Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

  •   PSE-EEren 8. Kongresua

Idoia Mendiaren hitzaldia PSE-EEren 8. Kongresuaren amaiera-ekitaldian

Idoia Mendiaren hitzaldia PSE-EEren 8. Kongresuaren amaiera-ekitaldian

Bilbo, 2017ko urriaren 1a

Eskerrik asko lagunok. Mila esker Euskal Sozialistak! Mila esker zuen konfiantzagatik!

Euskal Sozialisten VIII. Kongresuari amaiera emango diogu. Eta bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet kongresua egiteko aukera eman duzuenei.

Eskerrik asko ordezkariei. Eskerrik asko hitzaldietan parte hartu duzuenei. Eztabaidatu eta proposamenak egin dituzuenei. Eskerrik asko antolamenduko lagunei. Banbalinen artean zaudetenei. Zuek egindako ekarpenik ezean ezinezkoa litzateke hau egitea. Zuzendaritza-batzordeei. Berriari eta zaharrari. Bidaia honetan, gero eta jende gehiagorena den bidaian, aurrerapauso bat emateagatik eta niri laguntzeagatik. Eskerrik asko kanpotik etorri zaretenei. PSEren familia handia Espainia osoko sozialisten maitasunez eta beroaz elikatzen da. Eskerrik asko, benetan!

Kongresu ikaragarria izan da. Bi hitzaldi on adostu ditugu. Bide argia eta handinahia finkatu dugu hurrengo urteetarako. Etorkizunerako proiektu bat definitu dugu. Argi eta garbi ezkertiarra den Euskadirako proiektua, datorren hamarkadarako.

Espainiarako eta Europarako ere bada proiektua. Ez baikara irla bat, eta munduak dituen arazoak hemen ditugun erronken berdinak dira.

Bidea dago ezkerretik. Eta biderik onena da. Ezkerrari, gure borrokari eta gure eraginari esker, lortu baititugu Euskadin gizarte-kohesiorako lorpen handiak.

Eta bermeak eskainiz egitea lortu dugu. Ezkerraren bermea. Orain, berriz, etorkizunerako bide hori burutu behar dugu. Bermea izaten jarraitu behar dugu.

Euskal Sozialismoak ez baitu kexaren, laido edo protesten alderdia izan nahi. Euskal Sozialismoak erantzunen alderdia izan nahi du.

Eta erronka, desafio eta arrisku guztien aurrean, konponbideak eman behar ditugu.

Hori da osatu dugun markoa. Orain talde bakoitzak konponbide bat eskain diezan gure bizilagunei, beren arazoekin amaitzeko. Horretarako daude eta gure zain.

Auzo bakoitzean eta herri bakoitzean daude gure zain, beren gazteei aukerak nola eskainiko dizkiegun eta beren zaharrei arreta nola emango diegun esan diezaiegun.

Elkartasun-agurra adierazi nahi diet UGT eta CCOO sindikatuetako adiskideei, pentsio duinak lortzeko Portugaletetik Bilbora ibiltzen ari direnei.

Zuekin gaude!

Eta pertsona gehiago daude gure zain. Diru-laguntzak etenda dituzten milaka langabe daude gure zain.

Iraultza teknologikoari dagokionez, atzean geratzen ari diren hainbat langile daude gure zain. Low cost langileak, ekonomia kolaboratiboaren aitzakia dela medio babesik gabe geratzen ari direnak, kellys (garbitzaileak) direlakoak, saldo-soldatakoak…

Lan-segurtasunik gabeko enplegu berrietara gehitzen direnak. Industria 4.0ari buruz hitz egiteaz gain, beren eskubideez hitz egin diezaiegun daude gure zain.

Emakumeak daude gure zain. Lan beraren truke gizonek baino gutxiago zergatik kobratzen duten ulertu ezin duten emakumeak. Beldurrez bizitzeari utzi nahi dioten emakumeak, aske izan nahi dutenak.

