Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendiaren hitzaldia PSE-EEren Batzorde Nazionalaren aurrean

Idoia Mendiaren, PSE-EEren idazkari nagusiaren, hitzaldia Euskal Sozialisten Batzorde Nazionalaren aurrean

 

Bilbo, 2018ko uztailaren 11a

 

Arratsalde on guztioi. Arratsalde on, lagunok. Lehenik, eskerrak eman nahi dizkizuet gure urteurrenarengatik. 1886ko uztailaren 11n, Euskadiko lehen elkarte sozialista sortu zen hemen, Bilbon. Euskadin gehien errotutako alderdia, euskal herritarrekin konprometituta denbora gehien daramana. Beste batzuek galderak bakarrik egiten zituztenean, guk erantzunak eman ditugu. Batzuek arazoak planteatzen dituztenean, guk konponbideak ematen ditugu, eta batzuek uniformetasuna nahi dutenean, guk aniztasuna bermatzen dugu.

 

Hemen gaude denboran zehar beste batzuen lekukoa hartu genuelako askatasunaren, berdintasunaren, elkartasunaren eta justizia sozialaren alde. Hemen gaude beti egon baitira herritarrak uste izan dutenak sozialismoa eraldaketarako indarra zela, bere eskubideak bermatzen zituena. Sozialismoa betidanik mugiarazi duena gogora ekartzea komeni da, mende batez baino gehiagoz herritarrentzako erreferentzia politikorik erabilgarriena osatu baitu. Hortaz, gure erakunde gorenaren ohiko bilera Kongresu artean ospatzen dugu, une berezi batekin bat egin duen egun berezi honetan.

 

Espainian ziklo berri bati eman diogu hasiera eta duela 9 urte hasi genuen aldiaren amaiera dela uste dugu. Euskadiko lehen gobernu sozialistak behin betiko hautsi baitzuen lubakien politika, eta ezberdinen arteko akordioen politikarekin ordeztu zuen. Norabide-aldaketa horrek ez du atzerapausorik izan behar.

 

Eta emadazue aukera gogoeta pertsonal bat egiteko. Igande honetan 4 urte beteko dira, zuen konpromisoak eta militantziak merezi duen tokira itzultzeko, alderdi honi konfiantza eskatu nionetik. Jendearen bizitza aldatzen duten erabakiak hartzeko tokietara itzultzeko.

 

Orduan, berriz diot, duela 4 urte oposizioan geundela. Toki denetan: Espainian, Euskadin, aldundietan eta udal gehienetan. Ezkertiar lehiatzaileak sortu ziren, eta titular azkarrak eskaintzen zituzten. Arazo zail eta zaharretarako erantzun errazak ematen zituzten.

 

Nazionalismoa gobernuaren arreta erakartzen ari zen, beren nortasun-arazo eta -auziengatik, eta ez zituen herritarren arazoak eta erronkak artatzen. Gure alderdiak, ongi dakizuenez, denbora gehiegi erabili zuen barneko kontuetan.

 

Konpromisoa hartu nuen sozialismoari nagusitasuna itzultzeko, gauzak aldatzeko erreferentea izateko berriz; kaleetatik herritarren eskaerei arreta emanez, baita aldizkari ofizialetatik ere, Ramón Rubialek irakatsi zigunez, horien bidez egiten baitira iraultzak.

 

Gaur, zuen ahaleginari esker, sozialismoa udal-gobernu gehienetan dago; foru-aldundietan dago eta Euskadikoan dago. Gaur, zuen ahaleginari esker, eta barneko zereginak garaiz egiteko gai izan zen militantziari esker, agerian utzi dugu prest dagoen alderdia garela. Espainiako gobernuan berehala alternatiba bat emateko gai, Pedro Sánchez buru izanik eta bere inguruan oso ondo prestatutako eta aitortutako pertsonez osatutako talde batekin.

Azpimarratu nahi dut hemen euskal sozialismoak presidenteari eman dizkion eskerrak eskatzeko moduko erantzukizuna bete duelako. Izan ere, ausarta izan da Rajoy Moncloan ezkutatu zenean aurpegia emateko, Rajoyk arretarik ez erantzunik eman ez zienean pentsiodunei, emakumeei, soldata duinak eskatzen zituztenei eta, ustelkeria zela medio, beren alderdia kondenatzen ari ziren epaileei.

