eta ekonomia berritzaile baten inbertsio-ahalegina ardaztu genuen. Horri esker, iraultza teknologikoari ekin diezaiogun gaur, arrakastatsu izango garen bermearekin. Gobernu hori gai izan zen zalantzazko etorkizunari aurre hartzeko.

 

Gai horiei guztiei buruz hitz egingo dugu hemen, goizean zehar.

 

Zenbait aldiz esan dut, eta errepikatuko dut: sozialisten ustez susperraldi ekonomikoa ezinezkoa da aldi berean gizartea erabat lehengoratzen ez bada.

 

Seguru asko erantzun ezberdinak kontuan hartu beharko ditugu, baina azken helburua denok berreskuratzea da. Antza denez beste alderdiek erabiltzen dituzten argudioak ez ditugu onartuko, zehazki, arazo zailetarako erantzun errazei dagokienez.

 

2018 urte berezia da euskal aurrerakoien batasuna goraipatzeko; izan ere, duela 25 urte Euskadiko Alderdi Sozialistak eta Euskadiko Ezkerrak bat egin zuten.

 

Astia eta tokia egongo da oroitzapenetarako. Baina gaurko ekitaldi honetan, berriz ere gogora ekarri nahi dut indar aurrerakoien batasuna, ekintza politikoari zentzua ematen diona, jendearen bizitzan eragina duena, agenda instituzionala finkatzen duena. Gaur gure konpromisoa berretsi nahi dugu, euskal sozialdemokraziarena, eta tokian toki ekiteko duen gaitasunarena. Haren bidez lortuko baitugu, hurrengo belaunaldiari zerbitzu publikoak eta gizarte-eskubideak bermatuko dizkien ongizate-sistema indartzea.

 

Euskal herritarrek elkarrekin aurrera egiteko espazio bat nahi dute, gainerako guztiaren gainetik. Ekonomiaren eta gizartearen hazkundea nahi dute, bai eta askatasunena eta berdintasunena ere. Eta gaur ezagutzen dugun Euskadi eraikitzeko aukera eman zuten euskarrien gain hurrengo hamarkadetan nahi dugun Euskadi sendotu nahi dugu.

 

Denontzako ongizatea. Denontzako hazkundea. Denontzako eskubideak eta berdintasuna. Gaurko sozialdemokratok (atzokoek egin zuten bezala) lan egingo dugu hurrengo belaunaldiaren zerbitzu publikoak eta eskubide sozialak bermatzeko.

 

Helburu horrekin, gure aurrekoek gaurko euskal gizartea eraiki zuten. Printzipio horiei helduta, datorren hamarkadetako herri modernoa eraiki nahi dugu guk.

 

Mila esker Mario Onaindia Fundazioa. Eta mila esker zuei guztiei.