Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Urria 2018

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31
Itxi
PSE EUSKADI

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Dokumentuak

partekatu  partekatu

Idoia Mendiaren hitzaldia Gernikako Estatutuaren 38. urteurrenean

PSE-EEren idazkari nagusia Idoia Mendiaren hitzaldia Estatutuaren 38. urteurrenean

Euskal sozialistok Euskadirekin dugun konpromiso historikoa berritu nahi dugu gaur. Demokraziaren, elkartasunaren, eskubide-berdintasunaren, askatasunaren eta autogobernuaren adreiluekin eraikitako Euskadirekin. Azken lau hamarkadetan ertzak hurbildu eta zubiak eraiki dituen eta elkarbizitza konkistatzen hasi den Euskadi. Lau hamarkada hauetan gure esku zegoen guztia eman dugu herrialde hau erakundeetatik eraikitzeko.

Eta uste dugu gaur tarte bat hartu behar dugula gure agenda instituzionalean eta gure erantzukizunak berrikusi behar ditugula, gauden lekuan zergatik gauden jakiteko. Gogorarazi beharra dugu, gaur atzo bezala erantzunkideak garela Euskadiri eragiten dioten erabakiei dagokienez; izan ere, lege-marko bat dugu, baita elkarbizitza-itun bat eta adostutako arau batzuk ere. Estatutu izena du horrek guztiak, eta euskal herritarrek abalatu zuten.

Estatuturik gabe ez genituzke udalak, batzarrak, aldundiak, Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza berreskuratu izango demokraziarako. Estatuturik gabe Euskadik ez luke aurrera egin izango, aitzina egin ez zuen moduan.

Ezinbestekoa da hori gogora ekartzea, eta Katalunian batzuek ahaztu egin dute. Ezinbestekoa da, iraganean Euskadin herrialdearen ikuspegi bakarra inposatzeko saiakera jasan genuen eta. Ezinbestekoa da gogora ekartzea inoiz baino ongizate hobea eta euskaldunontzako aurrerapenik onena lortu ditugula elkarrizketaren, akordioaren, aniztasunaren eta legea errespetatzearen (hura aldatzeko ere bai) aldeko apustua egin dugunean. Eta sozialistok, erantzukizun instituzionalak ditugunok gogoratzen dugu, guk parte hartzen dugunean amildegira daramatzaten erabakirik hartuko ez direla berresteko.

Legearekin eta politikarekin dugun konpromisoa azpimarratu nahi dugu. Ulertzen baitugu legeria dela bermeak ematen dizkigun markoa, ez berriz, politika egitea galarazten duen harresia. 

Horregatik, gero eta ahots gehiagok sozialistok Katalunian defendatzen ari garenarekin bat egitea ospatzen dugu: legearen bidea berreskuratzea, urte hauetan erabili ez den politika-espazioa behingoz ireki dadin.

Legearen barruko hauteskundeetan katalan guztiei ahotsa ematea defendatzen dugu, bide hori izan dadin ezohiko neurriak aplikatzea galarazten duena; eta, batez ere, bide horren bidez, elkarrizketak eta adostasunak hordagoak eta inposizioa ordezka daitezen. Euskaldunok eta katalanek berreskuratu genuen autogobernua hautestontzien bidez hautatuak izan direnek baliatzeko aukera izan behar dute, eta ordezkari horiek autogobernua herritar guztien zerbitzura jarri behar dute.

Olabeagako kai hau eta Bilboko itsasadarra dira, sozialiston arabera, autogobernua izan behar denaren sinboloak. Paisaia ez ezik, gizarte oso bat eraldatzeko gaitasunaren sinboloak. Modernitatera eta kohesiora eramatearenak. Eskubideak eta aurrerapen bateratuaren konkistarenak. Helburu partekatu bat hitzartu bezain pronto, euskaldunok gauzak aldatzeko dugun gaitasun handiarenak, bai eta hori egiteko baliabideenak ere. Ezberdinen artean indarrak batzen ditugunean, bat egiten dugunean, ideia ezberdinak elkartu eta herritarren zerbitzura jartzen ditugunean, sortzen dugun ahalmen handiarenak.

Hori da Euskadik azken lau hamarkadetan bizi izan duen eraldaketa, hain zuzen ere, Bilboko inguru honek hain ongi islatzen duena. Autogobernua intentsitatez eta handinahiez erabili denean posible izan den eraldaketa, guk egin dugun moduan.