 

6 urtez herritarrak alde batera utzi eta gainerako alderdi politikoak mespretxatu eta gero, gobernuak berriz egiten die kasu kaleari, herrialdeko lurraldeei eta alderdi politiko guztiei. Eskubideak kentzeko Europaren aurrean justifikazioa bakarrik bilatzen zuen gobernuak 6 urtez iraun eta gero, Batasunean dagokion tokia berriz hartu du gobernuak, eta ez du zalantzarik egiten haren betekizun humanitarioa betetzeko, ez eta nahi dugun Europa zuzentzeko ardurak hartzeko ere.

 

Hori da Pedro Sánchezek ireki duen aro politiko berria. Berrikuntza sozialerako, politikorako eta Europarekin lotutako berrikuntzarako garaia, non euskal sozialismoa bereziki eroso eta erantzule sentitzen den. Gaur, 1996tik lehen aldiz, euskaldunen bizitzari eragiten dioten erabakiak hartzen diren leku denetan baitago sozialismoa, erakunde denetan lerrokatuta.

 

Eta sozialismoak paper nagusia berriz hartu duenez, milioika pertsona Espainian, eta gehiengoa Euskadin, alde batera utzita norberaren pentsamoldea, konbentzituta dago leihoak ireki, giroa sortu eta itxaropena berreskuratzen ari direla. Itxaropena berreskura dezaten biztanleen erdiek, emakumeek, politika eraldatzaileak zuzentzeko irabazi dugun tokia okupatzeko. Itxaropena berreskura dadin osasun-, hezkuntza- eta lan-eskubideak berriz konkistatzeko. Itxaropena berreskura dadin pentsio publikoen jasangarritasunerako...

 

Egoera goitik behera aldatu egin dugu. Lau urtetan erakunde guztietako Gobernuak eskuratu ditugu. Udalak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua.

 

Gaur, euskal gizartean eragina duten ia politika guztiak, Sozialisten esku daude.

 

Sozialistei esker, herritarrak eskubide sozialak berreskuratzen ari dira. Sozialistei esker, osasun eta hezkuntza publikoak indartzen ari gara. Pentsioen etorkizuna bermatzen ari gara. Espainian eta Euskadin elkarbizitza eta akordioaren aldeko garai berri bat irekitzen ari da. Eta hori guztia posiblea da, Sozialistok herriaren lidergoa lortu dugulako. Momentu latzenetan, zuek ez duzuelako amore eman.

 

Gizartean hedatzen ari den lasaitu-sentsazio horren partaide gara. Baina, batez ere, sentsazioak egi bihurtzearen erantzunkide gara. Pozik gaude berreskuratu garelako. Baina eskatuko dizuet ardura hartu behar dugula itxaropenei erantzuna emateko eta gehiengo lasaitu horrek berriz konfiantza izateko sozialismoarengan, hurrengo hauteskunde-erronkarako.

 

Eta beldurrik gabe egingo dugu, atzean utzi berri dugun aro beltzean beldurrik izan ez genuenez. Gehiengo osoaren bidezko inposaketena, ongizate-estatua desegitearena, lurraldeen arteko gatazkena. Ekitaldi politiko honek hasiera izan zuen kataluniar independentismoak eragindako gatazkekin obsesionatuta, eta amaiera eman diogu herritar guztientzako konponbideak proposatuz.

 

Herritarren agenda, beren arazo eta eskubideak, berriz dira erakundeen agendaren erdigunean, lehenago hemen, Euskadin, instalatu genuen moduan. Eta elkarrizketa berriz da aldeak gainditzeko tresna. Hari esker, duela bi aste sindikatu nagusiek eta ugazaberiak akordio garrantzitsu bat egin zuten, langile denei eragingo diena.

 

Eta denei esaten dugunean, Euskadikoez ere ari gara. Aski da aitzakiekin aritzeaz, ELAren, LABen eta Confebasken aitzakiez. Aski da negoziazio kolektiboaren eta ultrajardueraren berreskurapena lan-eskubideei dakarkien indarra murrizteaz. Aski da soldatak igotzeko akordioa murrizteaz.

 

Batzorde Nazional hau aprobetxatu nahi dut euskal eragileei oro har eskatzeko mahaian jesar daitezen eta Euskadiri helaraz diezaioten langile-klaseari aukera hori. Akatsak egin dira eta konpondu dira. Eta sozialistok apustu horren alde egiteko, hau da, eskubideak berreskuratzeko gizarte-eragileen artean konfiantza izateko konpromisoa berresten dugu. Aurreko Batzorde Nazionalean esan nuen, gure premietako bat zela, eta orain berriz diot. Premiazkoa izaten jarraitzen du eta.

