Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

  •   2018-2020 Etxebizitzaren Plan Zuzendaria

Plan Zuzendariak gazteak jartzen ditu Euskadiko etxebizitzen politiken erdigunean

Arriola sailburuak, gaur, Bilbon, 2018-2020 Etxebizitza Plan Zuzendaria aurkeztu du. Planaren ildo estrategikoak honako hauetan oinarritzen dira: alokairuaren, eraikinen birgaikuntzaren eta hiri-berroneratzearen aldeko apustua, etxebizitza politiken eta gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa, eta gazteak etxebizitza-politiken erdigune izateko beharra.



Gaztelaguna sortu da, 23 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bitartez beren emantzipazioari bide emateko



Planak babes publikoko 6.350 etxebizitza berriren eraikuntza sustatzea, beste 2.000 eraikitzeko egoitza-lurzorua eskuratzea eta alokairu babestuko parkea 7.200 arte –6.400 Bizigune programakoak– areagotzea aurreikusten du.



Indarraldiko hiru urtean aurreikusitako konpromiso guztiak aurrera eramateko, Etxebizitzaren Plan Zuzendariak 1.119 milioi euroko aurrekontu bateratua du.

1. argazkia
El consejero socialista, Iñaki Arriola, durante la presentación del Plan Director de Vivienda 2018-2020 | Foto: Parlamento Vasco.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur, 2018-2020 Etxebizitzaren Plan Zuzendaria aurkeztu du izen bereko Legebiltzar-batzordean; dokumentuak Euskadin legegintzaldiaren amaiera arte izango den etxebizitza-politikaren filosofia, programak eta konpromisoak jaso ditu. Planak lehenengoz jaso du bere ikuspegian 2015eko Legearen espiritua; planaren helburua da etxebizitzaren funtzio soziala eta herritarrek hura baliatzeko duten eskubide subjektiboa bermatzea, alokairuaren lehentasunezko sustapenaren, birgaitzearen sustapenaren, hiri-berroneratzearen edo etxebizitza hutsak erabiltzearen bidez. Era berean, gizarte-kohesioa eta etxebizitza-politiken eta gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa sustatzeko neurriak planteatzen ditu, bai eta arreta berezia ematea ere gazteen beharrei beren emantzipazio-prozesuan, eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzea, eraikinen irisgarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren bidez. Indarraldiko hiru urtean aurreikusitako konpromiso guztiak aurrera eramateko, Etxebizitzaren Plan Zuzendariak 1.119 milioi euroko aurrekontu bateratua du.

Arriola sailburuak baieztatu du plan handia dela eta hura prestatzeko prozesu parte-hartzailea oso handia izan dela; “planaren funtsezko xedea da zuzenean eta zeharka jardutea etxebizitzaren merkatuan, oro har biztanleriaren egoitza-egoera hobetzeko eta, bereziki, zailtasun gehien dituzten pertsonek etxebizitza batera jotzeko dituzten aukerak areagotzeko eta, horretarako, kolektibo horien etxebizitza-beharretara egokitutako irtenbideak eskaintzea”.

Hori horrela, Planak jomuga duen lehentasunezko kolektibo bat gazteria da, ezagun diren beste neurri batzuekin batera: zuzkidura-bizitokiak sustatzea, Gaztelagun programa berria abian jartzea, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bitartez.

Gaztelagun gazteen alokairu-programa

Gazteek bizitza autonomorako proiektuari ekiteko dauzkaten zailtasun bereziak nabarmendu ditu Arriolak: “Lehenengo, baliabide nahikorik ez dutelako; izan ere, ez dute errenta metaturik, eta, lana dutenean, hura ezegonkorra delako edo ordainsaria nahikoa ez delako. Gainera, enplegua daukaten kasuetan, gizarte-alokairurako aukeratik kanpo gera daitezke, diru-sarreren maila gainditzen dutelako edo familia-kargarik ez dutelako”. Eta esan du ez litzatekeela logikoa izango arazo horri muzin egitea, kontuan hartuta gure gizartearen zahartzeari hura zuzenduko duten familia-politiken bidez irtenbideak bilatzen ari garela.

Gaztelagun 2019ko urtarrilean sartuko da indarrean; 23 urtetik gorako eta 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, errentan duten etxebizitza ohiko eta etengabeko bizitoki dutenei, nahiz eta alokairu-kontratuaren titular gisa ez egon (pisua partekatu daiteke), eta une bakoitzean DSBEa kobratzeko indarrean dauden mugak (7.734 euro urtean) gainditzen dituztenei eta 12.000, 15.000 eta 18.000ko edo gutxiagoko diru-sarreren iturri erregularra dutenei, bizilagun 1, 2 edo 3 diren aintzat hartuta. Tarte hori 20.000 eta 22.000 euro bitartekoa izango da, familia ugari bereziak direnean edo desgaitasun-maila altuak dituzten pertsonetan.

Horretarako, diru-sarreren iturri erregularra dutela ulertuko da beren kontura edo inoren kontura lanean ari direnek, prestakuntza bidean dauden ikertzaileek eta bekadunek, betiere, eskabidea egin eta, gutxienez, aurreko sei hileko antzinatasuneko lan-bizitza egiaztatzerik badute, edo diru-sarreren iturriaren iraupen aurreikusia eskabidea egiten denetik gutxienez sei hilekoa izango dela egiaztatzerik badute.

Alokairu-kontratuaren helburu den etxebizitzaren errentak ezingo ditu hilean 600 euro gainditu, oro har, eta 750 euro Euskadiko hiru hiriburuen eta beren arlo funtzionalen kasuan.<0} Laguntza onuradunak bere ohiko eta etengabeko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindu beharreko hileko errentaren % 50 artekoa izango da. Etxebizitza formalki eratutako bi bizikidetza-unitatek partekatzen dutenean, laguntza alokairuaren % 60 artekoa izango da.