Hori da Estatutuaren urteurren berri honek euskal sozialismoarentzako duen zentzua. Urriaren 25a ez da edozein egun gure egutegian, ez du edozein egun izan behar. Izan ere, duela 38 urte, historian lehen aldiz, arabarrek, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek erkidego politiko bakarra osatzeko bozkatu genuen. Gure artean eta Espainiako gainerako herriekin batera proiektu bat partekatzea. Egun horretan gure patuaren arduradunak izatea erabaki genuen, zerbitzu publikoak bermatzeko baliabideak lortzearen eta aurrerapen partekatua eta kohesionatua ahalbidetuko zuten garapen ekonomikoa lortzearen arduradunak izatea ere bai.

2017an, Euskadiko Alderdi Sozialistak 40 urte bete ditu. Nolanahi ere, PSOEk beste edozein alderdi politikok baino denbora gehiago darama lurralde honetan errotuta. Eta lau hamarkada hauetan euskaldunek bozkatu behar zutenean hautetsontzietan beti izan diren indarra izan gara, salbuespenik gabe. Eta beti esan diogu baietz gaur batzuek mespretxatzen duten autonomia horri. Baina guk ez banegioke baiezkoa eman Konstituzioari ez litzateke aukerarik egongo baiezkoa emateko Estatutuari. 

Eta baeizko horiei esker, gaur La Casillan duela 38 urte egindako ospakizun handia oroitzen ari gara. Ramón Rubial lehendakaria eta haren ondorengoa izango zena, Carlos Garaikoetxea, izan ziren protagonista.

Euskaldunek beren etorkizuna beren gain hartzeko eta Espainiarekin proiektu partekatu bat egiteko adierazi zuten nahia ospatzeko hainbat arrazoi zituzten biek, eta hori egin zuten lehenengo aukeran.

Gaur, Estatutuaren urteurrena baino gehiago ospatzen dugu. Gaur EiTBren urteurrena ere ospatzen dugu. Eta Euskararen Legearena. Eta Ertzaintzaren lehenengo promozioarena.

 Estatutua gaur bezalako egun batean onartu zelako, Osakidetzaren urteurrena ere dugu honakoa. Eta Emakunderena. Eta Euskal Eskola Publikoarena. Eta Berdintasunaren Legearena. Eta Lanbiderena. Eta Etxebezitza Legearena… Lege eta lorpen horiek guztiak, Estatutuaren semeak direlako. Euskadin aurrera egin ahal izan badugu, autogobernuari esker izan delako.

Eta gaur, Estatutua dugulako, euskal herritarrak gaixo daudenean osasun-zentrora joan ahal dira, eta gure seme-alabak eskolara. Estatutua dugulako, laguntza behar duenak Gobernua du bere alde, eta langabetuak enplegua aurkitzeko aukerak.

Hori guztia posible da, orain dela hogeita hemezortzi urte, euskal gizarteak bide berri bat ireki zuelako. Eta desberdinen artean ibiltzea adostu zuelako. 

Sozialistok 1979an erronkak identifikatzeko, beldurrak gainditzeko eta, sableen zarataren eta terrorismoaren itzal beldurgarriaren erdian oraindik, konfiantzak sortzeko gai izan zirenak aldarrikatu nahi ditugu.

Belaunaldi horiek 40 urtez gozatzen ari garen aurrerapen-espazio hori lortzeko gai izan bazen, gure erantzukizuna da gure ondorengoei oinarri beretan finkatutako aukera berriez osatutako espazio bat uztea. Ezin diegu porrotik utzi, itxaropena baizik.

Elkarbizitza-ituna eguneratu behar dugun une honetan, euskal sozialistok gerra baten erdian Euskadi eraikitzen hasi zirenen lekukoa hartu dugu.

Nazionalistena, sozialistena, komunistena eta errepublikarrena. Horregatik zaigu hain zaila ulertzea borroka horretan parte hartu zutenek uko egitea gaurko eguna oroitzeari.

Klandestinitatea, kartzela eta terrorismoa jasan zutenak konkista horrek zenbat harrotzen dituen dakigu eta. 

Euskadi indartsuago egin izanaren harrotasuna, horren bidez, euskaldunak indartsuago egin ditugula badakigu eta. Nazionalistentzako eta ez-nazionalistentzako lekua dagoen herrialde bat elkarrekin aurrera eramateko aukera eman duten akordio guztietan parte hartu izateak ematen digun harrotasuna. Askatasuna lortzeko ezinbesteko ekintza izan dela jakitearen harrotasun ikaragarria.