 

Urtarrilean egindako azken Batzordean egin genuen apustua ere berresten dugu, pentsioen sistema publikoaren jasangarritasunaren aldekoa. Gure zaharren mobilizazioek sozialistak harrapatu gintuzten herrialde osotik etsiko ez genuela hedatzera emanez, eta aditzera emanez pentsionistak pobretzea saihesgarria zela, bai eta ez zegoela zertan plan pribaturik ireki beharrik ere, sistema publikoak ez zuelako porrot egingo.

 

Eta hemen, bereziki Euskadin, lurraldeen eta belaunaldien arteko elkartasuna negoziaezina dela azaltzen ari ginen orduan. Batzuek gutxi batzuen gustukoak izango diren nahiez aritu arren, gure pentsiodunek merezi dituzten eskubideak bermatuko ditugu sozialistok. Beren diru-sarrerak eta duintasuna ez dira nazionalisten esku jarriko. Ideiak argi izanez, kaleetan egindako eskaerei arreta eman diegu eta pentsio duinak eskatzen dituztela igorri diegu erakundeei, guk ere bat egiten dugulako horrekin.

 

Espainiako gobernuaren aldaketari lagundu zioten alderdi guztiei, gureari bezala, eskatu nahi diegu ere arduratsu izan daitezen, gure sistema publikoari egonkortasuna emateko ezinbestekoak diren akordioak egiteko.

 

Eta gure azken Batzordean finkatu genuen beste lehentasun bat zen emakumea sartzea ekonomiaren, erantzukizun politikoaren eta gizarte-protagonismoaren aginte-taldean. Hain argi genuenez, ez genuen zalantzarik egin martxoaren 8ko dei feministan, lan-etenaldietan, manifestazioetan eta herritarren erabateko berdintasunaren eskubidea aldarrikatzen zuen edozein ekitalditan parte hartzeko.

 

Uste osoz egin genuen, mobilizazio historikoan parte hartu zuten milaka pertsonek bezala. Mundu erdiko egunkarietako portadetan izan ziren argazki horiek berrikusten diren egunean, alderdi honen parte garenok harrotasun osoz esango dugu: ni han izan nintzen.

 

Han izan ginen eta, gobernu sozialistaren bitartez, berdintasuna eta ezkontzeko edo ez ezkontzeko zein seme-alabarik izateko edo ez izateko erabakia hartzeko eskubidea lortzeko bidean zuzendari izan ginen. Eta berriz ere gaude Espainiako gobernuaren buruan, arrasto feminista aitortuarekin, berriz ere berdintasunaren eta askatasunaren aldeko bideari ekiteko prest.

 

Feminismoaren alderdia gara. Eta horregatik xede dugu emakumea jartzea gure politikaren erdigunean. Berdintasunaren alderdia gara. Eta horregatik ez dugu inor bide bazterrean utziko. Akordioaren alderdia gara. Eta horregatik, Gobernu honen lehenengo neurria izan da elkarrizketa sustatzea.

 

Elkarrizketa sindikatu eta enpresekin, lan baldintza duinagoak bermatzeko. Eta elkarrizketa, be bai, Euskadiko eta Kataluniako Gobernuekin. Gizarte plural bat garelako, eta soilik denon artean konponduz, lortuko dugulako aurrera egitea.

 

Erronka handiek beti behar dute sozialismoak bideratzea, duela 132 urtetik lurralde honetan egin dugun moduan. Eta gure auzi handietako beste bat, alderdiarentzako ezinbestekoa dena, pluralitatea bermatzea da. Horretan ere irmoki borrokatzen jarraitu behar dugu. Dakizuenez, azken hiletan nazionalismoak haren testamentu zaharra atera du berriz ere, eta herri bakarra, nortasun bakarra, hizkuntza bakarra eta herritartasunaren eta nazionalitatearen artean bereiztea aldarrikatzen ari da.

 

Kezkatzen gaitu horrek, bereziki, XXI. mendean munduarekiko irekiak izan behar dugulako erronka demografiko, teknologiko eta ingurumeneko handiei erantzuna emateko. Totalitarismoak, diktadura frankista eta ETArena garaitzea kostatu zuenarekin, kezkatzen gaitu gaur berriz hitz egiten hastea elkarrekin bizitzeko hitzartu genituen arauak berriz definitu behar direla. Kezkatzen gaitu Euskadi Kataluniako ispilu hautsiarekin islatu nahi izatea batzuek.