Hain zuzen ere, 1931ko urriaren 1ean, gaurko egunean, zenbait emakumeri esker, hala nola Clara Campoamorri esker, Espainiak aurrerapauso bat egin zuen politika-berdintasunari zegokionez, emakumeei bozkatzeko eskubidea aitortu zitzaien eta.

Gaur, 86 urte beranduago, berdintasun soziala, ekonomikoa eta lanekoa gizarteak lortu ez dituen zereginak dira oraindik ere; eta ezin dugu esan bidezko gizartea denik baldin eta herritar erdiak baztertuta badaude.

Denok berdinak garen Euskadi bat nahi dugu! Eskubide eta betebehar berak dituztenak! Ez dugu gehiago eskatzen, eta ez dugu gutxiago onartzen!

Eta Europari buruz hitz egin dugu. Europazale amorratuak garelako.

Eta horregatik batasun berri bat eraiki nahi dugu. Soziala, irekia, demokratikoa eta etikoa.

Ez baita gure Europa, harresiak jartzen dituen Europa. Ez baita gure Europa, ihesi datozen herritarrak kanpoan uzten dituena. Errefuxiatuak gure artean nahi ditugu. Euren zain gaude! Eta gaur gure konpromisoa berresten dugu, Europak ateak, behingoz, ireki ditzan.

Eta Europa berri honen barne, Espainia berri bat. Erreforma federala behar dugu, gure sistema indartzeko. Espainia XXI. mendera ekarri.

Eskubide berriak lortu. Eskumenak argitu. Eta desberdinen arteko elkarbizitza bermatu. Amaitu behar dugu erkidegoen arteko lehia etengabea.

Eta abertzaleak behar ditugu proiektu horretan. Denok gara beharrezkoak, Espainian eta Euskadin aro berri bat ireki ahal izateko.

Sozialistok autonomia-sistema aldarrikatzen dugu, gure demokraziak izan dituen lorpen handienetako bat da eta.

Konstituziorik eta Estatuturik gabe ez baikinen gauden lekuan egongo. Autogobernurik gabe ez genituen eta izango gure garapen- eta ongizate-mailak. Ez genioke krisiari aurre egin izango.

Baina autogobernua ez da bandera bat, ez eta orratz bat ere paparrean.

Autogobernua Osakidetza da, ikastetxe publikoa, Lanbide. Autogobernua gure enpresen berrikuntza- eta ikerketa-inbertsioak dira.

Gure herritarren etxebizitzarako eskubidea da. Eta gainerako guztia galdu denean soldata bat izateko bermea.

Autogobernua hori guztia eta askoz gehiago da.

Eta, batez ere, ezberdinen artean elkarbizitzeko toki bat izateko bermea.

Norbere burua garatzeko tokia, inork ideologia, nortasuna, erlijioa edo sexu-orientazioa inposatu gabe. Izan ere, gobernuak ezin du zenbait gaitan esku hartu.

Autogobernua aniztasun eta dibertsitate horren bermea da. Eta horrela izaten jarraitu behar du.

Baina horretarako hobetu beharra dago. Legeriek aurka egitea eten behar dugu, sentimenduak aurka jarri besterik ez baitute egiten.

Sozialistok zeharkakotasunean egon ginen 36tik 79ra bitartean. Eta etorkizuneko akordioetan egongo gara, betiere, aurrekoak bezala, gizartearen aldekoak badira eta pertsona ezberdinak batzeko gaitasuna badute.

Gure elkarbizitza-espazioa indartu nahi dugu. Euskaldunen eta Espainiarren artean. Berezitasunak errespetatuz. Berdintasuna bermatuta. Egingarria da. Eta ezinbestekoa da egitea.

Eta sozialistok prest gaude akordio berri horren buru izateko.

Prest gaude Espainia osoan eta Euskadin egiteko. Eta horretarako ezberdina denarekin ados jarri beharra dago. Aurkakoarekin ituna egin behar da.

Ez da solaskidea iraindu behar, ezta belauniko jarri ere. Solaskideari ulertu behar zaio, eta pieza denak batu. Eta gu lan hori errazteko prest gaude.