Sozialistok mami horren ondorengo sentitzen dugu geure burua. Aguirre, Rubial eta Patxi Lópezen gobernuen ondorengoak. Elkartasuna, gizarte-justizia, demokrazia eta askatasuna eraiki dituzten itun horien guztien ondorengoak. Guztiontzako gobernuenak. Guztiontzako akordioenak. 

Denontzako Gobernua. Denontzako akordioak. Horixe da gure xedea.

Ez gatoz bat gauzak dauden bezala utzi nahi dituztenekin. Ezta guztia apurtu nahi dutenekin ere. Biek noranzko berean arraun egiten dutelako: sistema deszentralizatu baten aurka. Aukerak eta eskubideak bermatzen dituen sistemaren aurka.

Sozialistok Konstituzioa eta Estatutua erreformatu nahi ditugu. Baina ez abertzaleak asetzeko, herria modernizatzeko, baizik. Gure gizartearen barne-aniztasuna indartzeko.

Sozialiston herri-eredua pluraltasunean oinarritzen da. Pluraltasun hori delako egonkortasunaren eta ongizatearen bermea. Ezin delako etorkizuna eraiki, gizarte erdiaren aurka.

Horregatik, euskal sozialistok herrialde honenganako konpromiso historikoa berritu nahi dugu. Eraiki genuen iragana etorkizunean ondorengoei utzi beharreko ispilua dela aldarrikatu nahi dugu.

 Eta etorkizunean, nortasun ezberdineko euskaldunon arteko itun hirukoitza eguneratu beharra dago, hiru lurraldeen eta beren ezaugarrien artekoa, bai eta euskaldunen eta gainerako espainiarren arteko elkarbizitza komuneko proiektua ere.

Errealitate sozial, ekonomiko eta europar berrietara egokitu nahi dugu honako hauek gure gain hartzeko nahia: osasun-sistema, hezkuntza-sistema, gizarte-babeseko sistema, ekonomia suspertzeko politikak, enplegu-eragitea eta zerga-sistema. 

Akordio hori berritu nahi dugu inor atzean geratu ez dadin, euskaldunok eskubide eta eginkizun berak izan ditzagun, alde batera utzita bakoitzaren pentsamenduak edo sentimenduak.

 Horregatik, euskal sozialismoa prest dago lidergo hori bere gain hartzeko Euskadin, beste batzuek uko egin diotena: proiektu partekatu eta solidario batean inplikatzeko, gure berezitasunak bermatzen dituena, uko egin nahi ez diogun Europako testuinguruan abalatzen dituena eta aukera ematen duena, dagoeneko aitortuak izan diren eta oraindik hobetu daitezkeen gure eskumenak betez, aurrera doan eta kohesionatuta dagoen komunitate bat garatzeko.

 Euskal sozialismoa prest dago aitzakiarik ez bilatzeko, gaur egungo Estatutua erabat betetzea eta gure autogobernua eguneratzea oztopatzen dutenik; hori bai, indarrean den ordenamendu juridikoaren barruan. Prest gaude gure patuaren gaineko erantzukizunak gure gain hartzeko, baina ez dugu onartuko herritarrak segurtasunik ezara eta gatazkara eramatea. Euskadin historia errepikatzea ez dugu onartuko.

 38 urteren buruan, askatasuna konkistatu eta gero, ez gara honaino iritsi elkarbizitzaren aldeko apustua pikutara bidaltzeko.

 Euskal sozialismoa prest dago gure autogobernua hobetzeko beharra Espainia eta Europa osoarekin batera partekatutako proiektu bat egiteko nahiaren bidetik egikaritzeko.

 Prest gaude berdintasun-, elkartasun eta aitorpen-printzipioei jarraikiz egiteko, bai eta berezitasunak, Espainiarenak eta Euskadirenak, aitortzeko ere. Eta prest gaude herritar bat ere ez dadila behartuta sentitu bere sentimenduak erabakitzeari dagokionez, ez eta batzuk baztertzeari eta beste batzuk onartzeari dagokionez ere. Inork ez du gainerakoek baino eskubide gutxiago izan behar haren jatorriagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo nortasunagatik.

 Horregatik, pil-pilean ditugun eztabaiden aurrean, ez gara esentzialismoan geratuko. Izan ere, funtsak, egi absolutuak, zuria edo beltza, bai edo ez, gu edo zuek, horrek guztiak abizen argiak ditu. Brexit, Trump... izena dute, ultraeskuina izena dute, ongizate-Europa izan zen horretan era larrian aurrera egiten ari dena. Halaber, hordago sezesionista izena dute, herritarrak banatzen dituztenak.