 

Testuinguru horretan emango die erantzuna sozialismoak herritarrei. Ezin gara gaitzespenetan geratu. Sozialistoi gehien balio digu, eta haiei bakarrik hori balioko die gure kaleetako aniztasun horren berme izaten jarrai dezagula. Pertsona askeez eta eskubidedunez osatutako Euskadiren bermea izaten jarraitzeko, bizikidetzako ordena demokratikoaren barruan.

 

Horren alde ari gara lanean gobernu denetan. Horregatik erabaki dugu horietan parte hartzea, inoren koloreari eta txartelari begiratu gabe herritarren eskubideen alde egiteko. Nortasun kolektibo uniformatzaileei lehentasuna emateko tentazioez zuek babesteko.

 

Gobernuen bidez ez ezik, Parlamentuan egiten dugu hori. Euskal autogobernuarekin dugun konpromiso sakon eta historikoaren alde lan egiten jarraitzen dugu bertan, gure Estatutuaren tresna guztiak erabiltzeko gaitasunarekin, kohesio sozialeko maila handia lortu duen herrialdea sendotzeko.

 

Inoiz egin dugun elkarbizitzarako itunik onena dela ustez, eta jakinik herrialdean sentitzeko modu ezberdinak batuz egin dugula.

 

Edozein hobekuntzarako oinarria izan behar da  eskubideak eta adostasuna handitzea eta batzen gaituena indartzea.

 

Aukera hori eskaintzen dugu gehiengo nazionalistak batu eta nazionalistentzako herrialde bat diseinatu nahi dutenen aurrean, horrek gero eta gehiago bereiziko digu eta.

 

Ez da gertatuko. Sekula ere. Ez da gertatuko, dakizuenez, eta egileek dakitenez, testu mota hori batzuentzako justifikazioa izan daiteke, baina ez dute inoiz gauzatuko.

 

Baina, batez ere, ez da hori gertatuko sozialistok ez baitugu onartuko aniztasuna desegitea, iraganean onartu ez genuen bezala, horregatik hilko bagintuzten ere.

 

Xehetasunik egin gabe babesten dugu Euskadi mestizoa eta solidarioa, non arauek segurtasun osoa ematen diguten gure eskubideak erabiltzeko, non leialtasunak eta lankidetzak biktimismoa eta sektarismoa ordezkatuko duten.

Ez dugu onartuko euskal gizartearen pluraltasuna ezeztatzen duen Estatutua. Ez dugu onartuko herritarrak bitan zatitzen dituen Estatutua. Euskadi solidario eta mestizo bat defendatzen dugu. Sektarismoa eta biktimismoaren aurretik, berdintasuna eta eskubideak jartzen dituena. Gernikako Estatutua da inoiz izan dugun elkarbizitzarako akordiorik sendoena.

 

Eta erreformatzen badugu, eskubideak zabalduz izan behar da, akordioak hedatuz, batzen gaituena indartuz, eta ez aldrebes. Hauxe da Sozialiston ekarpena. Hauxe da Sozialistok defendatuko dugun eredua.

 

Eta tarte batez aipatuko dut aske izan nahi izateagatik hiltzen ziguten iragana, baita euskaldunak nahi genuen moduan izateagatik ere. Azken hiletan gertatutakoaren balantzea egingo dugun Batzorde honetan jada inork gogoratzen ez duen zerbait aipatu nahi dut: ETA desegin zen iragan den maiatzean. Duela gutxira arte gure nahirik handiena zen terrorismoa desagertzea, gure torturarik handiena izan baitzen. Baina hori Espainian gobernu sozialista batekin gertatu zen, hiltzeari uzteko eraginarazi genionean bandari. 2011n izan ginen, azkenean, libre.

 

Hurrengo sei urte eta erdiak behar izan dituzte gurekin akabo egin nahi zutenek eta haiei txalo egiten ziotenek beren porrota aitortzeko. Gutxiago falta da dagoeneko gehiengoak betidanik dakiguna aitor dezaten: hiltzea beti izan da txarra, eta, batez ere, bidegabekeria handia izan zen. Gutxiago falta da benetan aukera izan dezagun elkarbizitza eraikitzeko, giza duintasuna errespetatuta, biktimei kalterik egin gabe, edozein inposizio mota baztertu eta ideien eta sentimenduen aniztasuna onartzen duena.