Katalunian egiten jakin izan ez duten lana. Ez Rajoyk, ez eta Generalitatak ere.

Gaur Katalunian ikusten ari garena politikaren porrota da. Instituzioak lubakiak direla ustearen porrota. Herritarrak alde batera utzi dituzte, beren arazoak konpontzeko gai ez baitira buruzagiak.

Garai zailetan ausarta izan behar da elkarrizketa eskatzeko. Garai zail hauetan gutxik defendatzen dute neurriz eta zentzutasunez aritzea.

Sozialistok ez ditugu euskaldunak alde batera utziko. Nazionalistak izan edo ez. Ez ditugu bakarrik utziko. Ez dugu hori onartuko!

Ez genuen iraganean onartu, gure bizitza jokoan zegoenean. Ezta ni orain esaten ari naizena defendatzeagatik hiltzen zizutenean ere.

Sozialistok ez dugu onartuko hiritarren eskubideak eta eskubide sozialak (Francori eta ETAri aurre eginez lortu genituenak) kolokan jartzea, nahi nazionalistak asetzeagatik.

Sozialistok ez dugulako ulertzen Euskadi banatu bat. Euskadi ezberdinon artean eraiki baikenuen iraganean. Eta etorkizunean ere ezberdin guzti horiena izango da.

Horrela bizi izan dugu hoberen. Eta batuta jarraitzeak bermatuko digu aniztasuna eta ezberdinon arteko elkarbizitza. Aurrera egiteko dugun bermerik onena, eta sozialki kohesionatuta egitekoa.

Eta Euskadin lortuko dugu.

Euskadin sozialistok autogobernuari buruzko akordio berri bat bultzatuko dugu. Proiektu partekatua eta solidarioa, gure desberdintasunak aitortu eta batzen gaituena indartzen duena.

Akordio berri bat, legearen barrukoa eta gehiengoaren babesa duena; herrialde hau eraiki zuen itun hirukoitza berriz eratzen duena: euskaldunen artekoa, lurraldeen artekoa eta Euskadi eta Espainiaren artekoa.

Ez dugu abenturarik nahi! Ez dugu bazterketarik nahi! Euskaldun guztiok elkarrekin bizitzeko konpromisoa berrestea nahi dugu! Herrialde hau elkarrekin garatzen jarraitzeko!

Akordioa berritu nahi dugu. Elkarbizitzarako ituna berriz sinatu. Proiektu partekatu eta solidario bat, non denok sartzen garen.

Inor bide bazterrean uzten ez duena. Gure desberdintasunak errespetatu. Eta batzen gaituena indartu.

Horixe da Euskadin dugun erronka. Herritarrak berriz elkartu. Nazionalista eta ez nazionalisten arteko akordioa berritu.

Herri hau denon artean eraiki baitugu. Eta denok batera lortuko dugu berriz indartsu izatea.

Aurten Euskal Sozilistok Igeldon egin genuen lehen kongresuaren 40. urteurrena ospatu dugu. Eta datorren urtean Euskadiko Ezkerrarekin bat egin genuenetik 25 urte igaroko dira.

Lorpen handia izan zen hura gure historiarako, Euskadiko ezkerren batasuna ekarri zuen eta. Herrialde honetako erreferentzia nagusi gisa sendotu ginen.

Siglak baino zerbait gehiago batu genuen. Nahiak batu genituen. Eta horrela lortu genuen Euskadi soziala indartzea. Guztiontzako Euskadi.

Kontra egiteko indarra bildu genuen eta. Etsipen ekonomikora eramaten ari gintuztenei aurka egiteko, gizarte-gatazka eragiten ari zirenei. Totalitarioen aurka egiteko.

Horregatik Euskadi askatasun-lurra da! Horregatik da aniztasun-lurra! Horregatik gaude harro! Gure eginkizunik onena da. Marka sozialistarik onena.

Eta gaurtik aurrera zeregin horrekin jarraitu behar dugu. Batzekoarekin. Batzekoa eta konplexurik gabe itunak egitekoa. Herrialdea osatu eta ezkerra garela esaten jarraitu ahal izatea.