Oinarriek funtsezko gauzak ahazten dituzte: enplegua, soldata duinak, emakume askeak, osasun eta hezkuntza publikoak, elkartasuna eta berdintasuna. Sozialistok arduratuko gara funtsezkoaz. 

Herrialdeari akordio bat proposatuko diogu, gaurkoa bezalakoa, euskaldunok handi egin diguna bezalakoa.

Euskadik inoiz bizi izan duen aurrerapen-aro handienaren eragilea, Estatututik eratorritako tresnak ezagutzen dugun kausarik zintzoena: eskubide sozialak, herritarren duintasuna, askatasuna eta justizia. XIX. mendean jaio zenetik, Alderdi Sozialistaren DNAn daudenak, eta XXI. mendean mantentzen ditugunak. Hurrengo belaunaldiek oinordetzan har ditzatela nahi dugunak. 

Sozialistok oraindik sinesten dugun herrialde-akordioan daudenak.

Horretan lan egiten jarraitzen dugu. Autogobernua erantzukizun-, elkartasun- eta elkarbizitza-itun gisa hartzen dituen akordioan, eta herritarren benetako arazoei arreta emateko tresnak eskaintzen dituenean. Hori da Estatutua orain. Eta hori izan behar du edozein eguneraketak: lege-prozedurei jarraikiz, 36an eta 79an gertatu bezala, elkartasuna eta erantzukizuna erabiltzen jarraitzeko aukera ematen digun ituna.

 

Urriaren 25ean, iragana aldarrikatzen dugu etorkizuna irabazteko. Euskal sozialismoak estatutu-itun berri bat proposatzen du, gure elkartasun-itunaren berrikuntza gisa ulertuta; terrorismoaz askatu garen eta duela lau hamarkada beren burua baztertu zituzten horiek eta belaunaldi berriak integratzeko nahia dagoen une honetan.

Guk konstituzioa erreformatzeko alde handiagoa izan nahiko genuke zentzu federalean, eskubide gehiago garatze aldera eskumen gehiago izateko. Baina Euskadiko gainerako alderdiek beste zerbait nahi dute.

Legebiltzarreko gehiengoak erabaki du aurrera egitea erreforma horri itxaron gabe. 

Bada: gu zeregin horretan inplikatuko gara, baina gehiengo horri gogorarazi nahi diogu adostu genituen mugak gaur egungo Konstituzioan daudela. Beraz, konstituzioa eztabaidatzeari uko egite hori batzuen aitzakia ez izatea espero dugu, hain zuzen, etengabe kexatzen eta aldarrikatzen aritu nahi direnen aitzakia akordiorik ez egiteko. Guk ez dugu nahi hori.

Euskal sozialismoaren nahia da euskaldunok legearen barruan egin ahal izatea elkarbizitza-akordio berri bat, indarrean dagoenaren adostasun-maila bera edo handiagoa duena, gure autogobernua Espainia anitza eta Europa batu baten barruan indartuko duena, eta indarrean den legeriarekin bat eginez izapidetuko dena.

Sozialistok ez dugu beste edozertan parterik hartuko, iraganean bezala. Lortu nahi dugun Euskadi bandera eta himno bat baino gehiago da.

Gure bizitzak hemen eraikitzea erabaki dugun guztioi hartzen gaituen Euskadi, alde batera utzita pentsatzen duguna. Duintasunez erabaki dezakegu Euskadi hori. Hobetu eta eraldatu beharreko Euskadi, herritarren duintasunaren zerbitzura jartzeko autogobernu-tresna indartsuagoekin; banantzeko proposamenak elkartasun-proiektuekin gainditzen dituen Euskadi.

Eta guk bat egin nahi dugu autogobernua ituna eta erantzukizuna dela sinesten dutenekin, ezberdinen arteko akordio hori eskubide eta aukera berriak ekarriko dituela uste dutenekin, hobeto elkar bizitzearen aldeko apustua egiten dutenekin, euskalduna izatearen era ezberdinak elkartzeko zubiak eraikitzen dutenekin. Hori guzti Euskadik behar duen eraldaketa berriaren eragilea dela uste dutenekin.

Hori da euskal sozialismoak gaur, urriak 25, berritu duen zeregina eta erantzukizuna.

Hemen zergatik gauden gogora ekarriz, zer lortu dugun. Eta jakin behar dugu gure esku dagoela ondorengo belaunaldiei elkarbizitza errotuta uztea.

 

 

 

Bilbo, 2017ko urriaren 25a