 

Baina ez diogu inori itxaron behar. Ez gara ari. Sozialistok herrialde bat eraikitzen jarraitzen dugu, eta ezberdinon artean akordioak egitea bilatzen dugu biziki. Egunero eta edonon. Eta lortzen ari gara. Izan ere, zenbaitetan beste ezeren antza eman, datuek ez dute engainatzen: Legebiltzarrean ez da legealdirik egon zeinetan oraingoan baino zeharkako eta askotariko bozketarik egon den. Kutsurik gabeko titularren gainetik, Bildurekin eta Podemosekin egin ditugu akordio gehien. Eta guk PPrekin bat egin dugun bestetan egin dute bat Bilduk eta Podemosek PPrekin.

 

Arazorik gabe, osasun-gerrikorik gabe. Inork gaitzespenik egin gabe inori laguntzarik eman edo ez emateagatik. Dena da zilegi. Baina legealdiaren hasieran finkatu genuen gure ikuspegia. Ezberdinekin eta inor baztertu gabe akordioak egiteko bide nagusi bat sortzea erabaki genuen. Sozialistok geure gain hartu dugu horiek lantzeko erantzukizuna, baina espero dugu inork beldurrik ez izatea adostasunera iristeko.

 

Gutxieneko batzuetan oinarrituta, nahiak bateratzen saiatuko gara, herritarrak kaltetuko dituzten maximoak saihesteko. Dei hori azpimarratu nahi dugu, uda honen ostean datorkigun ekitaldian hurrengo hauteskundeei begira egoteko tentazioa egongo delako, lortu ahal izango diren botoetan eta konkistatuko diren eskubideetan pentsatzeko tentazioa. Eta sozialistok ez dugu nahi aurretik dugun agenda guztia pikutara bidaltzea.

 

Beren bizitzak, auzoak eta hiriak eraldatzen dituzte. Zuen udalerrietan mugiarazten dizkizutenak, zeinengatik kaleetan azalpenak eskatzen dizkizueten. Eztabaidarik gabe konfiantza irabazarazten dutenak, Totorikak 27 urte hauetan egiaztatu duenez, Ermuari buelta eman baitio. Erreferente bihurtu du eraldaketari, bizi-kalitateari, enpleguari eta duintasunari dagokienez, duintasun eta lidergo etiko handiarekin.

 

Totorikaren ereduari jarraitu behar diogu udal-bokazio handia duen alderdi honetan. Alderdi hau jaio zenetik justizia sozialaren eta elkartasunaren printzipioen alde egin zuen udaletan. Euskal sozialismoak ohorea du Espainiako historian lehenbizi eraman zituelako langileak ziren ordezkariak eramateagatik erakundeetara, Bilboko Udalera, esaterako.

 

Horiek dira gure jatorriak, eskubideak gertutik babestea, herritarrak indartu egiten dituztelako. Horregatik, udalen alde irmoki eginez, eskatzen dugu udalak boterearen lehen mailan jartzea aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Horrela ziurtatuko dugu gure udalek zerbitzuak bermatzea herritarrei.

Hori ere bada autogobernua.

 

Garaia da erakundeek bata besteari eskumenak kentzeari uzteko, eta eraginkorragoak izateko berriz antolatzeko. Garaia da kanpora begira erreklamazioak egiteko eta barnera begira antolatzeko. Herritarrek udalekin jartzen dira harremanetan lehenik. Eta udal horiek gero eta indartsuago izan, orduan eta hobeak izango dira herritarren eskubideak.

 

Hori da aurretik dugun lana. Barne-ibilbideari ekin diogu buruzagitzak sendotzeko eta ateak irekitzeko sozialismoaren eskutik udalak hobetu nahi dituztenei. Ordua da gure kaleetatik eta auzoetatik igarotzeko proposamen berritzaileekin, entzuteko eta ekarpenak egiteko prest. Eta hori dena egin beharra dago herrialde oso bat zuzentzeko ardura irabazi dugunean. Badakigu herritarrak lasaiago daudela eta erantzunak behar dituztela. Beraz, erantzunak emanez berreskuratuko dugu beren konfiantza hautestontzien bidez.

Herrialde duina, berdinak diren pertsonez osatua, eskubideduna... lortu behar dugu. Hori da duela 132 urte sozialismoak Bilboko Udaletik egiten hasi zena, eta orain berriz Espainiako gobernutik egiten ari dena. Bideari ekin diogu. Zuen ahalegina espero dut. Eskerrik asko.