Eskubide bat lortzen duen politika guztietan aztarna uzteak balio handiagoa du izenburu baterako esaldi bat esateak baino.

Eraikuntza sozialaz harro egon ahal izatea beharrezkoagoa da herrialde erdia eraikuntza nazionalean lurperatzea baino.

Munduan inon ez da ezkerra aitortu aberriak eraikitzeagatik. Ezkerra aitortu ohi da herritarrak berdinagoak izatea lortzeagatik.

Eta ez dugu bazter batean geratu nahi, eskubideak babesteko balio ez duen garbitasuna babestuz. Ez eta ezkertiarren arropak jantzi ere, barruan bandera handi bat gordetzen dutenak. Ezkerra argia, erabilgarria eta konplexurik gabea izan nahi dugu, hain zuzen, herrialde honek behar duena.

Horregatik, dei egiten diet beste alderdi ezkertiar batzuei, sindikatuei eta gizarte-mugimenduei. GKEei eta herritar independenteei. Kulturaren eta unibertsitatearen arloko jendeari. Euskadi soziala aurrera eramateko asmoarekin bat egiten duten guztiei. Batu ditzagun ahaleginak, guztiona den proiektu baten alde.

Zeregin hori agindu diozue Batzorde Betearazle honi. Txosten politikoa onartzean erabaki duzuena.

Eta zuen agintaldia posible egiteko, ideia hori argi duen talde bat osatu dut. Talde berritu bat, alderdi honen alde apustu egin nahi dutenen energiak galaraziko ez dituena.

Berriz ere kolektibo horiekin bat egin nahi duten sozialistak. Ibilbide honetan lagundu nahi dutenei ateak irekiko dizkietenak. Orainean eta geroan pentsatzeko konpromisoa duten pertsona talde bat. Ditugun erronketan eta horiei erantzuna emateko forman.

Ezkerrarentzako tokia dago Euskadin. Diskurtso ezberdina egiteko tokia dago Euskadin. Gizarte-erreformak eta -politikak egiteko. Ezkerrak bat egiteko tokia, batzuek oraindik babesten duten bloke soberanistaren gainetik.

Herritarren eskubideez arduratzen den espazioa, ez berriz, muga berriez. Herritarrei arreta ematen diena, banderei eman beharrean. Gizarte-konkisten alde borrokatzen duena, ez berriz, lurralde-konkisten alde.

Sozialistok euskaldun guztien berdintasun soziala eta politikoa defendatu ohi dugu. Herritarrek ezberdinak izateko duten eskubidea. Eta askatasun hori bermatzeko gobernuaren betebeharra.

Berdintasuna defendatzea da baliorik handiena ezkerrarentzat. Eta ezingo luke beste Euskadi bat egon, bakarrik pertsona guztiei eskubide berak bermatzen dizkiona.

Herrialde honetako gauzarik onenak ezkerraren bidetik eraiki dira. Osasun eta hezkuntza publikoak. Industria- eta enplegu-politikak. Gizartea babesteko eredua, orain Espainia osoan begiratzen dutena. Euskadi berdeago baten eraikuntza! Garoñaren itxiera eta fracking-aren debekua gure lurretan!

Gizarte-mailan aurrera eginarazi digun guztia, ezkerraren bidetik lortu da. Aske egin gaituen dena ezkerraren bidetik borrokatu behar izan dugu. Eta etorkizunean mantentzeko, ezkerraren bidea indartu beharko da ere bai.

Eskuinaren haginkaden eta bere eredu erabat desberdinaren aurrean. Ahal duen bakoitzean subiranotasunaren alde bakarrik egiten duen nazionalismoaren aurrean. Horien aurrean eta herritarren alde, herrialde honetako progresistei dagokie eskuak elkartzea helburu partekatu bat lortzeko.

Ezkertiarrei dagokie ordezko gizarte-eredu bat planteatzea. Gu gabe hautsiago egongo litzateke gizarte hau, eskubide gutxiago izango lituzke, eta ez litzateke hain bidezkoa izango.