Inolaz ere ezingo du laguntzaren zenbatekoak une bakoitzean etxebizitzaren prestazio ekonomikorako (EPE) ezarrita duen zifra gainditu, kontuan hartuta hura subsidiarioki etxebizitzaren eskubide subjektiboari lotuta dagoela.

Emantzipaziorako laguntza denez, bizitza autonomorako proiektuaren hasieran, gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urteko epez emango da. Laguntza Alokabidek kudeatuko du.

Etxebizitzaren Plan Zuzendariaren ardatz estrategikoak

Etxebizitza Planaren edukia sei ardatz estrategikoren bidez garatzen da:

  1. Etxebizitzen parke publikoa sustatzea, dela berezko sustapenaren bidez, dela Visesa sozietate publikoaren jarduera alokairura berbideratuz, eta, horretarako, udalekin lankidetzan jardutea, eta ekimen pribatua, eta, horretarako, zuzkidura-bizitokien eraikuntza sustatzea, nagusiki gazteentzat eta adinekoentzat, eta gizarte-alokairurako etxebizitza pribatu hutsak erakartzeko Bizigune programaren parkea areagotzea.
  2. Etxebizitza babestuen parkearen kudeaketa eraginkorrean aurrera egitea, bai Sailari berari eta bere sozietateei dagokienez, bai beste eragile batzuei dagokienez, eta etxebizitzaren funtzio soziala ahalik eta gehien bermatzeko ahalegina egitea.
  3. Etxebizitza babestuetara jotzeko esleipen-prozedurak eta eskakizunen berrikuspena hobetzea, etxebizitzarako beharra duten pertsonen profilen eskariari, bereziki lehentasunezko kolektiboenei eta ahulenekoei, erantzun ahal izateko.
  4. Eraikinen mantentzea eta birgaitzea sustatzea eta, horretarako, arreta berezia jartzea eraginkortasun energetikorako eta irisgarritasunerako helburuetan, bai birgaitze integratuan eta hiri-berroneratzean ere.
  5. Etxebizitzaren arloko berrikuntza sustatzea, eskaintza eskarira egokitzeko, eta, horrela, baliabide ekonomiko gutxiago duten edo egoitza-behar bereziak dituzten pertsonei horietara jotzeko aukera ematea.
  6. Etxebizitzaren eremuan diharduten eragileek sarean jardun ahal izateko lankidetza-sareak sortzea, bereziki udalak, eta, horrela, beste politika sektorial batzuekiko koordinazioa eta kudeaketa bultzatzea.

Helburu kuantitatiboak

Duela hiru urte indarrean sartu zenetik, Etxebizitzaren Plan Zuzendariak babes publikoko 6.350 etxebizitza berriren eraikuntza sustatzea, beste 2.000 eraikitzeko egoitza-lurzorua eskuratzea eta alokairu babestuko parkea 7.200 arte –6.400 Bizigune programakoak– areagotzea aurreikusten du. Horren bidez, Etxebizitza Sailak eta udal-etxebizitzen sozietateek eratutako alokairu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzen parkea 22.000 unitatekoa izatea espero da, eta hori, ondorioz, etxebizitza babestuen parke osoaren herena izango da.

Era berean, Planak aurreikusten du etxebizitzarako eskubide subjektiboaren aitorpena 7.000 etxek jasotzea 2020an eta EPOtik EPEra igarotzeko erronka hartzea. Etxebizitzaren prestazio osagarriaren edo etxebizitzaren prestazio ekonomikoaren hartzaile izango diren etxeak, helburuen arabera, 28.750 izango dira, hilean batez beste, Plana indarrean dagoen hiru urtean.

Birgaitzeko atalean, helburu gisa dauden programak sendotzea ezartzen da (Birgaitzeko Renove Plana); horrela, 55.530 etxebizitza izango dira guztira onuradun. Gainera, udal eta toki-erakunde txikiei 420 plan edo obra egiteko laguntza ematea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsala bermatzeko.

Ildo beretik, 2018-2020 aldian 1.300 igogailu jartzea aurreikusten da; horrek aukera emango du 13.000 etxeren irisgarritasun-baldintzak hobetzeko, igogailu horiek daudelako eta arrapalak jarriko direlako eta arkitektura-oztopoak kenduko direlako.

Planaren xedea etxebizitza babestuen parkea ikuskatzen jarraitzea da, haren funtzio soziala bermatzeko, eta, horretarako, urtean, 9.500 etxebizitza berrikustea. Gainera, 2020an Euskoregiten guztira berrikuspen hori egiteko beharra duten higiezinen artean 35.000 EIT egitea aurreikusten da. Halaber, 2020rako, 50.000 alokairu-kontratu erregistratuta izatea aurreikusten da.

Horrez gainera, Planak beste jarduera batzuk ere aurreikusten ditu; horien zenbakizko helburuak xumeagoak dira, baina, hala ere, garrantzitsuak. Besteak beste, nabarmentzekoak dira honako hauek: 100 etxebizitza eta 150 lokal lagatzea hirugarren sektoreko erakundeei, 100 etxebizitza 35 urtetik beherako gazteentzako pisu partekatuen programarako, 100 etxebizitza Housing First programan etxegabetasunaren aurka borrokatzeko, 60 etxebizitza Botere Judizialaren Kontseiluarekin, Eudelekin eta Eusko Jaurlaritzarekin prestatzen ari den Hitzarmen berrituak eta zabalduak aurreikusten duen botatzeen etxe biktimentzako bizitegi-alternatiba eskaintzeko, eta beste 60 etxebizitza genero-indarkeriaren biktimentzat.