Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Idoia Mendia: «Ukabila eta arrosaren boto denak erabiliko ditugu jendearen bizitza hobetzeko»

1. argazkia
Idoia Mendia en Boulevard Euskadi. | Foto: Socialistas Vascos

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak gaur ziurtatu duenez, sozialisten boto denak erabiliko dira herritarren bizi baldintzak hobetzeko, eta, azpimarratu duenez, erakundeak gobernatzeko akordioek aukera ematen dute herrialdearen pluralitatea islatzen duten planteamenduak laburtzeko.

«Ahalegin handia egin dugu gaurko Euskadi eraikitzeko, eta zenbait gauzari uko egin behar izan diogu; gainera, hainbat kidek bizia galdu dute bidean, baina gure ideiak defendatu eta akordioak egin behar ditugu. Horrela, lortuko dugu Eusko Jaurlaritzan, aldundietan edo udaletan egiten diren politikak PSE-EEren eta EAJren ikuspegiaren laburpena izatea, eta hori ona da, herrialdearen pluralitatea islatzen duelako. Nik nire hauteskundeetarako proposamena dut, eta esan dezaket hautetsontzietan ukabilarekin eta arrosarekin uzten diren botoak jendearen bizitza hobetzeko erabiliko direla, ez berriz, Euskadi amildegira eramateko, Bilduk eta EAJk Autogobernuari buruzko Ponentzian egin nahi duten moduan», azaldu du Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean.

Idoia Mendiak gogorarazi duenez, PSE-EEn «beti nahi izan dugu euskal ezkerraren erreferentziazko alderdia izatea, eta izaten ari gara, besteekin akordioak egin behar direla ulertzen duen ezker erabilgarria. Eta, horri esker, ezkerreko ikuspegidun politika ugari ditugu»; eta azpimarratu du akordioen egonkortasunak isla duela esparru ekonomikoan. «Antzaz, ez doakigu txarto langabezia-datuekin; % 10eko langabezia-tasa finkatu genuen helburu gisa eta zifrak betetzen ari gara», adierazi du.

Aurrekontuetan laguntzeko legeari dagokionez, Euskal Sozialisten idazkari nagusiak gaur gogorarazi duenez, oposizioak kritikak egin baditu ere, mekanismo hori aurretiaz erabili da, adibidez, 2002an erabili zuen EAJk, EAk eta Ezker Batuak osatutako Jaurlaritzak. Orduan, haren bidez baliabideak bideratu ziren ETAren biktimentzat, BECerako inbertsioarentzat edo Ertzaintzaren gastuentzat.

 «Aurrekontuen debatea iraganean geratu da, baliabideak ditugu erreforma fiskalari esker, eta 70.000 langile publikoren soldata hobetzea nahi dugu, baita 120.000 langilek hobetu finantzatutako hezkuntza izatea edo DSBEk igoera handiagoa izatea. Oposizioak, berriz, Jaurlaritza ahuldu nahi du, eta ez du gaian sakondu nahi», esan du. Hala ere, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egingo duela neurri horiek onartzeko. «Aukera denak aztertuko dira akordio bat egiteko, egunak ditugu oposizioak eraikitako harresi hori gainditzeko, zeinaren bitartez jendearen onurarako ekimenak oztopatu nahi dituen», adierazi du.

Idoia Mendia pozik agertu da transferentziak zehazteko lanen inguruko akordioarengatik, eta gogorarazi du testuinguru hori ahalbidetu duela Madrileko Gobernuan zein Eusko Jaurlaritzan sozialistak egotea. Gainera, PP kritikatu du, eta iradoki die gezurrak esateari utzi behar diotela eta aitortu behar dutela ez dutela sinesten «ez Espainia pluralean ez eta Gernikako Estatutuan ere».

Horrez gain, ziurtatu du PSE-EEk lan egiten jarraituko duela Eusko Jaurlaritzaren Oroimenaren Ponentzian. «Idazkari nagusi naizen heinean, Euskadiko eztabaida-mahai guztietan egon nahi dut. Oroimenaren Ponentziak erabilgarria dela agerian utzi du. Esan dugunez, iraganean gai izan baginen gure iraganari buruzko irakurketa kritikoa egiteko adostasun-maila handiarekin, ez dugu ulertzen hori aldatu nahi izatea, baldin eta EH Bilduk ez badu aitortzen eragindako kaltea. Ez gaude prest jadanik adostu ditugun eskakizun etikoak txikitzeko», azaldu du.