PSEk bere gain hartzen du erronka hori. Progresista guztiek bat egiten dugun etxea izatea. Gero eta indar gehiago batu, orduan eta hobea izango da Euskadiren etorkizuna. Gero eta handiagoa izan ezkertiarren etxe erkidea, orduan eta berme handiagoak izango ditu etorkizun horrek.

Ezkertiar ororen etxea. Horixe izan nahi dugu. Euskal progresista guztiak batu, eta denon artean beste aukera bat eraiki. Soziala. Solidarioa. Bidezkoa. Berdea. Feminista.

Euskal gizartea lortu duen onena, ezkerraren bidetik etorri da. Eta etorkizunean aurrera egin nahi badugu, ezkerraren bidetik izaten jarraitu beharko du.

Horregatik, behar dugu gure eskuak elkartu. Proiektu honekin bat datozen guztiak batu, eta denok batera euskal gizarte berri bat eraiki.

Alderdi Sozialistak bere gain hartzen du erantzukizuna. Alderdi Sozialistak erronka honen buruan jartzen da.

Beti izan gara euskal progresisten elkargunea. Eta berriz ere izan nahi dugu, Euskadi soziala eraikitzeko abiapuntua.

Kongresu honek garai berri bat finkatuko du Euskadin.

Euskal Sozialistak 2009an hasitako ziklo-aldaketa sendotzen ari garelako. Herrialde hau gure gain hartu genuen, eta politika egiteko beste era bat dagoela frogatu ere bai. Erakundeak zuzentzeko beste era bat.

Euskadiko gobernu sozialistarekin hasi genuen zikloa. Eta harez geroztik eraikitzen jarraitzen duguna; lehenik, oposiziotik, eta, orain, berriz ere erakundeetatik.

Ezer ez da berdina izan orduz geroztik.

Gogora ezazue zer egoeratan geunden 2009 baino lehen. Euskal gizartearen zati handi bat baztertzen saiatu ziren, nazionalismoarekin bat ez egiteagatik. Euskalduna izatearen ideia bakarrik onartzen zutenentzako arraroak izateagatik.

Eta mehatxuak gorabehera, erailketak gorabehera, sozialistok ez genuen inoiz gure erantzukizuna alde batera utzi. Inoiz ez genuen begirada jaitsi. Ez genuen eragin nahi ziguten uko egitea onartu.

Hori guztia gorabehera, sinesten genuenaren alde lan egiten jarraitu genuen. Sozialistak garelako eta jendearekiko dugun konpromisoa gainerako guztiaren gainetik dagoelako!

Eta herrialdea garatzeko inplikatu ginen. Zerbitzu publikoak babesteko. Jatorria eta pentsaera alde batera utzita, euskaldun guztiontzako baliagarriak diren legeak sustatzeko.

Inplikatu ginen eta ezinbesteko lana egin genuen herritar guztiei gutxieneko diru-sarreren eskubidea bermatzen duen legea egiteko.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatu duena. Euskal ikastetxe publikoa indartu duena. Lehenbiziz, terrorismoaren biktimak aitortu zituena.

Eta 2009an aurrerapauso bat egin genuen, Euskadiko historia aldatu zuena.

Milaka euskaldunek lagundu ziguten, gutxi batzuen arazoetan arreta jarri beharrean, guztion arazoei erantzungo zien gobernu bat eskatzen zutenek.

Proiektu hori burutu genuen. Eta gobernu hori guztiona izan zen.

Euskadiko elkarbizitza defendatu genuen. Eta terroristei aurre egin genien. Demokrazia gure herriko kaleetara eta plazetara atera genuen. Eta krisiari aurre egin genion. Herrialdea modernizatu genuen: administrazioa, osasuna, hezkuntza, ekonomia...

Orduan hasi genuen hura finkatzen ari gara orain.

Eta ez dugu nahi atzera egiterik. Batzuen interesen alde egiteagatik, gure erakundeek herritarren beharrak alde batera uztea ez dugu onartzen.

Lan handia egin behar izan da hona iristeko. Eta ez dugu onartuko inork pikutara bidaltzea lortu duguna.

Duela urte bat gobernagarritasun-akordioa sinatu genuenean, esan genuen gai estrategiko bat zela, gizartearen etorkizunera begira zegoena.

Ausarten zikloa ireki genuen, kikiltzen ez direnena. Beti aurrera egiten dutenena.

Arriskutsua zela bagenekien. Baina alderdi honek ulertu zuen. Zuek jakin izan zenuten zertan zetzan.

Bazenekiten ez zela kudeaketa-sailak banantzeko kontua, baizik eta herrialdea salbatzekoa. Etsipenean erortzea ezin zen onartu. Bazenekiten enplegua sustatu beharra zegoela, urritasunaren aurka borrokatu behar zela, eta emakumeen berdintasuna eta pertsona guztientzako aterpe bat bermatu behar zela. Langileak babestu behar zirela, ez berriz, enpresei lagundu.

Hori dena egin behar zen, bai horixe. Baina, batez ere, denok lekua izango genuen herrialde bat eraiki behar zen. Inor baztertua sentitu ez zedin bere etxean bertan.

Euskadiko historia berria ezin zen errepikatu: euskaldunen arteko gatazka. Elkar mantentzen gintuen lotura daga batekin moztea. Gobernu batek aberria gailentzea herritarrak baino.

Aurre egitearen politikak manifestazioak jendez beteko ditu agian, baina ez dio jendeari arretarik ematen anbulatorioetan. Ez ditu irakasleak lortzen ikastetxeetarako, ez eta txarren pasatzen duena babestu ere.

Sozialistok ez diogu errua herrialdeari botako jendearen arazoak ezin konpontzeagatik. Sozialistok ez dugu bandera bat inguruan jarriko gure lotsak ezkutatzeko. Ez dugu hautetsontzirik sortuko, eskubiderik oinarrizkoena urratuko duenik: zure herrian herritarra izateko eskubidea.

Duela urte bat alderdi honek herrialde honen alde apustu egin zuen. Eta horri esker, Euskadi osoak irabazi zuen.

Batzorde Betearazle berriak ez du konfiantza hori xahutuko. Zabaldu behar dugu.

Herritar guztiei zabaldu nahi diegu konfiantza hori. Berriz irabazi nahi dugu konfiantza hori, Euskadin gure zain dauden hainbat progresistaren konfiantza.

Ezker erabilgarriaren zain daudenena. Beti erantzun izan duen ezkerraren zain daude. Protesta erantzun eraldatzaile bihurtzen duenaren zain. Progresisten banaketak eskuinari laguntzen diola uste duenaren zain.

Mario Onaindiak esan zuen hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago, euskal sozialistak direla milaka euskaldunen itxaropena, gertatutako guztiaren arren, Euskadi herri normal bat dela uste dutenena. Espainiaren eta Europaren parte dena. Eta beste herri batzuekin batera mundu baketsua eta askea sortu behar duena.

Nik ideia horri heltzen diot. Nik uste oso horri heltzen diot.

Hor kanpoan milaka pertsona gure zain daudela usteari. Gu gabe beren eskaerak ahaztuko direla usteari. Ezin diegu huts egin. Ezin diogu gure erantzukizunari uko egin.

Euskal Sozialistak gara! Euskadi modernoaren arkitektoak! Bere askatasunaren defendatzaileak!

Gaur gure proiektua berritu dugu! Gaur Euskadiko herritarrekin dugun konpromisoa berretsi dugu! Gaur Euskadiko Alderdi Sozialista berria aurkeztu diogu euskal gizarteari!

Iraganean aurrerapenaren bermea izan dena! Eta gaur egun berme hori izaten jarraitzen duena! Etorkizunerako ezkerraren bermea!

Betiko euskal sozialismoa! Berriz ere zutik! Berriz ere abian, lagunok! Aurrera Euskal Sozialistak!